KRITIKA. Zinema

Entzunez aditzea

Andoni Imaz.
2022ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun

'Memoria'

Zuzendaria: Apichatpong Weerasethakul. Aktoreak: Tilda Swinton, Elkin Diaz, Jeanne Balibar, Juan Pablo Urrego, Daniel Gimenez Cacho. Herrialdeak: Kolonbia, Thailandia, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania. Iraupena: 136 minutu.

Gezurra dirudi Memoria Apichatpong Weerasethakulen zortzigarren film luzea dela. Zinemagile thailandiarrak etengabe zabaldu du bere obra, film laburren eta instalazioen bidez, eta bere gai kutunek askotariko formak hartu izan dituzte. Gaiak hor daude: gaixotasuna, eta arrarotzea; insomnioa, eta ametsen munduko aldaketak; ospitaleak; basoa, landareak eta animaliak; espirituak... Edukiak eta formak bildu ditu oraingoan, sekuentzia-blokeetan banatuta, denbora nahierara moldatuz.

Misterio batetik abiatu da: Jessicak (Tilda Swinton) buruko leherketaren sindromea du —Apichatpongek berak pairatu zuen—, eta eztanda baten antzeko soinu bat entzuten du aldizka. Soinuak zentzumenak asaldatuko dizkio, eta horrek gidatuko du Kolonbiako bidean.

Diptikoak ohikoak dira Apichatpongen zineman, baina, Memoria-n, erdiko mozketa ez da eten bat, ezpada agertoki aldaketa bat, misterioari aurrez aurre begiratzeko egin beharreko bidearen beste fase bat. Lehen zatia gogoangarria da, batez ere Jessicaren eta Hernan gaztearen (Juan Pablo Urrego) arteko trama minimo hori, hotsa aurkitu nahian dabiltzala: «Zementuzko bola erraldoi bat, zeina itsasoko urez inguratutako metalezko hondo batera erortzen baita». Planoak elkarrekin lotzeko moduak erakusten du zein kontatzaile ona den Apichatpong.

Eta erakusten ez duen gauza bakoitza beste film baten abiapuntua izan zitekeen, beste misterio bat: ustekabeko amaiera, aipaturiko harremana, hezurrak—Kelly Reichardten First Cow-ren (2019) hasiera gogoan—...

Bigarren zatiak argi pixka bat egiten dio misterioari; Hernan zaharraren (Elkin Diaz) enkontruak zirrara eragiten duen arren, filmaren esperientzia biribilagoa da unerik iradokitzaileenetan: Jessica, iheskor, begira ari denean, ulertzen duenean baino gehiago. Nolanahi ere, Swinton, autore zinemaren ikur bihurtuta, ikusgarri dago gauetako noraezean zein etxeko trantzean.

Apichatpongek soinutik sortu ditu irudiak. Soinuak denboran eta espazioan egiten duen bidea irudikatu du, soinu paisaietan eta espazioetan arreta berezia jarriz. Bien artean, denborak beste izaera bat hartzen du, pertsonaia bihurtzeraino.

Zinema modernoaren oinordekoa den neurrian, Memoria-k isiltasunera eta hustasunera jotzen du. Akaso, filmean ageri den burezur zulatu hartatik bezala, Jessicak bere baitatik atera beharko duelako espazio-denboraren esanahia erakusteko, bere burua ere hustuz.

Abbas Kiarostamik esan zuen atsegin zituela ikusleak loarazten dituzten pelikulak; Apichatpongek, ametsen hizkuntzan hitz egiten dakienez, begiak itxita ikusteko moduko film bat egin du, azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.