Duintasunaren garaipena lortu nahi du Realak, Old Trafforden goseti arituta

Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Sailkatu aditza ia erabat desagertu da Realaren Europa ligako hiztegitik. Txuri-urdinek mirariaren pareko zerbait egin beharko lukete gaur iluntzean Manchester United kaleratzeko, baina horrek ez du esan nahi donostiarrak paseora joan direnik Ingalaterrara. Imanol Algucilen jokalariek, entrenatzailea buru dutela, duintasunaren garaipena eskuratu nahi dute Old Trafforden, gaur zortzi Turinen hartutako kolpea apur bat samurtzeko.

Lan zaila izango dute Uniteden estadioan. Etxeko lanak eginak izanagatik, Ole Gunnar Solksjaerren taldea beti da hezur gogorra, eta, bigarren lerroko jokalariak ariko balira ere, aukerarik txikiena ere ez dio eman nahiko Realari. Dena den, ahalik eta ondoen aritzeko asmoz bidaiatu dutela esan zuen atzo Alex Remiro donostiarren atezainak: «Zaila izango da irabaztea. Aurrekoan ez genuen gure mailarik onena eskaini; argi dago gaitza izango dela kanporaketa iraultzea, baina lehiatzera, partida ona egitera eta irabaztera joan behar dugu».

Fernandezen zain, oraindik

Jokoan deus gutxi izanda ere, Imanol Alguacilek partida irabazteko asmoa adierazi zuen atzo, eta oker handirik ezean horretara bideratutako hamaikakoa zelairatuko du. David Silavari eta Asier Illamendiri baino ez die eman atseden. Carlos Fernandez aurrelaria taldekideekin aritu da astean zehar, baina oraindik ez dago jokatzeko moduan, Imanolek azaldu duenez: «Oraindik goizegi da horretarako, eta aurrerago itzuliko da».

MANCHESTER UNITED-REALA
Manchester United. Henderson; Wan-Bissaka, Bailly, Tuanzebe, Alex Telles; Matic, Fred; Diallo, Mata, Shoretire; Martial.
Reala. Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Monreal; Silva, Gebara, Merino; Portu, Januzaj, eta Isak.
Epailea. Lawrence Visser.
Lekua. Old Trafford (Ikuslerik ez).
Ordua. 21:00etan (Movistar) .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.