Albistea entzun

Brasilgo Munduko Kopa

Bere belaunaldiaren ugazaba

Maisuki aritu zen Brasilen aurkako finalerdian, bi gol sartu eta beste bat emanda. 24 urterekin, selekzioaren iparrorratza da Toni Kroos, azken hamarkadetako Alemania onenaren gidaria.

Imanol Elezgarai -

2014ko uztailak 13

Munduko Kopan izar distiratsu askok parte hartzen dute, eta ez da erraza horien artean nabarmentzea. Lehiaketa garatu ahala, eta izar batzuek aurrera egiten duten bitartean, beste batzuk itzali egiten dira, beren selekzioak kanporatuak izateaz bat. Alemaniaren izarrak, berriz, bizi-bizi dirau, finalerako txartela lortuta. Selekzioarekin batera, Toni Kroos azaleratu da Munduko Kopa honetan, beste jokalari batzuek duten oihartzunik gabe. Jokalari berezia da, zelai barruan zein kanpoan. Besteak beste, hura da Alemaniako Errepublika Demokratiko ohian jaiotako jokalari bakarra. Bi Alemaniak elkartu zirenetik ez du Munduko Koparik irabazi.

Aurreko Munduko Kopa aulkitik ikusi eta gero, azken urteotako Alemaniako selekziorik indartsuena osatzen duen belaunaldiko kide da. Kroosekin batera, Neuer, Khedira, Oezil eta Mueller Hegoafrikan izan ziren lehen aldiz Munduko Kopa batean, 2010. urtean. Orduan, finalerdietan galdu zuten, Espainiaren aurka. Lau urte geroago, finalean dira Joachim Loewren jokalariak, arantza ateratzeko asmoz.

Hau ez da, dena den, Kroosek distira egin duen lehen nazioarteko torneoa. Oso gazte hasi zen futbolaren munduan bere izena ezagutzera ematen. 16 urterekin fitxatu zuen Bayern Munichek, eta, urtebetera, lehen taldearekin debuta egiteaz bat, 17 urtez azpiko selekzioarekin Munduko Kopa jokatu zuen Hego Korean. Txapelketa hartan, Alemaniak hirugarren postua lortu zuen, eta erdilariak jokalari onenaren saria eta brontzezko bota eskuratu zituen, bost gol sartu ondoren.

Heynckesen ikasle

Futbol profesionalean aukera, baina, Bayer Leverkusenek eman zion. Bi urtez utzita egon zen bertan, Jupp Heynckesen agindupean, eta haren eskutik itzuli zen Bayern Munichera. Leverkusenen emandako maila onak, baina, ez zuen izan eraginik bere nazioarteko ibilbidean. Zaleen harridurarako, 2009an Kroos ez zuten deitu 21 urtez azpiko Munduko Koparako. Bertan, Alemania txapeldun izan zen. Talde horretan zeuden egun Alemaniaren hamaikakoa osatzen duten beste hainbat jokalari: Neuer (28), Boateng (25), Hoewedes (26), Hummels (25), Khedira (27) eta Oezil (25).

2010ean Bayern Munichera itzuli zenetik, taldean garrantzia hartuz joan zen. Hazkunde horrekin kontrastean, Alemaniarekin ez zuen parte hartze nabarmenik izan Hegoafrikako Munduko Kopan. Ordutik, baina, jokalari finkoa da selekzioan. Loewek fede itsua du harengan. Horren adierazgarri, osorik jokatu ditu Munduko Kopako sei partidak. Bayernen, baina, bestelako kontuak ditu. Pep Guardiolak Thiago Alcantara hobetsi du haren aurretik, eta Bayern utz dezake, Real Madrilera joateko.

Alemaniak azken urteetan izan duen bilakaeraren oinarri den belaunaldi gaztearen ugazaba da Toni Kroos. Alemania tradizionalki fisikoan oinarritutako selekzioa da. Belaunaldi horrek, aldiz, futbola sortzeko makina bihurtu du. Eta Kroos da aldaketa horren gako nagusietako bat. Alemaniako zelai erdian Bastian Schweinsteigerren oinordeko izatera deitua dago. Gaitasuna badu horretarako, eta soberan erakusten ari da Munduko Kopa honetan.

24 urterekin beterano bat balitz bezala aritzen da zelaian. Ordenatua da,eta diziplina fisiko-taktiko izugarria du. Gainera, paseak emateko sen berezia du: ez da kasualitatea Munduko Kopa honetako pase emailerik onena izatea: paseen %86,4 hartzailearengana iritsi dira. Osagai horiei guztiei esker, Munduko Kopako jokalari onenaren sarirako kiniela guztietan dago. Gaur argituko da sari hori nork irabaziko duen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JCD FOTOGRAFIA / FETRI

«Ez dut sekula galdu borrokatzen segitzeko gogoa»

Ainara Arratibel Gascon

Mateok hainbat egoera zaili aurre egin behar izan die bizitzan. Baina, denak gainditu, eta hirugarren Paralinpiar Jokoetan egoteko lanean ari da jada. «Amets bat litzateke Parisen egotea».
Osasunako jokalariak, Jagoba Arrasate airean dutela. ©JESUS DIGES / EFE

Markoa jarri, eskegi eta miretsi

Eñaut Agirrebengoa

Osasunak inoiz ez bezalako sasoia osatu du, Kopako finala jokatu eta Europan sartuta. Talentuaz eta zaleen grinaz baliaturik, Arrasatek beste dimentsio batera gidatu du taldea.
Alaveseko Benavidez eta Eibarreko Matheus larunbateko lehian. ©JON URBE / FOKU

Final handia jokoan

Beñat Mujika Telleria

Alavesek eta Eibarrek gaur jokatuko dute Lehen Mailara igotzeko lehen kanporaketako itzulerako partida. Eibarrek nahitaez irabazi behar du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.