Bereak eta bi entzun ditu

Azken urteetako akziodunen batzar konplikatuena egin du BBVAk. Akziodunek behin eta berriz kritikatu dute Franciso Gonzalez presidente ohiaren jarduna, eta 'Villarejo auzian' zer egiteko izan zuen argitzeko eskatu diote Carlos Torres egungo presidenteari. Kritikak kritika, berriz lortu du kargua.

Carlos Torres eta Onur Genç, atzo, Bilboko Euskalduna jauregiko batzarrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Euskalduna jauregia beteta zegoen, eta agertokian BBVAko agintari guztiak zeuden eserita. Bankuko idazkariaren eta kontseilari ordezkariaren artean zegoen Carlos Torres presidentea, agertokiaren erdi-erdian. Hala ere, ikuskizuna behean egon zen atzo, ikusleen artean. Francisco Gonzalez presidente ohiak bankuan zituen kargu guztietatik dimititu eta biharamunean egin zen BBVAko akziodunen batzarra, Villarejo auziaren eraginez zipriztinduta. Eta kasuak akziodunen artean eragin zuen haserreari aurre egin behar izan zion Torresek, presidente moduan gidatu zuen lehen batzarrean. Ikusleen artetik ordubete eta hamar minutuz aritu ziren auzi horren inguruko kritikak egiten, baina baita genero berdintasunaren, lan baldintzen, eta akzioen balio galeren ingurukoak ere. Azken urteetako batzarrik konplikatuena izan da BBVAn. Belarriak berotuta atera zen Torres handik, baina, era berean, baita babestuta ere: presidente hautatu baitute berriz ere, botoen %98ko babesarekin.

Ikusleen artean zutikako bi mikrofono zeuden jarrita, eta txandaka igaro ziren horietatik sindikatuetako ordezkariak, kontsumitzaile elkarteetako kideak, langile ohiak eta pisu handiko akziodunak. Jose Francisco Arrese horietako bat zen: «Francisco Gonzalez joan da, gutun bat utzita joan ere. Ez dakit zer zioen bertan, baina badakit zer esan beharko zuen: eskerrak eman beharko lizkieke langileei, 2.000 beharginen soldataren pareko pentsioa jaso duelako, eta eskerrak eman beharko lizkieke hedabideei, eman dioten tratamenduagatik. Behin-behinean utzi ditu kargu denak, baina jasotako pentsioa ere behin-behinean utziko al du?». Txalo zaparrada jaso zuen galdera horrek akziodunen artean.

Hala ere, ikusminik handiena sortu zuen hitzaldia Luis del Riverorena izan zen. Sacyr eraikuntza enpresako presidente izan zen 2004. eta 2011. urteen artean, eta ustez, Villarejo komisarioak entzuketak egin zizkion BBVAren agintaritza hartzeko egindako saiakeraren harira. Akzioen zati bat erosita hartu nahi izan zuen bankuaren kontrola, baina ukatu egin zuen saiakera horretan Espainiako Gobernuaren babesik jaso izana: «Hala izan balitz, proposamenak aurrera egingo zuen, ziur egon horretaz». Uxatu egin nahi izan zuen operazio horrek atzetik eduki ahal izan zuen pisu politikoa. BBVren fundatzaileak izan ziren 80 familien babesa izan zuen, ordea.

Bankuaren agintaritza lortzeko iraganean izandako lehien trapu zaharrak haizatu zituen horrela Riverok, baina bere hitzaldian Gonzalezen agintaldiko kudeaketa «kaskarra» ere nabarmendu zuen. Presidente izan den urte guztietan BBVAren akzioen balioa %32 jaitsi da. Kezkatuta dagoela esan zuen, eta akziodun ugarik ikuspegi hori partekatu zuten berarekin. Horregatik, Villarejo kasuan ahalik eta zorrotzen jarduteko eskaera egin zioten Torresi. «Azken batean, bankuak prestigiotik bizi baitira, eta kasu honek guztiak prestigio galera izugarria ekarri du».

«BBVA banku zintzoa da»

Bateko eta besteko kritikak hamalau pertsonaren ahotsetan entzun zituen presidenteak, baina horien guztien aurretik bera izan zen hitz egin zuena. 2018. urtearen balantzea egitea tokatu zitzaion, baina, Villarejo kasuak zipriztinduko zuela jakitun, akziodunen hitzaldiaren aurretik auziaren inguruko balorazioa egin zuen Torresek. «BBVA banku zintzoa izan da, eta hala izango da aurrerantzean ere; horregatik, justiziarekin elkarlanean arituko gara eskatzen digun guztia zorroztasunez betez».

Are gehiago, aurreratu zuen egin behar den guztia egingo dutela auzia argitzeko. Alde horretatik, PwC aholkularitza enpresari eta Uria eta Garrigues abokatu bulegoei eskatutako ikerketan jarri zuen itxaropena. «Dena argitzen lagunduko du horrek, eta hori izango da onena bankuarentzat eta akziodunentzat».

Kontu ekonomikoak ere ahotan izan zituen presidenteak, eta kasu horretan aldeko zenbakiak izan zituen, gainera. 5.324 milioi euroren irabaziak izan zituen joan den urtean, 2017an baino %51,3 gehiago. Irabazi horien zati bat, ordea, 633 milioi euro, Txilen zuten filial bat salduta lortu zuen bankuak. Zenbaki horiekin, akzio bakoitzeko 16 zentimoko dibidenduak banatzeko asmoa dauka bankuak, duela urtebeteko kopurua baino %7 gehiago. Ordainketa hori apirilean egingo du. Zenbaki horiekin «gustura» azaldu zen Torres, baina berak ere badaki datozen hilabeteetan bankuaren sinesgarritasuna ekonomiatik aparte neurtuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.