Aurelia Murillo. Mezkirizko organo jotzailea

«Organoa jotzen, zorion betean sentitu izan naiz»

Bere kasa ikasi zuen organoa jotzen, eta elizkizunak «edertzen» laguntzen du Mezkiritzen, duela 60 urtetik. Burua ongi duen bitartean jarraitzeko gogoz dela dio, nahiz eta lekukoa pasatzeko prest dagoen.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Mezkiritz
2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Etxetik atera, lorez apainduriko eskailerak banan-banan jaitsi, eta elizarako bidea hartu du Aurelia Murillok (Erro, Nafarroa, 1932). Mezkiritzen bizi da (Nafarroa), eta herriko organo jotzailea da. Elizako atarian ohiko geldialditxoa egin du horretarako han utzi duen aulkian. Indarrak hartuta, barrura sartu da. Hutsik dago. Aldarearen ondoan dagoen organoa entxufatu eta Franz Schuberten Ave Maria jotzeari ekin dio. Ahapeka kantatzen du jotzen duen bitartean, eta aurpegian sumatzen zaio beste mundu batera eramaten duela musikak. 60 urte dira organo hori jotzen hasi zela, eta, orduz geroztik, ez ditu behatzak gelditu. Atzera begira paratu da, organoa jotzen noiz eta nola ikasi zuen azaltzeko, baita bere bizitzari buruzko zenbait konturi buruz aritzeko ere.

Noiz etorri zinen Mezkiritzera bizitzera?

1958an. Nire senarra nekazaria eta abeltzaina zen, eta etxeko aziendarekin jarraitzea zen bere patua. Hemen, etxean, lana zuenez, etorri ginen. Orduan emakumeok asko laguntzen genuen lanetan: udan belarretan, gero behiak jezten, patatak biltzen...

Biek egiten zenuten lan, beraz?

Bai, bai. Nire aita-amaginarrebak zorrotz-zorrotzak ziren, eta landara bidaltzen ninduten.

Landa lana gogorra zen?

Dena eskuz egiten genuen, 1958an ez baitzen industria oso garaturik. Belarra itzultzea, jasotzea, gurdian biltzea... Dena indarrez egin behar zen. Garbiketa ere bai, eskuz egiten baikenuen.

Gero aldatu zen egoera?

1960ko hamarkadan Magnesitas fabrika ireki zuten Zubirin, eta asko joan ziren hara lanera, etxeko lana utzita. Mendian ere lana gutxitu zen motozerrak agertzearekin batera. Guk aldaketak egin behar izan genituen, eta animaliak etxetik atera. Behientzako nabea egin genuen, biltegia belarrarentzat... Batzuek ez zuten inbertsiorik egin nahi. Egia da gure etxea indartsua zela; bagenituen dozena bat behi, 120-140 buruko artaldea, behorrak, txerriak, oiloak... Orain garai txarrak dira abeltzainentzat; saltzen dutenaren gainetik ari dira ekoizten asko.

Nondik heldu zaizu musikarekiko pasioa? Nola hasi zinen?

Erron medikuaren emazteak jotzen zuen harmoniuma ni txikia nintzenean. Maiz joaten nintzen elizkizunetara, eta beti paratzen nintzen haren ondoan. Apaizak irakatsitako kantak abesten genituen haren laguntzarekin. Familia hori Gipuzkoara joan zen bizitzera. Organorik gabeko elizkizunak oso tristeak iruditzen zitzaizkidan, eta pentsatu nuen nik ikasi nezakeela. Beste neska batek eta biok esan genion apaizari, eta hark erantzun zigun ezkerreko eskuarentzat fa klabea ikasi behar genuela. Hori zer zen ere ez genekien.

Nola izan zen hasiera?

Ikasten hasi nintzen. Lehenbizi Salve Regina, gregorianoa: Salve regina [kantatzen hasi da]. Hilabete baten buruan atera nuen. Igande arratsaldeetan bezperak egiten ziren elizan, eta bukaeran salbea kantatzen zen. Hasi nintzen: do-mi-sol-la-sol. Hasi ziren kantatzen, baina ni nahasi egin nintzen, eta eskuak teklatutik kendu nituen berehala. Hura lotsa! Bobeda gainera erori izan balitzait, kontent. Haiek kantuan jarraitu zuten.

Hala ere, jarraitzea erabaki zenuen, ezta?

Adorea nuen, 20 urte nituen, eta jarraitzea erabaki nuen. Ez nituen sekula berriro kendu eskuak teklatutik. Eguberrietarako Angelis meza atera nuen, gregorianoa: Et in térra pax homínibus [kantatu du]. Kontent nintzen, ikasten ari nintzelako. Apaizak kantuak ekartzen zizkigun, eta nik ikasi.

Musika bazenekien organoa jotzen hasi aurretik?

Bai, batxilergoko laugarren maila arte solfeoa ikasi nuen, baina fa klabea ez. Iruñean egin nuen azken ikasturtea, baina han ezin nuen; Eguberrietarako etxera itzuli nintzen. Beraz, etxean geratu nintzen. Etxean bazen lanik, beraz, ni kontent. Gainera, organoarena atera zitzaidanean, ama kontent zen, eta goizetan organoa ikastera joaten uzten zidan.

Irakaslerik gabe ikasi zenuen?

Apaizari zer edo zer galdetzen nion, baina hark ere ez zekien askorik. Autodidakta izan nintzen. Kantaria izan nintzen aurretik, eta horrek asko lagundu zidan, kantak banekizkielako. Gerora, Orreagako organo jotzaileak esan izan zidan: «Organo jotzailea zara goitik behera».

Zer jotzen duzu?

Louis Raffyren hiru liburu ditut, eta hor ageri diren obren artean politenak eta eskuragarrienak iruditzen zaizkidanak hartzen ditut. Batzuek lan handia dute, eta ez dira politak. Horrela, 60 pieza ikasi ditut, eta aldizkatzen ditut: Schubert, Bach, Mozart, Beethoven, Mendelssohn... eta ezezagunak diren beste autore batzuen pieza eder batzuk ere bai.

Mezkiritzera etorri zinenean, organoarekin jarraitzea erabaki zenuen?

Familian zoritxar bat izan genuen; nire koinata hil egin zen, modu tragiko batean, eta jotzeari utzi nion. 1961ean apaiz bat etorri zen Errora; jakin zuen banekiela organoa jotzen, eta jotzeko eskatu zidan. Beraz, duela 60 urte hasi nintzen berriz, eta, orduz geroztik, ez dut utzi. Hemendik 15-20 apaiz pasako ziren, eta nik jarraitu dut. Oraingoak ez dit kontsakrazioan jotzen uzten; esaten du hori dela agindua.

Lehen posible zen?

Bai; kontsakraziorako obra zehatzak dira. Partituran paratzen du Jasotzea.

Zer ekarpen egiten dio organoak elizkizunari?

Edertzen du erabat. Melodia horiek ikasten dituzunean, oso sakonak dira, otoitz baten modukoak dira. Ni zoriontasun betean sentitu izan naiz une horietan. Bai, hala da, hori sentitu dut. Orain, audifonoekin... ez dira nire belarriak. Lehen gehiago gozatzen nuen, musika hobe sumatzen nuen. Audifonoek pixka bat distortsionatzen dute musikaren edertasuna. Hala ere, nire lana egiten dut.

Etxean entseatzen duzu?

Bai; gaur goizean ordu erdiz aritu naiz etxeko organotxoan, eta arratsaldean egingo diot tarte bat ere. Irmotasuna dut, indarra: zerbait egin behar badut, egiten dut.

Beti hala izan dela dirudi.

Bai. Begira, gazteago nintzenean, 50 urterekin, goiz joaten nintzen elizara. Orreagako organo jotzaileak eman zidan giltza, eta goizeko zazpietan joaten nintzen neguan, argitu gaberik, eta ordu erdiz entseatzen nuen. Hainbeste gogobetetzen ninduen horrek, egun osorako kontent nintzen. Etxean soilik senarra ohartzen zen, gainerakoak lo ziren, baina hari ongi iruditzen zitzaion; beti esaten zidan entseatzera joateko.

Orduz geroztik, herria asko aldatu da?

Bai, noski. Elizara joaten den jende kopurua ikaragarri jaitsi da. Erron zein Mezkiritzen lepo beteriko elizatan jo izan dut; orain, dozena bat lagun gara. Herritar gutxiago gara, bai, baina gazteak ez dira mezara etortzen. Kantarien artean, nire alaba da gazteena, eta 54 urte ditu. Ez dakit zergatik, baina bazter geratu da meza. Uste dut zahar batzuk hemen ez gaudenean, eliza itxi beharko dutela. Larrasoañan itxi zuten, koronabirusaren kontuarekin inor ez baitzen mezara joaten.

Organoa soilik elizan jotzen duzu edo kanpoan ere bai?

Bai, bai, nik beti elizan. Emakume fededunen talde bat dut nirekin batera kantatzen duena. Sei etorri ohi dira, eta ni, laguntzaile, organoarekin.

Zure gurasoak euskaldunak ziren? Txikitan ikasi zenuen zerbait ere euskaraz?

Nire aita euskalduna zen, abertzalea, eta gerran seinalatu zuten. Ama Arrietakoa zen, eta hitz egiteko gai zen, baina haien artean gaztelaniaz aritzen ziren, eta guri ere gaztelaniaz egin ziguten. Esnatzerakoan nik esaten nuen: «Cuánta nieve!» eta aitak esaten zuen: «Zenbat elur!». Ondoren galdetzen zidan: «[Eg]in duzu lo?». Eta guk: «Bai, bai».

Herrian bizi zen egoerarengatik ez zizueten irakatsi?

Eragina izanen zuelakoan nago. Gerraren aurretik EAJk besta ederrak antolatzen zituen, eta haur euskaldunak saritzen zituen. Altxamenduarekin dena moztu zen. Nire aita hil nahi izan zuten, baina arotza bere alde agertu zen. Sufrituko zuen gizonak. Aitatxirekin [aitaren aitarekin] dena euskaraz egiten zuen, baina nik 13 urte nituela hil zen, eta geroztik ez zen euskararik aditu etxean. Nire arreba zaharrenak gehiagotan aditu zituen, eta esaten zuen dena ulertzeko gai zela. Ni ez. Orain nire alabek haien artean euskaraz egiten dutenean, badakit nondik nora doazen, baina ez ditut ulertzen.

Hurrengo belaunaldiak ikasi du euskaraz, beraz?

Bai, haiek euskara gerora ikasi dute, eta haien seme-alabak ere euskaldunak dira. Niri pena ematen dit ez zidatela inoiz euskaraz egin gurasoek. Liburu batekin ikasten saiatu nintzen, zerbait ere ikasi nuen, baina hizkuntza bat hitz egiten ikasten da, eta ez nuen norekin aritu.

Orain Erroko eskolan euskaraz ikasten dute haurrek.

Eta Garraldan ere bai. Nire seme-alabek hori izan balute! Gero lana hartu behar izan zuten ikasteko. Haien artean euskaraz aritzen dira beti, eta nik ez diet inoiz esaten ez dudanik ulertzen. Ez, ez, ez. Euskaraz egin dezaten uzten diet, asko pozten nau horrek. Nik izan ez dudana, izan dezatela haiek.

Gerra eta horren ondoa nola bizi izan zenuen?

Erron ezin genuen ogirik egin. Errotak itxi zituzten, beraz, errotariak garia ezkutuan ehotzen zuen. Errazionatzearen ondorioz, egunero 200 gramo hartzen ahal genituen, eta ogi buruhandi bat eta beste bat erosi. Gauez dendariak ogi gehiago saltzen zigun, baina estraperlokoa zenez, garestiago.

Mugatik gertu bizita, pentsatzekoa da ohikoa zela kontrabandoa inguru hauetan. Hala izan zen?

Bai, horretan ari zela hil zen gure koinata. Oso ohikoa zen kontrabandoa; herriko gizonak gauez pasatzen ziren. Ez denak, baina ahal zutenak bai. Oso gogorra zen lan hori: gauez bideak ez dira ongi ikusten, oso malkartsuak dira, eta paketeak asko pisatzen zuen. Pakete batekin agian 3.000 pezeta ere irabaz zenezakeen; beraz, astean pare bat bidaia egiteko aukera zuenak dezente atera zezakeen. Horregatik hartzen zuten arriskua.

Aurrerantzean organoa jotzeko asmoari eutsiko diozu, edo erretiroa hartzeko asmoa duzu?

Jarraituko dut, bai. Burua ongi dudan bitartean, jotzen jarraituko dut, asko gogobetetzen nauelako honek. Egia da kezka eta urduritasun puntu bat ere badudala jo behar dudan bakoitzean, baina hori publikoaren aurrean egiten duzun edozer gauzarekin gertatzen da. Nire semeak esaten dit ez nagoela sobera ongi, baina nik baietz esaten diot: hemendik [etxetik] hara [elizara] joan naiteke. Zaletasuna gailentzen da. Baina, tira, ikusiko banu organo jotzaile bat hau egiteko prest dagoela, bada, tokia utziko nioke; ni kontent naiz organoarekin eman ditudan urte guzien ondotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.