Auzitegi Gorenaren epaia. Gakoak eta argudioak

Demokrazia zer den ebazten

Sedizioa, diru publikoaren erabilera bidegabea eta desobedientzia egozteaz gain, Gorenak dio demokrazia bozkatzea baino gehiago dela

enekoitz esnaola
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoak ia 500 orrialdeko sententzia kaleratu du Kataluniako buruzagi independentistak zigortzeko. Hauek dira haren gako eta argudio nagusiak.

SEDIZIOA, EZ MATXINADA

Gorenaren epaiak dio 2017ko udazkenean Katalunian «indarkeriazko gertakariak» izan zirela, baina esan du horiek ez direla nahikoa froga auzipetuak matxinada delituagatik zigortzeko. Sedizioa egotzi die. «Indarkeriak, indarkeria instrumentala izan behar du, funtzionala, modu zuzenean aurrez agindua, erdibideko urratsik gabe, matxinatuen ekintzaren xedeetara begira», dio epaiak, eta esan du ez zela halakorik gertatu.

Epaileen ustez, Kataluniako Generalitateko eta Parlamentuko goi karguek eta ANC eta Omnium gizarte mugimenduetako buruek mobilizatzera deitu zituzten herritarrak —batik bat, Jordi Sanchezek (ANC) eta Jordi Cuixartek (Omnium), 2017ko irailaren 20an, Guardia Zibilak Govern-aren departamendu batzuk miatu zituenean—, Espainiako Estatuaren ebazpen judizialei eraginkortasuna kentze aldera; baina indarkeriazko ekintzak ez ziren nahikoa izan de facto «Kataluniaren lurralde independentzia ezartzeko eta [Espainiako] konstituzioa indargabetzeko Kataluniako lurraldean». Sententziak gogoratu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen bat aski izan zela ez zitezen ezarri Kataluniako Parlamentuaren haustura legeak, eta konstituzioko 155. artikuluaren iragarpenaren ondoren auzipetu batzuek ihes egin zutela Espainiako Estatutik.

Sedizioa egozteko data nagusia 2017ko urriaren 1a da —Kataluniako independentziarako erreferendumaren eguna—, auzipetuek orduan egin zutelakoan euren desobedientzia estrategia.

Matxinadarik ez egotzita, zigorrak ez dira fiskaltzak eskatutakoak bezainbestekoak,baizik etaerdia edo —matxinada egozten zien—. Oriol Junquerasen aurka, adibidez, 25 urteko espetxe eskaera egin zuen fiskaltzak, eta hamahirukoa jarri dio Gorenak —auzipetuetan zigorrik handiena—. Kataluniako prozesuaren «lidergoa» eduki izana leporatu diote.

DIRU PUBLIKOAREN ERABILERA BIDEGABEA

Sententziak dakar Generalitateak ebatzi zuela 2017ko erreferenduma antolatzeko «beharrezko baliabideak» bermatu behar zirela, baina Konstituzionalaren ebazpenagatik galdeketa ez zenez legezkoa, diru publikoaren erabilera bidegabea egin zutela auzipetuek: publizitate instituzionala, hauteskunde administrazioaren antolaketa, estatutik kanpoko katalanen errolda, materiala,nazioarteko behatzaileen gastuak eta aplikazio informatikoak. «Legezko ezein xedetatik at zeuden gastuak izan ziren». Estatuaren Abokatuak egokitzat jo du delitu hori eta sedizioarena lotu izana.

Kataluniako kontseilari denek sinatu zuten tokiko gobernuak gastuak bere gain hartzeko akordioa, baina epaiak dio ez dela frogatu departamendu guztiek parte hartu zutela gastuan. Epaileek esan dute Presidenteordetza eta Ekonomia, Presidentetza, Kanpo Harremanak, Lana, Osasuna eta Kultura sailek bideratu zituztela gasturako diruak. Hala, diru publikoaren erabilera bidegabea ez diete egotzi Josep Rull, Joaquin Forn, Carles Mundo, Meritxell Borras eta Santi Vila kontseilariei.

DESOBEDIENTZIA

Gorenak Espainiako Estatuko autoritate gorenaren ebazpen, erabaki eta aginduak ez betetzea egotzi die. Kataluniako Parlamentuko legelari nagusiak eta idazkari nagusiak Konstituzionalaren ebazpenez egindako ohartarazpenak aintzat hartu ez izana ere leporatu diete auzipetuei magistratuek. Epaiak dio Konstituzionalak iragarri zuela haien ekinbideak ez zirela konstituzionalak—besteak beste, erreferenduma—, eta ohartarazi ziela erantzukizun penalak izan zitzaketela. Auzitegi Gorenaren arabera, desobedientzia delitua auzipetu guztiek egin zuten, baina Vilari, Borrasi eta Mundori baino ez die leporatu.

URRIAREN 1-EKO INDARKERIA

Erreferendumeko hauteslekuetan ziren herritarren «jarreragatik», Espainiako Polizia eta Guardia Zibila «behartuta» sentitu ziren «aurreikusitako legezko indarkeria» erabiltzera, Gorenaren arabera. Sententziak dakarrenez, «hiritarren eta autoritate agenteen arteko liskarraren ondorioz, lesioak izan ziren», eta epaileek idatzian ondoren aipatu dute urriaren 1eko arratsaldeko lehen orduetan «indarkeriaren erabilera neurriz kanpokoa» izan zitekeenez Poliziak eta Guardia Zibilak geratzeko aginduak jaso zituztela.

SARE JURIDIKO PARALELOA; BIDERAGARRITASUNIK EZ

2017ko urriaren 27an Kataluniako Parlamentuak gehiengo osoz tokiko independentzia aldarrikatu izana «sinbolikoa eta ez-eraginkorra» izan zela idatzi dute magistratuek. «[Auzipetuak] Jabetuta zeuden Kataluniako Errepublikaren eraikuntzarako bide gisa aurkeztutako autodeterminazio erreferendumaren bideragarritasun juridikorik ezaz. (...) Kataluniako herritarrei erabakitzeko eskubidearen gauzatze zilegia eskaini zieten, eta hori amu bat baino ez zen mobilizazio baterako, zeina ez zen inoiz estatu burujabe batean amaituko».

Espainiako Auzitegi Gorenaren Zigor Aretoak dio auzipetuekestatuan indarrean den legediarekiko «sare juridiko paraleloa» eratu zutela —Auzitegi Konstituzionalak legez kanpo jo zuena—, «eta berme demokratikorik gabeko erreferendum bat sustatu zuten». Epaimahaiko magistratuen esanetan, auzipetuek bilatzen zutena zera zen: estrategia harekin «[Espainiako] Nazioaren Gobernuari presio egitea, herri galdeketa bat negoziatzeko».

ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Epaimahaiak esan du erabakitzeko eskubidea ez dagoela jasotaEspainiako 1978ko Konstituzioan eta Kataluniako 2006ko Estatutuan. «Ez du estaldura normatiborik, ezta herrien autodeterminazioarekiko asimilazio artifiziosoaren bitartez ere». Haren esanetan, Europan ez dago erabakitzeko eskubidea «bermatzen» duen konstituziorik.

Gainera, Gorenaren Zigor Aretoak dio ez dela onargarria erabakitzeko eskubidea hartzea gizarte baten kalitate demokratikoaren neurgailu edo termometrotzat. Esan du «demokrazia bozkatzea baino gehiago» dela. Besteak beste, «sistema konstituzionalak beste hiritarrei aitortutako eskubide politikoen errespetua da, botereen arteko oreken aitortza, ebazpen judizialei men egitea, eta, azken batean, herri subiranotasunaren adierazle den esparru juridikoa errespetatzea».

AURRERA BEGIRAKO PROZEDURA

Junqueras eta besteak kargu publikoak zirelako epaitu ditu Gorenak, eta ez Auzitegi Nazionalak. Auzipetuek orain Konstituzionalera jotzeko eskubidea daukate, haien oinarrizko eskubideak urratu direlakoan babes helegitea aurkeztuta. Konstituzionalaren ebazpenaren ondoren, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzeko aukera lukete, Estrasburgokora. Dena dela, Konstituzionalera jo aurretik, auzipetu batzuek Gorenean baliogabetze eskaera aurkezteko asmoa dute, epaiketan oinarrizko eskubide batzuk urratu zirela argudiatuta; hogei egun dituzte horretarako.

KARTZELA ERREGIMENA

Fiskaltzak epaiketako azkeneko saioan eskatu zuen kondena erdia bete arte zigortuei ez ezartzeko hirugarren gradua edo erregimen irekia, baina epaiak ez du jaso halako debekurik. Bi hilabeteren buruan jakingo da preso katalanak zenbatgarren graduan jarriko dituzten, eta, halaber, ikusi beharko da zein kartzelatan dauden. Kataluniako Generalitateak espetxe eskumena du —estatuan eskumen hori daukan erkidego bakarra da—. Gorenak dio zigortuen espetxe egoeraren eta eskaeren azterketa orok banan banakoa izan behar duela, kartzela araudiak dioena betez. Nabarmendu du espetxe zigorra ez ezik inhabilitazio osoa ere jaso dutela.

INDULTUA

Behin epaia badela, Espainiako Gobernuak eskumena du auzipetuei indultua emateko; osoa edo partziala izan ahal da. Esate baterako, Jose Maria Aznarren (PP) gobernuak indultu partziala eman zien Jose Barrionuevo eta Rafael Vera GAL auziagatik preso zeudenei: hamarna urteko espetxe zigorra zeukaten, eta hiru hilabetera atera ziren kartzelatik, 1998an, Ministroen Kontseiluaren erabakiari esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.