Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Ezagutzaren horizonte berriak

2015eko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan bertan, New Horizons espazio-ontziak bidalitako datu eta argazkiek 4 ordu eta erdi behar izan dituzte guganaino iristeko. Behaketek, neurri batean konfirmatu dute dagoeneko genekien gutxia eta, aldi berean, informazio berri asko eman digute. Esaterako, planetaren azalera hidrokarburoz estalia dago baina bertan ez da kraterrik ikusten, bai aldiz, 3.000 metroko altuera duten izotz-mendi bereziak. Mendiak badaude eta kraterrik ez badago, planetaren azala berria da, inpaktuen aztarnak ezabatu eta mendiak altxatzen dituzten mugimendu tektonikoak baitaude. Karonte da Plutonen ezagutzen diren bost ilargien artean handiena, eta, antzekotasunak baditu ere, baditu bere ezaugarri propioak. Bertan, talken krater gutxi batzuk eta arroila luze eta izugarri sakonak ikusi dira. Bai Plutonen, bai Karonten, espero ez ziren ezaugarri geologikoak azaldu dira. Gure ilargiaren antzera, espero zen bertan jarduera tektonikorik ez egotea aspaldidanik baina kontrakoa dirudi. Lurra planetan, mantuaren eta litosferaren arteko interakziotik plaken tektonika deritzon mekanismoak moldatzen du lurrazala. Horri esker, mendikateak altxatzen dira eta eskualde sakonak eta baxuak eratzen dira. Horrela, lurrazala eratzen hasi zenetik etengabe aldatzen ari da lurrazal ozeanikoa sortuz eta deseginez. Mekanismo hau ez da inongo beste planeta edo ilargitan oraindik aurkitu eta, antza, bakoitzak berea du. Plutonen ez dirudi plaka tektonikarik dagoenik. Agian, lehen Lurrerako proposatu diren ereduak, geosinklinalena esaterako, han baliagarriak dira. Ez ditzagun, beraz, egoera batean balio ez duten azalpenak zakarretara bota besterik gabe; beste inon edo beste inoiz, zuzenak izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.