KRITIKA. Antzerkia

Nise biziberritua

Antzezlaneko une bat, Erriberriko antzerki jaialdian. VILLAR LOPEZ / EFE.
Agus Perez.
2021eko uztailaren 28a
00:00
Entzun

'Nise. La tragedia de Ines de Castro'

Konpainia: Nao d'amores. Testuak: Jeronimo Bermudez. Dramaturgia eta zuzendaritza: Ana Zamora. Musika-zuzendaritza: Alicia Lazaro. Bertso-aholkularitza: Vicente Fuentes. Eszenografia: Ricardo Vergne. Argiak: M. A. Camacho. Jantziak: Deborah Macias. Koreografiak: Javier Garcia Avila. Lekua: Nafarroako errege-erreginen gaztelua, Erriberri. Eguna: Uztailak 25.

Nafarroako errege-erreginek Erriberrin zuten gaztelua ingurune ezin hobea izan da Nise. La tragedia de Ines de Castro lanaren eszenaratzerako, XVI. mendean idatzitako testuak bi mende aurreragoko gertakizunak jaso zituelako. Ikusle trebatuak beren mantak eta guzti etorri dira gaueko haizeari aurre egiteko prest, eta Nao d'amores konpainiak bere ohiko bikaintasun artistikoarekin ekin dio Castroren tragedia antzezteari.

Printzipioz, Jeronimo Bermudez fraide eta idazle luso-gaztelarra dugu obraren egile, baina egiatan bi antzezlan idatzi zituen —Nise lastimosa eta Nise laureada—, nahiz eta, zantzu guztien arabera, haietariko lehena zuzenean kopiatu zion benetako egile portugaldarrari. Izan ere, XIV. mendeko hilketa politikoak askorako eman zuen mendeetan zehar Europako literaturan, antzezlanak, eleberriak eta operak lekuko, eta oraingo bertsioan Bermudezen testuak elkartu eta araztu ditu Ana Zamora zuzendariak, betiere konpainiak duen ikuspegi garaikidetik hartuta.

Tragediaren erroetan daude boteretsuei komeni ez zaien amodioa eta horren ondorio politikoak —portugaldarrek ez zuten nahi Ines de Castro galiziarrak beren erregearekin ezkontzea, Gaztelarekiko independentzia mantentzearren—. Bide horretatik, bertsio gehienetan alde erromantikoak gailendu dira, baina oraingo muntaian garbien geratu dena politikarien moral bikoitza izan da, argudio eta jarrera hipokrita berberak erakutsi dituztelako erregina hiltzeko zein gero beren buruak erregearen mendekutik salbatzen saiatzeko. Bestetik, eta orduko kontu haren garrantzia azpimarratuz, jakin beharra dago Bermudezek ezizen batekin sinatu zuela testua, baina, hala ere, jazarria eta atxilotua izan zen Felipe II.ak Portugalen zeraman politika zapaltzailearen kontra ahotsa altxatzeagatik.

Taularatzeari begira, emanaldiaren aurretik ikusi dugun dokumental eredugarrian —Maria Royoren Nise. Un viaje en la Nao d'amores— jakin dugu konpainiak bi hilabeteko egonaldi itxian prestatu zuela estreinaldia, eguneko hogeita lau orduko elkarbizitzan, eta han jabetu gara haien sormen-prozesu zeharo kohesionatuaz, bertsoei karga metrikoa kentzeko metodoaz eta alderdi guztiei emandako tratamendu zorrotzaz, bereziki musikari eta ahoskera filologiko landuari dagokienez.

Erdi Aroko eta Berpizkundeko antzerkian espezialista den konpainiak ez du hutsik egin bere hogeigarren urtemugan. Eszenako altzari eta musika-instrumentu ugariak egur dotorez eginak izan dira. Kontratenor batek eta antzezleen koruek osatu dute eszenen esangura beren madrigal, motete eta erromantze zatiekin—haietariko bat portugesez abestua—, aintzira karratu zentral batek esangura sinboliko handia hartu du, eta artilezko jantziek nahiz itxura apaleko apaingarriek indarrean jarri dute antzezleen gaitasuna. Denak emanda ibili dira guztiak, eta amaitutakoan ikusleek lau aldiz aterarazi dituzte, beren lanaren sendotasuna eskertu nahian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.