Bozetan «baldintza beretan» parte hartzeko, aske uzteko eskatu dute kontseilariek

«Negoziazioaren» bideak ibiltzea agindu dio Junquerasek Gorenari. Catalunya En Comuk argitu du ez daudela gobernuan «inor jartzeko»

Igor Susaeta.
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Auzitegi Gorenak bere gain hartu zuen, joan den ostiralean, Auzitegi Nazionalak kartzelatutako Generalitateko kideen kontrako prozesu judiziala. Beraz, Pablo Llarena Goreneko epailearen aurrean deklaratu asmo dute kontseilariek. Aurretik, baina, horien abokatuek idatzi bat helarazi diote magistratuari, ikertuei jarritako kautela neurriak berrikus ditzala eskatzeko. Andreu Van den Eynde ERCko Oriol Junqueras, Raul Romeva, Dolors Bassa eta Carles Mundoren abokatuak arrazoitu du ez dagoela ihes egiteko arriskurik, laurak hautagaiak izango direlako abenduko bozetan. Argudiatu du, gainera, ezingo dituztela Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak egotzitako delituak berriz egin —sedizioa, matxinada eta diru publikoaren erabilera okerra—, jada teknikoki ez direlako kontseilariak. Hautagai diren neurrian, eta jardun politikorako «eskubidea» dutenez, iruditzen zaie gainontzeko hautagaien «baldintza beretan» parte hartu beharko luketela bozetan, eta ez espetxean egonda.

Kautela neurriak berrikusi ditzala eskatu du, era berean, Jordi Turull eta Josep Rull kontseilarien (PDECat) eta Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentearen defentsak. Jordi Pina da haien abokatua, eta Van den Eyndek erabilitako argudioei heldu die hark ere. Turull, Rull eta Sanchez Junts Per Catalunyaren zerrendako hautagaiak dira.

Llarenak jaso ditu idatziak, baina ez dago eperik zehaztuta horiei erantzuteko. Deklaratzera deitu ditzake edo idatziz erantzun, kontseilariak galdekatu gabe. Bestalde, Auzitegi Nazionalak jakinarazi du astelehenean ebatziko duelakontseilariek jarritako apelazio helegiteei buruz. Kausa jadanik Gorenaren esku dagoen arren, Auzitegi Nazionalak epai bat eman beharra dauka, betiere defentsek helegite horiei uko egitea erabakitzen ez badute. Litekeena da hala gertatzea. Sanchezek eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidenteak jarritako apelazio helegiteak atzera bota zituen Llarenak, eta espetxean jarraitzen dute.

ERCko lau kontseilari ere kartzelan daude. Iragan astean Auzitegi Nazionalari helarazitako idatzian ametitu zituzten Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpenaren ondorioak. Gorenari bidalitakoan gauza bera egin dute, eta gehitu ametitzen dutela, nahiz eta ados ez egon, «ez judizialki eta ezta politikoki ere». Kontseilariek agindu dute «negoziazioaren eta elkarrizketaren» bideak ibiliko dituztela, «akordio bat lortzeko ahaleginean».

Bestalde, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak ere nabarmendu zuen, atzo, hautagai guztiek ez dutela «baldintza beretan» parte hartuko bozetan.

«Filosofiaren adibide»

Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kideak bermea ordainduta aske utzi zituen Gorenak —kontseilariei egozten dizkieten delitu berak leporatzen dizkiete—, eta Van den Eyndek idatzian dio «proportzionaltasun juridikoak eduki beharreko filosofiaren adibide» dela epai hori.

Bestalde, Catalunya En Comuko hautagai Xavier Domenechek atzo argitu zuen ez daudela «gobernuan inor jartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.