Donostian, Vaasan bezain gustura

Sanni Franssi finlandiarra duela hiru sasoi iritsi zen Realera. Taldearen denboraldia ez da onena izaten ari. Baina argi du: «Poz bat eman nahi diegu zaleei, igandean derbia irabazita».

Sanni Franssi Z7 zelaiko harmailetan, entrenamendu baten ostean. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Hirugarren denboraldia du Sanni Franssik (Vaasa, Finlandia, 1995) Realean. Talde txuri-urdinean gustura dagoen galdetuta, berehala erantzun du. «Bestela, iaz ez nuen 2024. urtera arte luzatuko kontratua. Ezin hobeto nago, oso pozik. Nahiz eta egia den denboraldi hau zaila izaten ari dela taldearentzat». Donostia eta bertako jendea ere «apartak» direla dio. «Zaleengandik, gainera, oso maitatuta sentitzen naiz. Aldi txarretan zein onetan beti daude hor». Vaasa bere jaioterrian bezain gustura dago.

Realak deitu zionean, ezagutzen zuen klub txuri-urdina. «Baina zintzoa izan behar badut, ez asko. Berehala hasi nintzen informazioa begiratzen, niretzat funtsezkoa baita joaten naizen klubetako eta lekuetako historia ezagutzea eta errespetatzea. Berehala erakarri ninduen». Beste pizgarri bat ere izan zuen. «Nire kirol ibilbidean beti izan dut buruan hobetzea eta haztea, eta leku aproposa zela ikusi nuen segituan». Atzera begira, erabaki egokia izan zela nabarmendu du. «Oso baldintza onak ditugu hemen. Zubietan lan egiten duen jendea oso profesionala da, eta asko laguntzen digute. Gainera,teknikoki jokalari hobea naizela uste dut, batez ere baloiarekin. Gainontzean, oso zaila da liga honetan jokatzea». Finlandian, Suitzan, Danimarkan eta Italian aritutako da. «Baina uste dut Espainiako liga dela jokatu dudan onena. Maila eta lehiakortasun handia dago. Ez da Bartzelona bakarrik, talde on asko daude».

Aurreko denboraldian Realak Txapeldunen Ligarako sailkatzea lortu zuen. «Esperientzia zoragarria izan zen». Funtsezko jokalaria izan zen hori lortzeko, 11 gol sartu baitzituen. Denboraldi honetan, ordea, gauzak oso bestelakoak dira. Hiru ditu sartuak. «Argi dago aurrelari batek nahi duena golak sartzea dela. Ardura hori dugu. Eta alde horretatik ez dut ukatuko denboraldi zaila izaten ari dela. Taldea hain ondo ez egonda, lagundu egin nahi diozu. Ziurrenik, hori izan da iazkoarekiko alde nagusia. Aurreko urtean egiten genituen aukera guztiak barrura sartzen ziren, eta aurten ez. Emaitzak ez dira izan espero bezalakoak, eta urruti gaude iazkotik. Baina uste dut taldearen maila gorago egoteko modukoa dela»

Golak ez sartzeak ez du aurrelaria «hondoratu». Uste du «beste gauza batzuk» ematen dizkiola taldeari. «Horri garrantzia ematen diot: goleko paseak, baloiari eustea bizkarrez... Balioa ematen diot horri. Natalia Arroyo teknikariak ere lan hori aitortu dio. «Askotan esan izan dit. Lanean berdin jarraitzeko eskatzen dit, iritsiko direla golak. Zure espazioa ere uzten dizu gauzak barneratzeko. Oso gustura nago».

Amaiur Sarriegirekin eta Synne Jensenekin batera aritzen da aurrean. Biak aztertu ditu. «Amaiurrekin denbora daramat jokatzen. Jokalari oso ona da, golegile petoa. Gainera, buruz buruzko jokaldietan oso indartsua da. Synnek, berriz, ez du hain zuzen jokatzen. Baloiari ondo eusten dio, eta hortik abiatuta sortzen ditu jokaldiak; hirurok ondo ulertzen dugu elkar».

Igandean gol horien bila joango dira, Athleticen aurkako derbian. «Bai taldekideek, baita zaleek ere, hasieratik sentiarazi zidaten derbia partida berezia zela, eta behin jokatuta frogatu nuen hala zela. Giroa oso polita da, eta Anoetan jokatzeak are bereziagoa egiten du. Ea jende asko etortzen den». Athleticen denboraldia ere ez da onena izaten ari. «Baina halako partidetan hori gutxienekoa da. Gu ohi bezala jokatzen saiatuko gara, jokoaren ekimena eta baloi jabetzea izaten, eta, hala egiten badugu, irabazteko aukera izango dugu. Poz bat eman nahi diegu zaleei, eta goza dezaten. Denboraldiko azken txanpa on bat egin nahi dugu, eta ongi sentituzamaitu».

Txikitatik, futbolean

Bost urterekin hasi zen futbolean jokatzen. «Elurretako kiroletanere jarduten nuen, Finlandian horiek direlako nagusi. Hasieran ez zegoen emakumezkoen futbol talderik. Mutilekin jokatzen nuen. Handik gutxira sortu zen».

Egun Finlandian pare bat talde baino ez dira profesionalak. «Han ez daude hemen dauden baldintzak jokatu ahal izateko. Pare bat taldetan baino ez dago aukera hori». Iazko udan ametsa bete zuen, Finlandiarekin Eurokopa jokatuta. «Esperientzia izugarria izan zen. Lehen aldia zen selekzio nagusiarekin halako txapelketa bat jokatzen nuela. Multzoen fasean joan ginen kalera. Aurkari gogorrak izan genituen».

Eta zer gustatzen zaio egitea astialdian? «Pertsona aspergarria naiz», dio barrez. «Txantxak alde batera utzita, oso pertsona lasaia naiz. Donostiatik paseatzea dut gustuko, hiria oso polita baita. Txoko ederrak daude. Urte sasoi honetan, batez ere Miramar jauregiaren ingurura joatea dut gustuko, hango ikuspegia zoragarria da, lasaitasuna ematen du». Plan asko Ane Etxezarretarekin egiten ditu. «Asko lagundu zidan egokitzen, oso gertukoa da. Baina taldekide guztiekin moldatzen naiz oso ondo. Gustuko dut Zubietatik kanpo haiekin ere denbora pasatzea».

Neguan, berriz, nahiago du kafe bat hartu eta etxean egotea. «Hori bai hemengo negua niretzat ez da negua. Pentsa zelako hotza egiten duen Finlandian». Etxean dagoenean irakurtzea eta futbola ikustea ditu gustuko. «Uste dut garrantzitsua dela ikustea».

Finlandiako bizimoduak ez du zerikusirik hemengoarekin. «Hona iritsi nintzenean harrigarria egiten zitzaidan jendeak zenbat denbora ematen zuen kalean, eta tabernetan zer giro zegoen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.