Literatura. 'Bihotzean dramagun mundua'

Orainaldia etorkizunean

Idazlea: Maite Darceles. Argitaletxea: Alberdania.

2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Helene jada ez zaio ari, aspaldi, hamarka urte lehenagoko gertakariez. Lorearen munduaz ari da, eta Loreak ez du sekula entzun, ez pentsatu, desberdintasunean oinarritzen denik bere mundua. Baina zentzu betea dauka Helenek dioenak.ยป

Horrela dio Maite Darcelesen Bihotzean daramagun mundua eleberriko pasarte batek. Etorkizun oso hurbilean jazotzen den istorio honetako protagonista, Lorea, hasiera batean ondo bizi da bere munduan, harik eta berezkoa duen jakin-minak mundu horren itxurazko oreka perfektuaren azpiko ustelkeriaz jabetzera eramango duen arte. Hori baita eleberriaren gakoetako bat: kontzientzia hartzea.

Tesi nobela bat dela esan du beste inork ere. Hala izanik, batzuetan lanak izan ditut pertsonaien diskurtsoa eta nobelarena berarena bereizten; bereizterik balego, behintzat. Diskurtsoaren eta gertakarien arteko orekan egiten du aurrera kontakizunak, batzuetan oreka galtzen duen arren. Pasarte zehatz bat aipatzearren: Loreari Helenek ematen dion gutuna; oso-osorik ageri da liburuan. Gutuna kontakizunaren korapiloaren zati garrantzitsua da, bertan ematen zaio, era berean, irakurleari etorkizun hurbil horren egiazko iraganaren berri gure orainaldiaren berri, alegia; Heleneren perspektibatik, nolanahi ere. Lorearen jakin-minaren asetzea ere bada. Baina, are garrantzizkoago, berarentzat ezezagun diren iraganeko askapen borroken berriak dira gutunean kontatutakoak.

Gutunak narrazioaren harian garrantzia badu ere eleberriaren erritmoa ia erabat hausten duela begitandu zait. Ordura arteko eta hortik aurrerako erritmoa bizia da, Darcelesen prosa bizia baita, entretenigarria, irakurlea istorioaren hari batetik bestera airoski daramana. Diskurtsoaren pisuak tarteka moteltzen badu ere, batzuetan goia jotzen du kontakizunak: eleberriak pasarte gogoangarriak dituela iruditu zait.

Diskurtsoaren eta gertakarien arteko orekan bada pisuzko beste elementu bat: etorkizuna. Arestian esan bezala, etorkizun distopikoa ageri da eleberrian, nahiz eta idilikoa izan bertako biztanle gehienentzat. Teknologiaren garapenak gizartearen erabateko kontrola ahalbidetzen du eta kontzientziaz hustua da bizimodua: azalekoa, menekoa. Darcelesek lortzen du fokua pertsonaietan jarri eta etorkizun ustez idiliko horren berri haien bitartez ematen: ez da xehetasun teknikoak aletzen galtzen.

Eleberriak aldezten duen diskurtsoarekin izan dut, agian, lan gehien. Sinesgogortasuna eteteaz gain, halakoetan zinismoa bera ere eten behar izaten baita, eta nekezagoa izaten da hori. Kontzientzia hartzearen kontakizuna xaloa gerta baitaiteke batzuetan, ia erabateko ezjakintasun edota pasibotasun egoerak egunero bizi ditugula konturatzeke.

Zientzia fikziozkoa da eleberria, eta aipatu izan da gurean halako askorik ez dela argitaratzen. Generoak teknologiaren garapenaren inguruko espekulazioez gain egungo gizartearen kritika egiteko parada paregabea ematen dio egileari, nahiz eta ikuspegia orokorra izan: mendebaldeko gizarte kapitalistaren dekadentzia. Egungo joera batzuk muturrera eraman eta haien gaitzez ohartarazten du Bihotzean daramagun mundua-k. Era berean, mundu berri ideal baten zantzuak ere ematen ditu Darcelesek. Mundu berri baten desira du aldarri, gaur egun ere zabaldua den desiraren ispilu, beharbada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.