Ekainaren 10eko giza katea. Eragileen babesa

Esku asko dira bultzaka

GEDek egin du giza katerako deialdia; ez du, ordea, babesik gabe egin. Azken hilabeteetan indarra hartu duten euskal gizarteko hainbat eragile eta mugimenduren atxikimendua lortu du: mugimendu feminista, pentsiodunak, gazteak...

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Bakoitza bere aldarrikapenekin irten da kalera, eta lehen lerroan jarri dituzte haien arazoak eta eskaerak: mugimendu feminista, pentsiodunak... Jende eta arrazoi olatuak sortu dituzte. Haiek ere bat egin dute giza katearekin, guztiek erabakitze eskubidea mahai gainean jartzeko asmoz, bakoitzak bere arrazoiak emanez. Eurentzaterabakitze eskubidea zerbait gehiago baita Euskal Herriaren estatus politikoaren inguruan eztabaidatzeko galdera bat erantzutea baino. Egunerokoan eragiten duen zerbait, bakoitzaren esparruan, eta denenean.

EMAKUMEEN MUNDU MARTXA

Martxoaren 8kopotentzialitatea

Euskal Herriko Emakumeen mundu martxak bat egin du giza katearekin. Hala egin du, mugimendu feministak bere horretan atxikimendua emateko «denbora luzeko lanketa bat» beharko lukeelako, Naia Torrealdai kidearen arabera. Halere, emakume feminista guztiei egin diete dei parte hartzeko.

Torrealdaik adierazi du mundu martxarentzatzentrala dela «norbere gorputzaren eta norbere lurraldearen burujabetzaren inguruko diskurtsoa», eta GEDek gai hori erabat lantzen duela: «Erabakiak hartzearen aldeko mugimendu bat da, hori sustatzen duena, eta emakumeentzat, feminismoaren historian, oso garrantzitsua izan da erabakitzeko eskubide hori». Burujabetzara bidean, erabakitzeko eskubidea ezinbestekoa dela uste dute. Horregatik, uste dute GED mugimendu sozialen garrantziaz jabetu dela, dinamikan barneratuz: «Maila sozialean sakondu behar da herri moduan erabakitze eskubidea izateko».

Torrealdairentzat,erabakitze eskubidea independentziari baietz edo ezetz esatetik harago doa: «Hori ere bada, baina erabakitzearen eta burujabetzaren kontzeptua askoz zabalagoa da». Gizarte mugimenduetan ikusten du: feminista, pentsiodun, migratzaile...

Beraz, deia egin dute bihar parte hartzeko eta hiriburuetan egongo diren kilometro feministetara joateko. Herri eta auzoetan aterako diren emakumeei, berriz, besoko morea janzteko deia egin diete: «Ikur moduan; martxoaren 8an izaniko potentzialitate hori guztia ikusarazteko».

PENTSIODUNAK

«Guregan eragina dutengauzetan erabakitzeko»

Pentsiodunen plataforma guztiei ez zaie beharrezkoa iruditzen egitasmo hau egitea; bai, ordea, pentsio duinen alde Euskal Herrian jada hamar urte lanean daramatzatenei. Hala azaldu du Carlos Ruizek: «Uste dugu beharrezkoa dela eragiten diguten gauzetan erabakitze eskubidea izatea».

Besteak beste, pentsioen eta dependentziaren inguruko erabakietan eragina izan nahi dute, hor parte hartu behar dela irudikatu. «Dena Madrilen erabakitzeari uztea behar dugu, azken urteetan iritsi zaigun denak muturreko egoera prekarioan utzi gaitu eta», azaldu du Ruizek. Duintasunez bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dute, eta, horretarako, aberastasunaren bilketan eta banaketan eragin beharra azpimarratu du.

Haiek kontuan hartzeko, uste dute ezinbestekoa dela erabakitze eskubidearen tresna, eta «olatuari» batzea erabaki dute, «pertsonak subjektu izateko». Gauzak horrela, Ruizek Katalunia hartu du adibidetzat: «Nolabait berdindu egin behar ditugu. Emantzipazio bat izan dute, nahiz eta ez utzi praktikan jartzen».

Ruizek uste du azken hamarkadetan gizarte mugimenduek indarra galdu dutela, baina horri buelta eman zaiola: «Hainbesteko presioa egin digute eta hainbestebihurritu dute legea, azkenean jendeak erreakzionatu egin baitu». Herritarrak kalera atera izana aprobetxatu behar dela uste du, «galdutakoa berreskuratu eta espazioak irabazteko». Horregatik, pentsiodunen eskaerak presente egongo dira giza katean. Pentsiodunak bildu nahi dituzte hiriburuetako udaletxeen aurrean, eta herrietan ere udaletxe aurrera azaltzeko deialdiak egingo dituzte.

ELA

Bestelako eredu batendefentsan

ELA sindikatuko batzorde exekutiboko kide Xabier Anzaren esanetan, sindikatuak bi arrazoi nagusi ditu giza katearen helburuekin bat egiteko. Alde batetik, autogobernuak azken urteetan jasaniko higadura aipatu du, eta azaldu «ikaragarri» kezkatzen dituela Espainiako estatuak jartzen dituen helegiteak, bai Nafarroan, bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hartzen diren erabakien kontra. Horri Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren «doktrina zentralizatzailea» gehitu dio, baita Espainiatik iristen diren oinarrizko legeak ere: «Hezkuntzan erabateko eskumena genuela uste genuen, baina LOMCE iritsi, eta oinarrizko lege bat denez, hankaz gora jartzen du zure sistema». Autogobernua badagoela adierazi du, «baina inboluzio ikaragarri batean».

Bigarren arrazoitzat jo du bestelako gizarte bat aurrera eramateko erabaki beharra: «Asteburu honetan ospatu genuen Alternatiben herria, erakusteko badaudela beste eredu batzuk, finantzetan, elikaduran... Horretarako eskumenak behar ditugu».

Biak lotuta doaz, Anzaren ustez. Izan ere, Espainiak errekurtsoa jartzen dien lege gehienak «kutsu soziala dutenak» dira: «Ez da autogobernua nahi dugula soilik, beste eredu bat gauzatu nahi dugula baizik».

LAB

Euskal estatu burujabe bat helburu hartuta

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak azaldu du «modu masiboan» hartuko dutela parte giza katean, hasieratik egon direla GEDekin «konprometituta» eta ez dutela zalantzarik: «Baietz esaten diogu gure etorkizuna erabakitzeari; euskal estatu burujabea da gure helburua».

Eta erabakitzeko eskubidea zertarako? Argi du LABeko idazkari nagusiak: «Egoera laboral eta soziala iraultzeko, erreforma eta murrizketa guztiei aurre egin eta alternatibak eraikitzeko, Euskal Herria prozesu eratzaile eta eraldatzaile batean murgiltzeko».

Aranburuk dio oinarri berriak dituen «jendarte eredu askea» nahi dutela, eta «posible» dela: «Estatua da tresna Euskal Herria politikoki egituratzeko eta sozialki kohesionatzeko, eta bizitza duina bermatzeko behar ditugun baliabide politiko, ekonomiko eta sozialak eskuratzeko».

LABeko idazkariak nabarmendu du «langileen bizi eta lan baldintzak hobetzeko» erabaki nahi dutela. Lan harremanen, babes sozialaren, eredu sozialaren eta ekonomikoaren eta demokraziaren inguruan erabaki nahi dutela: «Lan duina bermatuko duen Euskal Herriko langileen estatutua eratzeko, lan harremanetarako esparru propioa egituratzeko, besteak beste».

EGI

Gazteen deskonexioari buelta emateko

EGI Euzko Gaztedi gazte antolakundeak ere babesa eman dio Gure Esku Dago-ri. «Alderdi abertzale baten parte garen heinean, uste dugu herri honek burujabe izateko eskubidea duela», adierazi du EGIko Arabako idazkari Alvaro Castillok. Halere, abertzale aurretik demokratak direla azaldu du. Era horretan, autogobernuak izan behar duen muga bakarra «herritarren borondatea» dela uste du Castillok.

EGIko kideak defendatu du dinamika parte hartzaileak eta politikak batera joan behar dutela. Horregatik, legebiltzarraren lana «txalotzen» dutela azaldu du, baina kalean herritarrek parte hartu behar dutela esanda: «Argi uzteko herri bezala herritarrok boza eman nahi dugula, erabakitzeko zer estatus politiko nahi dugun». Hori da, Castilloren ustez, igandean irudikatu nahi dena: «Nahiz eta hauteskundeetan berdin ez bozkatu, ezberdinak izateak aberastu egiten gaitu, herri gisa kohesioa ematen digu».

Biharko, Castillok «gogoa» ikusten du, baita «ilusioa» ere. Gazteengan arreta jarriz, uste du asko «deskonektatuta» bizi direla, eta hori GEDen eta haren egitasmoak antolatzeko bileretan ikusten dela. «Ea igandean gazteok zeresanik dugun, eta horri buelta ematen diogun», azaldu du: «Etorkizuna erabakitzeaz ari bagara, etorkizun horren erabakiaren emaitza gazteok disfrutatu, bizi edo pairatuko ditugu».

ERNAI

Bizitza erdigunean jartzeko

Ernaik erabakitze eskubidea «bizitzaren gaineko kontrolarekin» lotzen du: «Gazte gisa, gure bizitzen gainean nork agintzen duen». Ernaiko kide Asier Zamoranoren esanetan, «bizitzaren pautak markatzen dituzten elite ekonomiko batzuk» daude, batetik, eta Espainiako eta Frantziako estatuetako hainbat agintarik aplikatzen dituzten neurriak bestetik. Ernaiko kideak azaldu du prekaritatea dagoela politika horien oinarrian: «Bizitza prekario bat eskaintzen digute, bizitzako esparru guztietan: enpleguan, hezkuntzan, etxebizitzan, aisialdian... Horrekin, ezinezkoa da bizi proiektu duin bat garatzea».

Ernaik erabakitzeko gaitasunarekin lotzen du hori guztia. Zamoranok azaldu du egun gazteek ezin dituztela euren bizitzen oinarriaren inguruko erabakiak hartu, eta adierazi du «beste oinarri eta balio batzuen arabera» antolatu beharko litzatekeela gizartea. Horregatik, erabakimena gazteek kolektibo gisa izan behar dutela uste du, baina baita lurralde bati lotutako zerbait: «Bizitza erdigunean jartzeko eredu hori Euskal Herrirako nahi dugu. Badakigu estatu espainolarenganako menpekotasunak ez duela horren alde egiten». Ernaiko kidearen ustez, besteak beste, Altsasuko gazteen atxiloketek eta Mozal legeak Espainian hori lortzea «ezinezkoa» dela erakusten dute: «Dependentzia horietatik ateratzeko, funtsezkoa zaigu herri gisa erabakitzea».

ERABAKIZALEAK

Sistema judizial propio bat

Erabakitze eskubidearen aldeko legelarien plataformak bat egin du katearekin. Bat egin du erabakitzea bera jada askatasuna izan daitekeelako, Iñigo Sancho kidearen esanetan. Estatu baten gaitasun demokratikoa aztertzerakoan «gizartearekin batera aldatzeko duen gaitasuna» ere aztertu behar dela azaldu du.

Erabakizaleek bat egin dute katearekin, ikusi baitute euskal gizarteak argi duela bere etorkizunaren jabe izan nahi duela, eta ikusten dutelako horretarako eskubidea duela. Iritzi eta adierazpen eskubideak funtsezko iruditzen zaizkie gizarte demokratiko baterako, eta Sanchok dio horiek mugatzen diren lekuetan dudan jar daitekeela «zuzenbide estatua benetan zuzenbideko den».

Jurista gisa, arrazoiak ikusi dituzte parte hartzeko. Besteak beste, Sanchok Gernikako estatutua aipatu du: «Pentsaezina da lege organiko batek 40 urte izatea eta oraindik erabat gauzatu gabe egotea». Estatuaren borondate falta eta estatutuko eskubide horiek martxan jartzeko tresna propioen falta daude horren atzean, Sanchoren esanetan. Beraz, erabakitze eskubidearen aldarrikapena «herritarren ongizatea hobetzeari begira» egiten da, Erabakizaleak plataformako kideentzat.

Sistema judizial propio baten beharra azpimarratu du Sanchok: «Ez da ulergarria hemen zerbait erabaki, eta Madrilen Auzitegi Konstituzionalak horri buelta ematea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.