Beñat Egaña. Gazta ekoizlea

«Bazkak zapore jakin bat badu, gaztak gustu hori izango du»

Gernika-Lumoko azokan gailendu den gazta ez da produktu berezi bat, baina «leuna» da, eta zaporeak iraun egiten du. Horrela deskribatu du Egañak, Goienetxe etxeko ekoizleak.

A. L. / FOKU.
amaia igartua aristondo
Gernika-Lumo
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Mutrikuko (Gipuzkoa) Goienetxe ekoiztetxeak irabazi du aurten gazta onenaren saria Gernika-Lumoko (Bizkaia) urriko azken asteleheneko azokan. Beñat Egaña ekoizlearen irudiko (Mutriku, 1956), produktuaren indargune nabarmenena da jan ostean irauten duen zaporea. Larreak ematen du hori, haren esanetan, udaberriko belarrarekin elikatzen baitituzte ardiak. Gernika-Lumoko Mil Colorao jatetxeak bereganatu du gazta erdia enkantean, 6.100 euroren truke.

Nola hartu duzu saria?

Gauza handia da. Bi aldiz bigarren eta behin hirugarren izana naiz lehiaketan, eta beti esaten nuen ea egunen batean lehenengoa egin ahalko nuen. Eta gertatu da; zoratzen nago. Niretzat, Ordiziakoaren [Gipuzkoa] ondoren, Gernika-Lumokoa da gazta txapelketarik garrantzitsuena.

Gazta saltzean eragina du saria irabazteak, edo bigarren edo hirugarren izateak?

Bai, beti. Ateratzen zara egunkarietan, irratian, telebistan... Beti saltzen da gehiago.

Zer berezitasun du zure gaztak?

Maiatzean egindako gazta bat ekarri dut, pixka bat gordeta eduki dut lotea. Ardiak barruan egoten dira neguan, eta gero apirilean edo maiatzean larrera ateratzen dira; niretzat, ardiek orduan dute esnerik onena, udaberriko larreekin. Saiatzen gara konkurtsoetara eramaten garai horretan egindako gaztak.

Ze ezaugarri ditu?

Suabe samarra da, gazta normala da, ez da fuertea, jaten erraza da. Hasten zara jaten, eta gazta normala iruditzen zaizu, baina jarraitzen duzu jaten, eta gero etortzen zaizu gustua. Esaten duzu: «Honek zeozer berezia dauka». Baina ez dago berezi eginda. Parajeak eta larreak asko eragiten dute: ardiak zer jaten duen, hala ematen du. Janak zapore jakin bat badu, esnea eta gazta gustu horrekin aterako dira. Ez dago beste misteriorik.

Ekoizpenari dagokionez, zer-nolako urtea izan da?

Oso ona izan da. Orain, uda bukaeran, lehortea izan dugu, baina gazta egiteko sasoian oso urte ona izan dugu.

Zuek ez duzue lehortea igarri, orduan?

Orain igartzen ari gara, orain dela hilabete eta erditik. Baina guk orain ez dugu gaztarik egiten. Uztail bukaeran amaitu genuen gazta egiten. Lehortea orain dago; orain ari dira sufritzen ardiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.