Nekane Ibarguren. Arropa saltzailea

«Hiru urtez gaizki pasatzen egoteko, denda itxi eta etxera noa»

JUNE ROMATET IBARGUREN.
June Romatet Ibarguren.
Errenteria
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Nekane Ibarguren Errenteriako Kabul arropa dendaren jabeari (1959, Zaldibia, Gipuzkoa) hiru urte falta zaizkio erretiratzeko, eta Ticket Bai ezartzeko egin beharreko inbertsioak haserretu egin du.

Nola egiten duzu lana eta tiketak gaur egun?

Kutxa erregistratzailea erabiltzen dut; tiketa egin, eta bezeroari ematen diot. Gero, bezeroak normalean txartelarekin ordaintzen dit; beraz, datafonoa erabiltzen dut, eta dena erregistratuta uzten dut, Ticket Bai-k egingo duen lana eginez.

Badakizu zer den Ticket Bai? Ogasunak informazioa eman dizu?

Bai, badakit zer den. Ogasunak esan zigun jarri egin behar genuela, eta zer material erosi behar genuen. Baina ez genuen informazio gehiago jaso. Horren aurrean, herriko denda batzuk elkartu egin gara, eta informazioa bilatzen saiatu gara, baina kanpotik ez dugu ia ezer jaso.

Zer jarri behar duzu Ticket Bai dendan jartzeko?

Ordenagailu bat, Interneterako konexioa, datafonoa eta Ticket Bai programa berria behar ditut. Dendan ez dut ia ezer; beraz, datafonoa ezik dena erosi beharko dut. Gainera, ikastaro bat ere egin beharko dut ordenagailua eta Interneta ulertzeko. Denbora eta inbertsio handia da, eta nire adinarekin eta erretiratzeko hain gutxi falta zaidala, ezin dut inbertsioa egin.

Pentsatu duzu programa dendan ezartzea?

Ez dut planteatu ere egin geratzen zaizkidan urteak kontuan hartuz. Gainera, atzo diputaziora deitzen aritu nintzen hainbat duda nituelako. Hiru aldiz deitu ondoren eta zazpi departamenturekin hitz egin ondoren, inork ez zidan ezer argitu. Haiek sortu dute arazoa, eta ez dituzte erantzunak.

Zer iritzi duzu Ticket Bai-az?

Ez dut beharrezkoa ikusten; erabat kontrolatuta gaude jadanik: argiaren erabilerarekin badakite zenbat denbora egoten garen dendan; egiten ditudan erosketak kontrolatuta daude, eta saldutakoa datafono bidez kontrolatzen da; kontrol gehiago behar dute? Urte gutxi geratzen zaizkien dendei utziko nieke Ticket Bai ez jartzen, ez delako posible horrelako inbertsioa egitea; hilabete batzuetan ez duzu soldatarik izaten. Beldurra ematen du aurrera aterako ote naizen pentsatzeak; badakit gaizki pasatuko dudala. Hau denda txikientzat azken iltzea izan da; honekin denda txikiak galtzea lortuko dute. Hiru urtez gaizki pasatzen egoteko, denda itxi eta etxera noa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.