Egungo gobernu ereduari eusteko asmoa agertu dute, Navarra Suma bakartuta

Gobernua osatzen duten taldeen sei ebazpen onartu dituzte, eta EH Bilduk aurkeztutako bat. Esparza, haserre: «Sektarismo hutsa da hau»

Uxue Barkos eta Maria Solana (Geroa Bai), atzoko saioan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Geometria aldakorrak berebiziko pisua izan du Nafarroaren egoerari buruzko bilkura parlamentarioaren bigarren saioan. Talde bakoitzak aurkeztutako ebazpen proposamenak eztabaidatu eta bozkatu dituzte Nafarroako Legebiltzarrean, eta saioak balio izan du askotariko gehiengoak eta aliantzak marrazteko, une batean ala bestean eztabaidatzen ari ziren auziaren arabera. Edonola ere, bi gauza argi gelditu dira: bat, Nafarroako Gobernua osatzen duten taldeek konpromisoa agertu dutela aurrerantzean ere gobernu formula «aurrerakoi» bati eusteko —legealdian behin baino gehiagotan alarma piztu dute PSNren eta Geroa Bairen arteko ezadostasun ugariek—; eta bi, Navarra Suma, gaur-gaurkoz, bakartuta dagoen eria dela, aurrekontuak eta gobernuaren jardunbide nagusiak baldintzatu ezinik.

Guztira, 23 proposamen aurkeztu dituzte taldeek, eta zazpik soilik egin dute aurrera: horietatik hiru, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k aurkeztuak; beste bi, Ahal Dugu-k proposatuak; PSNk bakarka aurkeztutako bat, eta EH Bilduk mahai gainean jarritako beste bat. Navarra Sumak aurkeztutako guztiak atzera bota dituzte.

Ebazpenetako batean, PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k zurian beltz jarri dute beren konpromisoa: «Hurrengo Nafarroako Gobernua ardaztu dadin gure erkidegoko pluraltasunaren inguruan, eta izan dadin gobernu progresista, sozial, feminista, ekologista eta europeista bat». Proposamen horretan, hiru taldeek ezinbestekotzat jo dute zerga eredu «progresibo» bat ezartzea, «zeinean gehiago ordainduko duten irabazi handienak dituzten pertsonek eta enpresek».

Ebazpena aurrera atera da EH Bilduren eta Ezkerraren botoei esker, baina ñabardurekin: EH Bilduko Bakartxo Ruizek ohartarazi du bere taldea bat datorrela gobernu aurrerakoi baten aldeko apustuarekin, «baina ez du zertan izan egungo gobernuaren formula: izan daiteke beste bat ere».

Horrez gain, gobernuko taldeek, EH Bilduk eta Ezkerrak bat egin dute beste ebazpen batean ere, Osasunbideko itxaron zerrendak murrizteko eta langileak egonkortzeko. «Ekonomia zirkularrerako trantsizioa» egiteko proposamena ere egin dute PSNk eta Geroa Baik, baina Ahal Dugu-ren babesa izan dute soilik. EH Bilduk eta Ezkerrak abstentziora jo dute, «trantsizio hori AHTarekin, Muga meatzearekin eta bestelako proiektu handiekin bateraezina» dela iritzita. Aurrera atera da, hala ere.

EH Bilduk, berriz, Foru Hobekuntzaren Lege organikoari buruzko proposamena aurkeztu du, eztabaida ireki eta Nafarroak aukera izan dezan «esparru juridiko-politiko propioaz erabakitzeko, eta Espainiako Estatuarekin eta gainerako euskal lurraldeekin duen harremana bozkatzeko». Ebazpena bazterrean gelditu da, Geroa Bairen eta Ahal Dugu-ren babesa soilik lortu baitu EH Bilduk. Nafarroako Gobernuan lanpostu elebidunak ezarri eta euskarazko arreta bermatzeko beste ebazpen bat ere atzera bota du parlamentuaren gehiengoak. EH Bilduren proposamen bakarra onartu dute: osasungintza, oinarrizko errenta, hezkuntza, etxebizitza eta bestelako zerbitzu publikoak indartzeari buruzkoa.

Navarra Sumak ez du batu

Osteguneko eztabaidan eta aurrekontuen negoziazioan argi gelditu zen bezala, Navarra Suma ezinean dabil oinarrizko auzien inguruan ezer adosteko. Nafarroaren egoerari buruzko saioan, bost ebazpen aurkeztu zituen, eta bostak atzera bota zizkioten gainerako taldeek. «Gobernuaren aurrekontuetan eragin nahi duzu, negoziatzera eseri gabe ere», egotzi zion Geroa Baiko Blanca Regulezek.

Navarra Sumako Javier Esparzak haserre erantzun zien gainerako taldeei: «Sektarismo hutsez aritu zarete. Denak zarete gobernu honen konplize, eta milaka familia kondenatu dituzue».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.