Albistea entzun

HERTZAK

Bizi bedi

Mikel Zumeta -

2022ko ekainak 5

Gasteizera egingo dugu bidea aste honetan. Hain zuzen ere, hango irrati libre ezagunenaz jardungo naiz: Hala Bedi irratiaz, justuki. Hala Bedi irratiak datorren urteko abuztuan berrogei urte beteko ditu dagoeneko. Erreferentea izan da Gasteizko irratia, eta urte luzeetan zehar saio ugari izan ditu. Irratiaren web atarian murgilduz gero, askotariko saioak topa daitezke: egun oraindik burutzen direnak zein dagoeneko tamalez jarraipenik ez dutenak.

Zaila da saio bati jarraipena ematea, denboran zehar mantentzea, antolatzea, adostea, ekoiztea. Sormen lana, lana da. Irrati libreak eta irratigintzak berebiziko aukerak eskaintzen ditu sormenerako, eta formatu aproposa da edukiak lantzeko. Eduki hitzaz ari naizela ez diot edukia plataformetan ulertzen den adieraz, baizik eta mami edo ganorazko muinaz, zeraz, azaldu nahi den hortaz pulamentuz jarduteko aukeraz. Irratiak azalpenari ematen diolako agertokia, hitzari, solasaldiari. Irratiak azalpenari, hau da, narrazioari, edo egunotan bogan jarri den norbanakoaren «errelatoa» azaltzeari parada ematen dio. Irudi ezak entzumenean tema gaitezen eskatuko baitigu: hitzetan, esanahietan, edukietan.

Hala Bedi irratian, ausaz, Suelta la olla magazina topatu nuen. Esteka baten bitartez heldu zen nigana. Sakatu, eta ezin interesgarriagoa iruditu zitzaidan saioa. Sentsibilitatez lantzen dituzte gizarte arloko gai ugari; emeki, zinemaz mintzatuko zaizkigu, eta lan eskubideez eta negoziazio kolektiboaz, osasun mentalaz, drogen erabileraz, besteak beste. Suelta la olla hiru ordu inguruko saioa da, freskoa, muinera doana eta espiritu kritikoa sustatzeko asmoa duena. Magazinak dagoeneko hogei urte ditu, eta astelehenetik ostiralera goizero entzun daiteke Hala Bedi irratian eta Bilboko 97 Fm irratietan. Bestela ere, sarean estekak entzungai topa daitezke bai plataforma desberdinetan, bai eta haien web orrian ere.

Gasteizko irratiak kultura, magazinak, musika eta gizarte arloen artean aukeratzen utziko digu eduki frankoren itsasoan. Adibidez, dagoeneko desagertutako Poeta madarikatuak saioa, poesia eta literaturaren inguruko saio dezente interesgarria. Beraz, badakizue, badago Gasteizen irrati libre bat, Hala Bedi; bada, entzun dezagun, luzaroan bizi bedi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Inauterien aurrekari gisa, kaldereroak atera ziren atzo Donostiako hainbat auzotan. Grosen, zartaginari joka aritu ziren makina bat lagun. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Zorion kalderero denoi

Urtzi Urkizu

Santa Ageda bezperarekin bat egin dute Donostiako kaldereroek. Grosen urte asko daramatzaten kaldereroak eta hasiberriak aritu dira zartaginari jo eta jo, musikaren erritmoan.
 ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

«Garbitzailea ezinbestekoa da ospitale batek ondo funtzionatu dezan»

Unai Etxenausia

Urte luzeak eman zituen Lorenzok Gasteizko Santiago ospitaleko gela guztiak garbitzen. «Lan gogorra» izan arren, goxo oroitzen ditu korridore horietan bere lankideekin batera pasatutako orduak eta haiengandik jasotako tratua.
Alina eta Sasha, <em>A House Made of Splinters</em> dokumentaleko haurretako bi. ©FILMIN

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.