Albistea entzun

Andrea Oubiña. Orioko arraunlaria

«Gero eta gehiago kostatzen da irabaztea, eta horrek ematen dio balioa lortutakoari»

Mitoa handitzeko bidean da O Groveko (Galizia) arraunlaria: hamargarren aldiz irabaz dezake gaur Kontxako Bandera. Bost dauzka Rias Baixasekin, eta lau San Juanekin. Oriorekin jar diezaioke zenbaki biribila bestela ere oparoa den palmaresari.
IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola Garate -

2022ko irailak 11 - Orio

Ostegunean, ama etorri zitzaion Galiziatik bisitan Andrea Oubiñari (O Grove, Galizia, 1990). Alaba ikusi nahi du gaur Kontxako Bandera hamargarren aldiz irabazten. Amari belztu zitzaion kopeta alabak 12 urte zituenean, «ama, arraunean hasi behar dut», esan zionean. Joan egin zen, amaren diosalik gabe. Probatu, eta gaur arte.

Bederatzi aldiz irabazi duzu Kontxako Bandera. Erraz esaten da.

Aurreneko bostak segidan izan ziren Galiziarekin, Rias Baixas taldearekin, eta urtez urte joan nintzen balioa ematen. Orain jabetzen naiz zerbait historikoa egin genuela, urteen joanean. San Juanekin ere berdin, taldean nintzela lau erreskadan irabazi genituelako. Gero eta gehiago kostatzen da irabaztea, eta horregatik ere ematen diot balioa.

Irabazten ez denean ere bai, ezta?

Hori da. Konturatzen zara zein zaila den irabaztea.

Arraunean hasi zinenean han Galizian, burutik pasatu zitzaizun traineruan lehiatuko zinela egunen batean?

Inola ere ez. Orduan ez zegoen traineruen lehiarik. Udako denbora-pasa bezala hasi nintzen arraunean, eta ez nuen uste hainbeste gustatuko zitzaidanik. Lagun guztiek utzi egin zuten hasi eta hurrengo urtean, baina nik segi. Pentsa zenbat gustatu zitzaidan, herritik kanpora ere joan nintzen arraun egiteko talde bila, herrian ezin nuelako. Kadeteetan eta gazte mailan, Nautico Vigon ibili nintzen, eta gero, Meiran, zazpi urtez; lau urtez San Juanen, eta bi Donostiarran, hemen Euskal Herrian. Beti atera izan ditut babak eltzetik arraun egiteagatik.

Zer du ba arraunak hainbeste gustatzeko?

Kirola egitea gustatzen zait. Gogorra da, negua oso luze egiten da. Udan gozatzen da, nola bizitzen den lehia ederra da. Neguko lan astuna berdintzen du. Irabazitakoan poz berezia sentitzen da, eta apartekoa da talde batean egotea.

Kontxako garaipenez gain, sekulako palmaresa daukazu: zazpitan irabazi duzu Euskotren liga, eta hamarretik gora Espainiako Txapelketa bateletan eta trainerilletan. Irabazlea zara.

Tira... Ezin esan ez naizenik. Zortea izan dut, une egokian egon naizelako talde onetan. Azkenean, hau taldeko lana delako. Taldekideak ezinbestekoak dira hau guztia irabazteko. Lan handia dago atzean. Hala ere, arreta nigan bakarrik jartzea ez zait gustatzen, taldea delako arrauneko eskifaia bat.

Kontxako aurreneko garaipenaz hitz egin dezagun, 2008koaz. Ia egun batetik bestera antolatu zen. Jakin zenutenean, zer pentsatu zenuten?

Uste dut trainerillak egiten ari ginela. Hiru talde onenak batu ginen: Meira, Chapela eta Cabo da Cruz. Trainerua osatu genuen, eta astean hirutan entrenatzen genuen, asteburuaz gain. Ez genekien zer zetorren gero. Han ez zegoen estropadarik, eta Kontxan lehiatzeko elkartu ginen.Udanbertan hasi ginen entrenatzen.

Donostiara iritsi, dena ezezaguna zen talde guztientzat, baina zuentzat gehiago, agian?

Bai, baina horrela hasi zen emakumezkoen Kontxako Bandera, egun batetik bestera kasik.

Sailkatze estropada larunbat arratsaldean izan zenuten, eta itsaso txarra zegoen. Zer pentsatu zenuten?

Ez naiz asko oroitzen. Urte asko dira. Iritsi ginen, eta ea zer gertatzen zen. Uste dut lau talde bakarrik sailkatzen ginela banderaren lehiarako, eta igandean ere antzera, ea zer ateratzen zen, itsu-itsuan.

Larunbat hartan, asko entzun zen hau: «Nora doaz hauek!».

Ez naiz oroitzen horretaz

Zer zen orduan Kontxako Bandera zuretzat?

Lehenagotik etorria nintzen ikustera, arraunen hasi baino lehen. Gurasoekin eta lagunekin pare bat aldiz izana nintzen. Giroa asko gustatu zitzaidan. Ez nuen sekula imajinatu arraun egingo nuenik bertan.

Arraun egin ez ezik, irabazi ere bai.

Non geunden ere ez genekien irabazi genuenean. Ez ginen jabetzen zer zen. Oso polita izan zen, hori bai.

Hurrengo urteetan, lasaiago prestatu zenuten?

Ez pentsa. Galizian beti batzen ginen trainerilletako denboraldiaren ondoren. Han indar handia dute ontzi txikiek. Udan joaten ginen egokitzen. Orain, hemen, traineruak hartu du prestakuntza osoa, baina han, ez hainbeste. Cabo eta Chapela aritzen dira traineruan noizean behin ontzi txikien denboraldian, dena dela. Baina hemen, bateletako txapelketa batean zortzi batel bakarrik azaltzen dira, eta gero, Kontxako sailkatze estropadan, askoz traineru gehiago. Horrek erakusten du garrantzia zeri ematen dioten klubek.

Bandera irabazi eta gero, une bereziak bizitzen dituzue. Baten bat bereziki gustatzen zaizu?

Bandera itsasontzian jasotzea polita da. Bestela, lehen esan dizudana dago: nola eman diedan balioa garaipenei urteen joanean.

Kontrarioak ere gero eta hobeak izan...

Hori da. Gero eta indartsuagoak ziren, eta kezka sortu zigun, ea hain gutxi prestatuta nahikoa izango zen. Neguan hasi behar genuela elkartzen, baina negua iristen zen, eta arraunlari bakoitzak bere taldean segitzen zuen. Aurkariak ginen azkenean!

Galiziako garaipen haiek itsustu egiten ziren hemendik: selekzioa izatea abantaila handia zela zuentzat. Zer duzu esateko?

Ez genion garrantzia handirik ematen, baina min ematen zigun, balioa kentzen zielako gure garaipenei. Azken batean, hemengo taldeetan ere, arraunlari guztiak ez ziren herrietakoak bertakoak.

Galiziaren bost garaipen haiek eta gero, 2013an ez zenuen arraun egin, eta 2014an itzuli ziren Kontxara Meirarekin. Ez zineten sailkatu, ordea.

ia 11 segundogatik geratu ginen kanpoan. Min eman zigun. Euskotren ligan aritu ginen, eta ez genuen lehiaketa ona egin. Kontxarako propio prestatzen jardun genuen gero, eta ondo gentozen, sasoiko, baina ez zen atera.

Galizia utzi, eta Pasai Donibanera etorri zinen 2015ean, San Juanen arraun egitera. Nola izan zen?

Etxabek deitu zidan martxoan edo. Udarako etorri nintzen, ekain hasieran. Pentsatuko nuela erantzun nion, baina denbora asko ez nuen behar izan. Gogo handia neukan hemen probatzeko. Atzera egiten zidana zen uda osoa hemen bakarrik egon beharra.

Kontxako Bandera lehen aldiz aurreko urtean irabazi zuen talde batera etorri zinen. Zer aurkitu zenuen?

Hainbat arraunlarik utzi zuten aurreko urtetik, eta eraberritua zegoen. Gustura ibili nintzen. Lau urte egin nituen bertan, eta udan etortzen nintzen, ikasten ari nintzelako. Klubak pisua udako bakarrik jartzen zigun, eta egia da neguan asteburu batzuetan ere etortzen nintzela, baina joan-etorrian.

San Juanen historian ere bazaude.

Bost segidan irabaztea handia da; horietako lau dauzkat nik. Asko estimatzen ditut kluba eta herria. Bat gehiago bezala sentiarazi ninduten.

Zer da kanpoko batentzat hemengo herri txiki batean arraunlari izatea?

Herritarren babesa sentitzen nuen, eta badakite kanpotarra zarela; horregatik, gehiago babesten zaituzte, eta eskertzekoa da.

Aldi hori bukatu eta etxera itzuli zinen. Zergatik?

Ez naiz damutzen arraun egin ez izanaz urtebetez. Pixka bat aldentzeko beharra neukan, eta atseden hartu nahi nuen. Gogoa neukan egin ezin nituen gauza batzuk egiteko. Arnasa hartu nuen.

Zer kendu dizu arraunak, zerbait kendu badizu?

Beste gauza batzuekin gozatzeko aukera. Hondartza zalea naiz, eta ezin. Udan, arratsalde osoa hondartzan egotea botatzen dut faltan, lagunekin garagardo batzuk hartzen. Aisialdia kentzen dizu, azkenean. Bestelakoan, jana ere zaindu egin behar dugu, dietarekin. Ezin jan nahi dudan guztia, eta jatuna naiz. Baina arazorik ez dut, arraunean ez nabilenean ez dut itxura gabe jaten.

Gero, berriz ere Euskal Herrira: bi urte Donostiarran. Zergatik?

Maialenek [Arrazola] deitu zidan, entrenatzaileak. Laguna ere badut, eta baiezkoa eman nion. Egitasmoak atentzioa eman zidan, eta etorri egin nintzen.

Ez zen atera nahi bezala?

Iaz ez, behintzat. Aurreikuspen handiak zeuden, San Juanen taldekide izandako hainbat batu ginen, baina ez zen atera.

Handik Oriora. Nola sortu zen aukera?

Sortu egin zen, besterik ez. Ez nuen bitan pentsatu, eta June lagunarekin [Aranberri] etorri ginen. Orion bizi naiz orain, urte osoan.

Zer du Oriok arraunarekin?

Bizi egiten dute, oso sakon. Pasai Donibanen ere bai, baina ezberdin. Ez naiz asko ibiltzen herrian, baina asko bizi du jendeak. Dena dakite.

Aurtengo denboraldia ia bikaina ari da izaten, Euskadiko Txapelketako emaitza izan ezik.

Taldean ondo aritu gara, aldaketekin-eta. Hori oso zaila da. Sei aldaketa egin larunbatetik igandera, eta irabazten segitzea oso nekeza da. Atentzioa eman dit horrek. Lasaitasuna ematen du taldea badabilela ikusteak.

Biribiltzea falta zaizue: Kontxa.

Bai, garrantzitsuena.

Nolako estropada izango da?

Orain artekoa egiten badugu, lor dezakegu. Baina beste eragile batzuk ere aldekoak behar ditugu: itsasoaren egoera, kalea... 2,16 segundo ditugu alde, eta ondo dago, aurretik egotea hobea delako.

Egingo duzu arraun?

Ez dakit.

Arraun Lagunak psikologikoki menderatuta duzue?

Baliteke, ia uda osoan irabazi diegulako. Baina Kontxa irabazteko bi segundora bakarrik egonda, orain animosa daude, ez direlako hain gertu egon.

Lesio gaizto batek erasan dizu udan. Kontatuko zer duzun?

Gerriko eta bizkarreko minak askotan izan ditut. Aurten, minbera eduki dut, baina fisioterapeutarekin-eta osatu naiz. Zierbenako estropadan, ligan, uztailaren 17an, zaintiratua eman zidan beroketan. Oso indartsua izan zen. Esan nion entrenatzaileari aldatzeko, ezin nuela arraun egin. Ez nuen pentsatzen asko izango zenik, baina gauez, min handia izan nuen, eta hanka lokartzen zitzaidan. Ez nion utzi entrenatzeari, ergometroa egiten segitzen nuen. Ziatika neukan hartuta, eta gauetan hanka lokartzea ohikoa bilakatu zitzaidan. Bi aste pasatu ziren, eta erresonantzia egin zidaten. Bi egunera emaitza eman zidaten: hernia diskoan. Behea jo nuen. Nola nik hori? Eta ezin badut amaitu denboraldia? Edo arrauna utzi behar badut? Indartzen hasi nintzen lesioaren lekua, eta hor noa.

Arraunlari zarenetik bizitzen ari zaren une txarrena da?

Nahiko gaizki pasatu nuen, eta astebetez erretxinduta ibili nintzen. Baina buelta eman diot, eta lehiatzen segitu dudanez, hainbestean. Denboraldia bukatzean, jarraitu egingo dut osatzen, eta ea.

Eta datorren urterako zer?

Ez dakit zer egingo dudan. Beti noa urtez urte. Ez dut sekula garbi izaten denboraldi baten hasieran hori izango dela azkenekoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Licis, ezkerrean, Jokin Eizmendirekn, urtarrilean, Ostolazaren Harri Eskolan. ©Joseba Ostolaza Harri Eskola

Munduko gizonik indartsuenak euskaldun asko harritu ditu, beste batzuk ez

Edu Lartzanguren

252 kiloko harria altxatu zuen Martins Licis letoniarrak igandean, harri jasotzaileen arteko trebakuntza saio azkarra egin ostean

 ©BENFICA

«Asko ikasi dut hilabete hauetan, halako heldutasun bat nabari dut»

Iñaki Berastegi

Benfica taldean eta Lisboa hirian «gustura» dago Ander Izquierdo: «Beste esperientzia bat bizi nahi nuen». Sasoia min hartuta hasi ostean, «pixkanaka» tokia egin du taldean.
 ©MIGUELEZ / RFEA

Ez dauka mugarik

Pettan Uralde

Bolo-bolo dabil haren izena: urrea irabazi berri du 23 urtez azpiko Mediterraneoko Txapelketan, eta zilarra Espainiakoan. Sopelakoa espezialista da 400 metrokoan.
Fem van Empel eta Mathieu van der Poel, garaipena ospatzen, Munduko Txapelketan. ©UCI-BAS CZERWINSKI / EFE

Etxean bezala, inon ez

Eñaut Agirrebengoa

Fem van Empelek eta Mathieu van der Poelek ziklo-kroseko Munduko Txapelketa irabazi dute, etxeko zaleen gozamenerako; aurrenekoz gailendu da Van Empel, eta bosgarrenez Van der Poel.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.