Valentzia 1-1 Athletic

Saririk gabeko marka

Athletici azken unean berdindu diote Valentzian. Williamsek 202. partida jokatu du segidan ligan, Larrañagaren marka berdinduz.

Valentziak luzapenean sartu zuen banakoa. KAI FÖRSTERLING / EFE.
haritz gallastegi
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Valentzia.Cillessen; Foulquier, Gabriel Paulista, Alderete, Lato (Jesus Vázquez, 70. min.); Musah (Jason, 84. min.), Guillamon, Wass (Manu Vallejo, 84. min.), Hugo Duro, (Marcos Andre, 70. min); Maxi Gomez eta Guedes.

Athletic. Unai Simon; Lekue, Vivian, Iñigo Martinez, Balentziaga (De Marcos, 53. min.); Berenguer, Dani Garcia, Vencedor (Vesga, 80. min.) Muniain (N. Williams 56. min.); Raul Garcia (Nico Serrano, 80. min.) eta Williams.

Golak. 0-1. Iñigo Martinezek (69. min.). 1-1. Marcos Andrek (94. minutuan). Epailea

Hernandez Hernandez. Txartel gorria atera dio Maxi Gomezi (82. min), eta horiak ValentziakoGuillamoni eta Manu Vallejo, eta AthleticekoDani Garciari eta Berenguerri. Bestelakoak. 15.000 ikusle Mestallan.

Berriz ere luzapenean. Athleticek hiru puntu irabazteko aukera galdu du arauzko denbora beteta zegoenean. Asteartean, Rayo Vallecanoren kontra, Radamel Falcaoren golaren erruz 1-2 galdu zuen San Mamesen. Eta atzo, Mestallan, Marcos Andrek sartu zuen Valentziaren banakoa, lehia ia amaituta zegoenean. Bi kolpe handi.

Rayoren kontrako porrota mingarria izan zen, talde zuri-gorriak neurketa txarra jokatu zuelako. Atzoko Mestallako porrota, berriz, amorrua sortzekoa. Izan ere, jokalari bat gehiagorekin, Athletic ez zen gai izan 0-1eko aldeari eusteko. Gainera, zuri-gorriek asteartean baino dezente hobeto jokatu zuten, lehiakorrago.

Txandatzeak albo batera utzi, eta Marcelinok gustuko hamaikakoa zelairatu zuen. Erabaki hori bi teknikariek euren arteko ikusezina albora utzi eta elkarri bostekoa eman aurretik hartutakoa izan zen. Marcelino eta Bordalas ez baitira ondo moldatzen. Behin Hernandez Hernandez epaileak neurketaren hasiera adierazi ostean, Iñaki Williams izan zen protagonista. Aurrelari zuri-gorriak 202. partida jokatu zuen Espainiako Ligan jarraian (2016ko apirilaren 20tik norgehiagoka guztiak jokatu ditu), Juanan Larrañagaren marka berdinduz.

Neurketak esperotako gidoia izan zuen, Valentzia eta Athletic antzeko taldeak baitira. Taktikoki ondo landuak, zuzenak, sormen gutxikoak eta aurkariaren akatsetatik bizi direnak gehienetan. Lehen zatian apenas izan zuten aukerarik bi taldeek. Area inguruan jokaldi arriskutsuak bai, baina Cillessen eta Unai Simon atezainek ia ez zuten lanik izan. Ez area batean ez bestean.

Bigarren zatia ere berdintsu hasi zen, baina, neurketak aurrera egin ahala, aldatu egin zen gidoia. Lehen aukera garbia Wassek izan zuen, 60. minutuan. Euskarriakareaz kanpotik eskuinez egindako jaurtiketak zutoina jo zuen. Athleticek, ordea, golarekin erantzun zion etxekoen abisuari. Iñigo Martinezek denboraldiko bigarren gola sartu zuen korner batean, buruz, 61ean. Ez zen erremate erraza izan, atzeraka egin behar izan baitzuen aurrena.

Zailena egin zuen Athleticek.Gainera, Maxi Gomezi bigarren txartel hori atera zion epaileak 82. minutuan. Dena alde zuten. Baina ez ziren abantailari eusteko kapaz izan. 94. minutuan, Guillamonek ezkerrera jokatu zuen, eta Guedesek penalti puntura egindako erdiraketa Marcos Andrek baliatu zuen lehia berdintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.