Zalantzan azkeneraino

Italiako hauteskundeetarako bi aste falta direla, azkeneko inkestak argitaratu dituzte: inork ez du agintzeko behar adinako gehiengorik

Silvio Berlusconi, kanpainako ekitaldi batean, Milanen. MATTEO BAZZI / EFE.
mikel rodriguez
2018ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Italiako hauteskunde legearen arabera, bozetarako falta diren azken bi asteetan ezin da inkestarik argitaratu. Martxoaren 4an egitekoak dituzte hauteskunde orokorrak, eta atzo argitaratu zituzten azkenekoak. Aitzinekoetan agertutako panoramaberdintsua irudikatu dute horiek ere: alderdi bakar batek ere ezdu lortuko agintzeko behar adinako gehiengoa, eta, iragarpenak hautsiko lituzkeen aliantzarik egin ezean, Italian bertze behin gobernabide krisi bat sortuko litzateke. «Italiak gobernu bat edukiko du. Gobernu egonkor bat edukiko du», adierazi zuen Paolo Gentilone jarduneko lehen ministroak, Berlinen, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin batera egindako agerraldi batean.

Corriere della Sera, La Repubblica, La Stampa eta Il Sole 24 Ore egunkariek argitaratu zituzten atzoko inkestak. Guztien arabera, Forza Italia eskuindarrak eta Lega Nord eskuin muturrekoak osatzen duten aliantzak irabaziko lituzke hauteskundeak, botoen %34,7 eta %37 artean lortuta. Hala ere, inkesta bakar batean ere ez du lortu bertze alderdiei behar adinako alderik ateratzea. Bigarren tokian M5S 5 Izar Mugimendua kokatu dute guztiek, botoen %27 eta %29,4 arteko langan. Hiru alderdi nagusien lehia horretan, berriz, Gentilone jarduneko lehen ministroaren eta Matteo Renzi hautagai eta lehen ministro ohiaren PD Alderdi Demokrata galtzaile: botoen %21,9 eta %24,5 artean.

Erabaki gabeko botoa

Hiru alderdiek harreman ezin okerragoak dituzte elkarrekin, eta, martxoaren 4an inkestek adierazitakoa berretsiz gero, guztiz aldatu beharko lukete jarrera akordioren bat justifikatzeko. Akordioren bat eginen ez balute, Silvio Berlusconi aliantza eskuindarraren liderrak —ezin da hautagai izan, inhabilitatuta dagoelako— eta Renzik errana dute nahiago dutela berriz ere hauteskundeetara deitzea. Bertze aukera bat izan liteke Sergio Mattarella presidenteak behin-behineko gobernu bat izendatzea, egoera desblokeatu arte akordio batekin, edo bertze hauteskunde lege bat onartuta.

Hala ere, atzoko inkestetan azaldutakoaren arabera, ezusteren bat ere gerta liteke, botoa erabaki gabe dutenen kopurua handia dela adierazi baitute: %34 eta %45 artekoa. Berlusconik, eskandaluek itota, dimisioa eman zuenetik 2011n, lau lehen ministro izan ditu Italiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.