Bidea ospatzeko ordua

Hiru Erregeen Mahaia mendira igo ondoren, Urmugako ibiltariak amaierara iritsi dira: Izabara. Zeharkaldiaren bukaera ospatzeko jaia egin dute han. Arduradunek ziurtatu dute jendeak ongi erantzun duela eta esperientzia «borobila» izan dela.

Ibiltariak. Hemeretzi etapa egin dituzte Izabara iritsi arte. URMUGA.
Ane Eslava.
Izaba
2021eko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Gaiteroak abesti bat jotzen ari dira, lagun taldeak solasean, eta umeak jolasean; baina ahots bat denen gainetik entzun da: «Egin dezagun topa Urmugarengatik!». Eta jarraian, txin-txin, kopen talka. Festa eguna dute Izaban (Nafarroa): helmugara iritsita erronka erdietsi izana ospatzekoa. Neke aurpegiren bat ikusten da, baina jai giroa eta poza dira nagusi.

Atzo bukatu zuten Urmuga ibilbidea, eta egun osoko festa berezia egin zuten. Urmuga, izatez, Euskal Herri osoa zeharkatzen duen ertza da: Gorobel mendilerrotik Hiru Erregeen Mahairaino. Naturaren zentzuari jarraituz, Urmuga egitasmoak Euskal Herria mendebaldetik ekialdera josi du, mendizaletasuna eta musika uztartuz. Parte hartzaileek 380 kilometro gurutzatu dituzte hemeretzi egunetan; eguzkipean, laino artean eta euri tanten azpian.

Behin bukatuta, Felipe Uriarte antolakuntzako kidea pozik mintzatu da: «Jende zoragarria etorri da, jende gaztea; horrek ematen dio zentzua Urmugari. Zorte handia izan dugu, gainera: tirita bat ere ez dugu jarri behar izan». Uriarterekin dauden Orioko (Gipuzkoa) Maxe Zinkunegi eta Bergarako (Gipuzkoa) Maialen Goenaga gaztetxoak bizipena errepikatzeko gogoz iritsi dira: «Ongi sentitu gara; libre».

Hemeretzi etaparen ondoren, ibiltariek Euskal Herriko sabaia izan dute azken erronka: Hiru Erregeen Mahaia (2.444 metro). Eguraldi hotza izan dute, baina arazorik gabe iritsi dira tontorrera. Ondoren, sabela betetzeko eta dantza eta kanta egiteko gogoz jaitsi dira.

Peru Arrasate Urmugako kidea ez da mendira igo: herrian gelditu da, dena aurreikusitako moduan joan dadin. Kontent dago egitasmoak izan duen erantzunarekin. Haren hitzetan, Urmugak beste ekinbide batzuek ez dituzten berezitasunak ditu: «Kontzertuak mendi eremuetan dira: hori ez du beste inork eskaintzen. Mendiaren mistizismoa musikarekin elkartzen denean, giro berezia sortzen da. Hori da Urmuga». Haren azalpenak Mikel Garaizabalen hitzekin nahasi dira: enologoa euskal sagardoen eta Eusko Label gazten dastatzea gidatzen ari da Pax Avant plazan.

«Euskal Herriko hiru gaztarekin eta lau sagardorekin egingo dugu ibilbidea», iragarri du mikrofonotik. Parte hartzaileak aulkietan eserita daude, adi. Sagardoak Bereziartua, Zelaia, Isastegi eta Musker dira; gaztak, berriz, Saroi, Latxa Urdina eta Erronkari jatorri izendapenekoa; probatu ondoren ziurtatu dutenez, «oso jaki gozoak». Ez da Urmugan antolatu duten lehen dastaketa: ibilbideko hainbat geldiunetan egin dituzte halakoak.

Plazaren pareko pilotalekuaren kanpoaldetik txistor usaina heltzen da. Lagun taldeak eta familiak mahaietan eserita daude, bazkaltzen. Txomin Parrilla jaki postuko ilara gero eta luzeagoa da. Frontoi barruan, berriz, dozena inguru artisau beren produktuak saltzeko mahaiak jartzen ari dira.

Jendez beteta dago herriko erdigunea. Aitor Perez bizilagunak azaldu duenez, urteko sasoi honetan giroa egon ohi da Izaban, baina Urmugaren amaierak jende asko erakarri du. «Jendea gogotsu dago mugitzeko, kontzertuetara joateko...».

Hain zuzen ere, zeharkaldiak iraun duen egunetan askotariko kontzertuez gozatzeko aukera izan da. 30 musikari inguruk parte hartu dute; besteak beste, Gorka Urbizu, Olatz Salvador, Idoia Asurmendi, Dupla, Nogen, Anari, Chill Mafia eta Niko Etxart aritu dira. Et Incarnatus orkestrak jantzi ditu haien kantuak.

Hamabost musikarik osatzen dute Et Incarnatus orkestra, eta haietako bat da Maddi Arana biolinista. Nekatuta iritsi da amaierara, zortzi tokitan jo ondoren: Abadiño (Bizkaia), Dima (Bizkaia), Oñati (Gipuzkoa), Baigorri (Nafarroa Beherea), Andoain (Gipuzkoa), Erremendia (Nafarroa), Aizpearro eremua (Nafarroa) eta Zegama (Gipuzkoa). «Gogorra izan da: oinez joan behar genuen emanaldien eremuetaraino, musika tresnak garraiatzen, eta kontzertuak luzeak izaten ziren, bi ordu ingurukoak; ez gaude ohituta erritmo horretara », adierazi du. Hala ere, merezi izan duela ziurtatu du: «Miresten dituzun musikariekin mendian jotzean, magia sortzen da. Eta horrek konpentsatu egiten ditu nekea eta deserosotasuna».

Musikariaren aldamenean dago Maria Agirre Urmugako koordinatzailea. Haren irudiko, kontzertuetan egungo euskal musikaren ordezkaritza zabala osatzea lortu dute. Musika eskaintzarekin, herritarrak eta musikariak Euskal Herrian zehar mugitzera bultzatu nahi zituzten, eta uste du helburua lortu dutela: «Jaialdiak aurrera egin ahala, oihartzuna gero handiagoa izan da, eta Izabara, adibidez, bertakoa ez den jende asko etorri da».

Agirrek hitz egiten duen bitartean, haizezko musika tresnak aditzen dira. Azkeneko egunean ezin baita falta musika: goiza gaiteroek eta txistulariek alaitu dute, eta eguerdian Jarauta 69 txaranga iruindarra heldu da; eta, harekin batera, festa giroa. Ibil Bedi talde nafarrak jarri dio puntua egunari.

Funtsean, «gustura egoteko eta bizipenak konpartitzeko» egun bat izan da; hala laburbildu du Arrasatek. «Ospatzeko egun bat». Aurreragorako utzi dute balorazio zehatzagoa; baina, Uriartek ziurtatu duenez, baikorra izango da. «Zeharkaldia bikaina izan da; borobila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.