Alaves 2-1 Vila-real

Amorerik eman gabe

Alavesek irabazi egin dio Vila-reali, eta mailari eustearekin amets egiten du oraindik. Segituan aurreratu da, baina sufritu egin du azkenerako

Escalante eta Laguardia, atzoko bi goletako bat ospatzen. Biak izan ziren golegileak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Laguardiak (4. min.). 2-0: Escalantek (31. min.). 2-1: Chukwuezek (47. min.).

Eutsi, etsi gabe. Alaves kinka larrian dago, baina ez du amore emateko asmorik. Babazorroek zaila dute Lehen Mailari eustea, baina prest daude beren aukerei lotzeko. Agerian utzi zuten hori atzo Vila-realen aurka jokatutako neurketan. Gasteiztarrek mendean hartu zituzten Herrialde Katalanetakoak: 2-1.

Julio Velazquez entrenatzaileak eskaera bat egin zien bere jokalariei, partida jokatu bezperan: «Belarra jateko gogoz aritu zaitezte». Esan eta egin. Garaipen gosez abiatu zen Alaves, hutserako tarte txikia zuela jakinda. Hala, etxekoak laugarren minutuan aurreratu ziren markagailuan. Victor Laguardia kapitainak egin zuen gola, korner jaurtiketa bateko alderatzea baliatuta.

Alavesek bere legea ezarri zuen lehen minutuetan. Geldikako jokaldietan soilik ez, baita zelaian ere. Behin aurrea hartuta, galdu ezinezko aukera zabaldu zitzaion parez pare. Hala, nagusitasunari eutsi zion hurrengo minutuetan, eta berandu baino lehen jaso zuen ordaina. Gonzalo Escalantek bigarren gola sartu zuen 31. minutuan. Argentinarrak gasteiztarren suspertzaile izaten segitzen du.

Ruben Duartek ondu zuen bigarren goleko jokaldia. Ezker hegaletik egindako saialdian, hondoko marraraino ailegatu zen, eta hark emandako pasea probestu zuen Escalantek. Baloi jabetza Vila-realena izanagatik, Alaves aurretik joan zen atsedenaldira.

Bigarren zatian, ordea, majo sufritu zuten etxekoek. Etenetik itzuli orduko aldeak murriztu zituen Vila-realek. Samu Chukwuezek Fernando Pachecoren huts bat probestu zuen aldeak murrizteko. Alaveseko atezaina trakets aritu zen atzo.

Ordutik aurrera, Vila-realek izugarri estutu zuen Alaves, baina etxekoek eutsi zioten emaitzari, eta garaipen bikaina lotu zuten.

Reala eta Osasuna, gaur

Alavesen garaipenak mesede egin dio Realari Europa ligara sailkatzeko lehian. Txuri-urdinek Rayo Vallecanoren zelaian jokatuko dute gaur (18:30). Osasunak, bere aldetik, Elx talderi egingo dio bisita (14:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.