KRITIKA. Antzerkia

Klasiko garaikide bat, zoritxarrez

Maddi Sara Goikoetxea Juanena
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun

'El proceso'



Bertsioa eta zuzendaritza: Ernesto Caballero. Interpreteak: Carlos Hipolito, Jorge Basanta, Juan Carlos Talavera, Paco Ochoa, Alberto Jimenez, Ainhoa Santamaria, Felipe Ansola, Olivia Baglivi. Eszenografia: Monica Borromello. Argiztapena: Paco Ariza. Koprodukzioa: Centro Dramatico Nacional & Lantia Escenica. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: ekainaren 24a.

«Tik-tik-tik!», ikusleok antzokian sartzen ari garela —«tik-tik-tik!»—, eszenatokiko goiko leiho batetik idazteko makinari eragiten dio aurpegi zurbileko gizon batek. Eszenografia ilunak, tipo trajedunaren seriotasunak eta akzio horren errepikapen tematiak ikusiko dugunarekiko aurreikuspen atsekabetsua adierazten dit.

El proceso obra izen bera daukan Franz Kafka (1883-1924) idazle ospetsuaren nobelan oinarrituta dago: goiz batez, K esnatzean, bi funtzionario aurkituko ditu logelan. Istant horretatik aurrera, bere prozesu judizialean murgilduko da. Amesgaiztoen pareko prozesu absurdo eta surrealista horren barruan, ez du inoiz jakingo zer leporatzen dioten, baina berdin dio, «prozedura bera, pixkana-pixkanaka, sententzia bihurtzen baita».

Gertuko sentitzen da orain dela ehun urte inguru egile txekiarrak sinbolismo handiz idatzi eta oraingo honetan Ernesto Caballerok zuzendutako aktoreek naturaltasunez kontatzen duten istorioa; izan ere, ikusleak zentzua hartzen die taula gainean gertatzen ari diren zentzugabekeria guztiei. Gogorarazi dit Eva Forest (1928-2007) idazleak Testimonios de lucha y resistencia: Yeserías 75-77liburuan—Yeseriaseko kartzelan burkideen tortura-testigantzak biltzen dituen entsegua— egiten duen aipua: haren susmotan, Kafkak, behin kakalardo bihurtu zen gizon batez idatzi zuen horrek, ondo ezagutu behar izan zuen tortura.

Carlos Hipolitok abileziaz interpretatutako pertsonaia hasieran suminduta ageri da, haserre, bere inozentzia frogatu eta justizia egingo den konbentzimenduz, ahots sendoz. Baina burokraziaren dinamika zitalak etengabe kolpatzen duelarik, emanaldiaren amaieran ahots mehez galde egingo dio bere buruari, egindako ustezko delitua ezagutzen ez badu ere, mesfidati: ez ote naiz erruduna?

Torturaren helburuetako bat pertsonari gizatasuna kentzea da, kakalardo bat dela sinistaraztea. Zomorro bat baldin bada, zapaltzea zilegi delako.

Lerro hauek idazten ari naizenean, ekainaren 26a da: torturaren aurkako eguna.

Ez hemen, ez inon, ez inoiz. Klasikoak garaikide izan ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.