BILBOKO ASTE NAGUSIA

Gai maiztuenari izkin egin diote

Bilboko Konpartsek kolorez bete dute Areatza ingurua ostera ere. Txosnak dekoratzeko, askotariko gaietara jo dute, sozialak eta politikoak batez ere: ustelkeria, ludopatia eta euskara izan dira hizpidera ekarritako zenbait; koronabirusa, apenas. Hontzak-ek irabazi du dekorazio onenaren Kanpaia saria.

5. Identifikagarriak. Laranja da Kranbaren kolorea. ARITZ LOIOLA / @FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Hizpide bakarra izan da bi urte inguruan, baina badirudi batzuek ahal bezain pronto kendu nahi dutela bistatik. Bilboko Konpartsen Areatzako txosnei erreparatuta, bederen, kasik desagertu egin da koronabirusa; dekorazioan, behintzat, ez da ia haren arrastorik ageri. Inertziari izkin egin, eta askotariko eta aspaldiko gaietan oinarrituta apaindu dituzte panelak aurten. Hontzak konpartsa anarkistak irabazi du dekorazio onenaren Kanpaia saria, seigarrenez, eta, hain zuzen, kontu zahar bati helduta gailendu da: ustelkeria. Dekorazio kaskarrenari eskainitako Eulia saria, berriz, Irrintziri eman diote: aipamena jasotzen duen laugarren aldia da. 2007an hasi ziren sariok banatzen.

EAJ du jopuntuan Hontzak-en diseinuak, batik bat, baina beste asko ere badakartza gogora. Galdara handi bat jarri dute, eta alderdi politikoaren logoarekin apaindu dituzte hark mugiarazten dituen engranajeak. Goian, izenburu elebiduna, euskaraz eta ingelesez, azken urteetan erakundeak izendatzeko irizpideari erreferentzia egiten: «Jaungoikoa eta lagi zarra. Money making machine» (Dirua egiteko makina). Parean, entxufe zuri sorta bat paratu dute, bakoitza erakunde edo enpresa bati dagokiona: hala nola Petronor, Repsol, Last Tour, Iberdrola, EITB eta Athletic daude galdarari lotuta. Eta beste izen bat: «Basque jeltzale entxufe energy sistem». PSOE ere irudikatu dute iturri horretatik edaten.

EAJko agintariak ageri dira, halaber, Satorrak-en txosnan. Zirkua mamitu da Karpagunean, eta kartel deigarriekin iragarri dituzte emanaldiak: Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia sailburua eta Juan Mari Aburto alkatea sudur gorriekin irudikatu dituzte, eta baita Carlos Iturgaiz EAEko PPko burua eta Santiago Abascal Voxeko Espainiako burua ere. Sinkuartel konpartsa antimilitaristak ere kritikarako baliatu ditu panelak, eta estatuko defentsa aurrekontua deitoratu du: «40.000 milioi euro baino gehiago gerrarako».

Euskara eta abar, eta abar

Estalpeen gunean, dekorazioa nabarmen antzaldatu da: morea desagertu, eta berde bizia agertu da. Mamiki konpartsa feministak txosnarik ez jartzea erabaki du aurten, nahiz eta jarduerak antolatu dituen, eta haren tokia hartu du Hor Dago Abantek, Triangunea utzita. «Leku ona da», onartu du Luxie kideak: «Guretzat erosoagoa da, beste lekuan iturria zegoelako erdian». Era berean, hurbiltzen zaien jende kopuruan ere sumatzen ari dira aldaketa: «Kutxan igarri dugu».

Emakume alai bat ageri da konpartsaren logoan, ile kizkur horidun eta begian partxea duen pirata bat. Hura erreproduzitu dute panel handi batean. Barraren atzean, askotarikoak dira banderak: ikurrina, Ongi Etorri Errefuxiatuak-ena, baita Mamikirena ere. Baina, oroz gain, euskarazko hedabideen aldekoa da Abante, eta ezinbestean nabari da hori: itsasadarrera ematen duen aldean, BERRIAren oihal handi bat jarri dute, eta egunkariaren hainbat ale daude barran. Zirgarien irudi batekin biribildu dute dekorazioa: «30 urtez egon gara euskal herri mugimenduari tiraka. Hori islatzen du irudiak».

Hau Pittu Hau konpartsakoek gerlari itxurako hainbat lagun paratu dituzte oihal laranja eta morearen gaineko panelean. Armatuta daude, borroka egiteko prest. Euskara eta euskal errepublika aldarrikatzen ditu konpartsak, eta bide orria modu horretan irudikatu dute aurten, kide batek azaldu duenez. «Ekiteko deia da. Euskaldun gisa pauso hori eman behar dugu: ez bakarrik defentsarako prest egon, baita aktibatu ere». Bikingoen estetikan inspiratu dira mezu hori helarazteko, «horiek ere oso herrikoiak zirelako».

Trikimailuk, berriz, jokoari erreparatu dio. Karpagunean dago txosna, Satorrak-en aldamenean, eta bien dekorazioek zeharo koloretsua bilakatu dute gune hori. Zirkuaren ondoan, joko areto bat irudikatu dute Trikimailukoek, apustu fitxa eta guzti. Datu batzuk ere badaude, ordea: «15 eta 64 urte bitarteko biztanleen %64,2k diruarekin jokatu dute aurten», eta «Emakume ludopaten %70ek tratu txarrak jasaten dituzte».

«Kritika bat da ludopatiari», azaldu du kide batek, «gero eta handiagoa baita arazoa». Joko etxeak ere kritikatu, eta gogora ekarri dute haiekin sortu den polemika hezkuntza zentroetatik gertu daudelako. Interneteko jokoaz ere mintzo dira, umeak lotzeko duen ahalmena dela eta. Eta, umeez gain, beste talde kaltebera bati ere erreparatu diote: tratu txarrak egin dizkieten andreei. «Gabezia batzuk betetzeko jotzen dute online jokora, ordenagailuaren aurrean ordu txikietara arte egon eta arazoez ahazten baitira».

Altxa Porruren txosnan, koronabirusa itzuli da. Baina dekorazio itxaropentsu bat ondu dute: barraren atzeko panel osoa sugarrek hartzen dute, baina goikoan, txinparten gainetik gailentzen da segizio bat, hala nola kulturgileek, herri kirolariek eta hainbat herri proiektutakoek osatutakoa. Errautsetatik birsortu dira, kide batek azaldu duenez. «Eztabaidatxo bat izan genuen konpartsakideok: prest gaude, itzultzeko gai izango gara?». Galderon erantzunak ere islatzen ditu dekorazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.