Orain, serioago

Unai Lasok ezustekoa eman du lau eta erdiko txapelketaren hasieran. Besoko lesioari esker, fresko iritsi da, eta, orain, finalerdien atarian dago.

Unai Laso, iragan asteartean, Bilboko pilotalekuan eginiko pilota aukeraketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Unai Lasok (Bizkarreta, Nafarroa, 1997) bi partida nahikoa izan ditu pilotazaleen arreta bereganatzeko. Azken urte osoanbaino elkarrizketa gehiago eman ditu azken astean. Dena den, ez da harritzekoa, lau eta erdiko txapelketan modu ikusgarrian sartu baita. Final-zortzirenetan 22-19 irabazi zion Danel Elezkanori, eta iragan larunbatean nagusitasunez gailendu zitzaion Iñaki Artolari, final-laurdenetako ligaxkako lehen jardunaldian (22-9). «Elezkanoren aurka, presioa nabaritu nuen; banekien asko nuela jokoan. Lehen mailako hainbat txapelketatan parte harturikoa naiz, eta lan onik egin gabea nintzen orain arte. Daneli irabazteak konfiantza eman zidan, eta eskertu egin nuen hurrengo partidan», azaldu du Lasok.

Baikok itxaropen handiak ditu jarrita Lasorengan. 22 urte ditu, eta debutatu zuenetik ez zaio aukerarik falta izan. Esaterako, bi urte ezberdinetan egin ditu ordezkapenak binakako txapelketan —iaz zazpi partida jokatu zituen Victorren ordez, eta aurten hiru, Artolaren lekuan—. Aurrelariak kolpe bizia du, eta buruz buruko lanetarako dohainak, baina orain arte ez da nabarmendu. Iaz, adibidez, Victorren aurkako atarikoa galdu zuen lau eta erdiko txapelketan, eta Bakaikoak 22-16 irabazi zion San Fermin torneoan. Zer aldatu da, bada, txapelketa honetan? «Nire ustez, orain serioago jokatzen dut, hutsik egin gabe. Kontzentratuago nago, partidatik irten gabe. Fisikoki eta teknikoki ere hobetu dudala iruditzen zait».

Laso pilotari ausarta da, eta erraz egiten du tantoa. Ausardiak, baina, askotan bere ordaina du. «Hutsak» berak aipatu ditu lehenbizi, ondo baitaki askotan leporatu diotela egin adina tanto galtzen dituela. Seriotasun hori partidetatik haratago eraman nahi du. «Entrenamenduetan ere huts gutxiago egiten saiatzen naiz, baita enpresako binakako partida arruntetan ere. Horrela, gauzak hobeto irteten dira. Maila altuagoko partidak jokatuz, lehen mailako aurkari, erritmo eta pilotetara egokitzen zara».

Lasok urte pare bat darama jaialdietako lehen eta bigarren partidak tartekatzen, baina udan jauzia eman du. Abuztuan, maila oneko bost partida irabazi zituen jarraian, baita Bizkaiko eta Bilboko torneoak ere. «Bilboko torneoko finala erronka bat izan zen [Albisurekin, 22-13 irabazi zien Altuna-Rezustari]; galdu izan banu, baten batek esango zuen ez dudala nahiko jokorik maila horretan aritzeko. Irabazteak lasaitu egin ninduen. Partida handietan asko estutzen dut neure burua. Ahal dudan baino gutxiago jokatzen dudala iruditu zait beti».

Abuztua oso gozoa izan zen; irailak, baina, ezusteko gazi bat zuen gordea Lasorentzat. Hilabeteko lehen egunean, zuntz haustura egin zuen eskuineko besoko bizeps giharrean. Txikia zen, baina lau eta erdikoa bertan zegoen. Lau asteko erlojupekoa hasi zuen garaiz sendatzeko. «Hilabete zaila izan da. Uda ona egiten ari nintzen, eta zalantzekin ekin nion txapelketari», onartu du. Hala ere, eta lehen bi partidetan nola ibili zen ikusita, orain beste ondorio bat atera du: «Agian mesede pixka bat egin zidan lesioak. Udan, partida karga handiarekin ibiltzen gara, eta ni, orain, fresko nago. Hilabete honetan lan fisikoa egin dut». Gimnasioa lehenestea, dena den, ez da ohikoa Lasorengan; berak nahiago du lan teknikoa. «Pilotaria pilotalekuan egiten da pilotari», gehitu du. Baina hobe luke bere giharreria zaintzea. Besokoa azken urtean izan zuen hirugarren zuntz haustura da. Aurreko biak hanketan izan zituen.

Lasok bihar jokatuko du ligaxkako bigarren partida, Bilbon, Joseba Ezkurdiaren aurka. Irabazten badio, eta Artolaren aurka lorturiko tanto aldea ikusita, ia matematikoki egongo da finalerdietan. Parean iazko txapelduna izango du, baina horrek ez du kikildu. «Partidari erritmoa jarri behar diot. Bera da faboritoa, baina sinesten dut neure buruarengan. Mugitu egin behar dut; eroso jokatzen badu, nireak egin du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.