Sekulako estropada egin zuen Oriok atzo, Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian. Xanti Zabaletak eta haren kuadrillak 9,94 segundoko aldearekin ekingo diote gaur bigarren jardunaldiari (11:30, ETB 1). Hasieratik amaiera arte nagusi izan ziren oriotarrak, eta azken luzeko bigarren zatian aldeak nabarmen handitu zituzten. Nadeth Agirre San Nikolas traineruko patroiak ontzia bikain eraman zuen poparerako jardunean. Euskotren ligari begira, bestalde, Donostia Arraun Lagunak-ek eguna zertxobait txukuntzea lortu zuen; bigarren izan baitzen, eta, orain, puntu bakarrera du Orio. Donostiarra hirugarrena izan zen, eta Hondarribia laugarren. Horrenbestez,jaitsierako kanporaketan aritu beharko du irailean.
Zoriak Donostia Arraun Lagunak eta Orio elkarren ondoan egotea ekarri zuen: Lugañene laugarren kaletik, eta San Nikolas hirugarrenetik. Haien ondoan, hurrenez hurren, Hondarribia eta Donostiarra aritu ziren. Ipar-mendebaleko haizea zegoenez, lehenengo eta bigarrengo kaleek babes gehixeago zuten kanporanzko luzean. Hondoko itsasoa zegoen, nahikoa ontzia bultzatzeko.
Semaforoa berde jarri orduko, Orioko arraunlariek eman zituzten lehen palakadarik azkarrenak, eta berehala hartu zuten estropada burua. Donostiarra ere ez zen urruti, eta hasiera ona eman zion estropadari. Apurka-apurka, ordea, Oriok lehen postuari heldu, eta, bigarren minuturako, Donostia Arraun Lagunak-ek Oriorekiko atzerapena esanguratsua izan zuen; lau segundokoa. Lau ontziak brankaz joan arren, Orio airean zihoan. Zabaletaren taldea zortzi segundoko abantailarekin heldu ziren ziabogara, eta errenta ederrarekin atera.
Bigarren luzearen lehen minutuetan, lau ontziko patroiek euren kaleari eutsi zioten. Oriotarrak arraunean luze eta presarik gabe zihoazen; minutuko 36 palakadako erritmoan. 800 metroren faltan, Oriok Arrauni sei segundo ateratzen zizkion, bederatzi Donostiarrari eta 11 Hondarribiari. Olatuak ez ziren apartekoak, baina Agirre patroiak zuku ederra atera zien. San Nikolas ontziko txopan eroso zihoan, trainerua gehiegi behartu gabe. Hirugarren kaletik zihoazen Juan Mari Etxaberenak, baina nahi baino atzerago. Arraunketatik erabat aterata, hamar segundoko galera zuten 300 metroren faltan.
Lehen postua erabakita zegoen ordurako, eta bigarrenari eutsi nahi zioten Arraunekoek; izan ere, Donostiarra gainean baitzuten. Zerogarren kaletik zetorren Torrekua; hondo gutxiago zegoenez, olatuak gehiago harrotzen baitziren. Amaieran, Oriok ez zuen aurkaririk izan, eta alde handiz nagusitu zen.
KAE 1, KAE 2 eta ETE ligak
KAE 1 ligan Getariak aise irabazi zuen Castro Urdialesen (Espainia), eta igoerako kanporaketa gero eta gertuago du. Pedreña izan zen bigarren, eta San Pedro hirugarren. KAE 2 eta ETE ligetakoak Zarautzen izan zuten estropada. Gizonezkoetan, Busturialdea gailendu zen, eta esku-eskura du igoera. Emakumezkoetan, bestalde, Tolosaldea nagusitu zen, eta Hibaika Deusturen aurretik sailkatu zenez, bigarren posturako lehia are gehiago estutu da. Bi ligak Castro Urdialesen izango dira bihar (11:00).
Arrauna
Banderaren makila eskuan du
Orio gailendu da Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian. 9,94 segundoko aldea du Arraunekiko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu