KRITIKA. Antzerkia

Hourmannen testigantza, balentria hori

Marcos Ariel Hourmann sendagilea, Celebraré mi muerte obran. PRODUCCIONES DEL BARRIO.
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun

'Celebraré mi muerte'



Zuzendaritza: Alberto San Juan eta Victor Morilla. Testua: Marcos Ariel Hourmann, Alberto San Juan eta Victor Morilla. Aktorea: Marcos Ariel Hourmann. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Apirilak 2.

Marcos Ariel Hourmann sendagileak eutanasia erabili zuen bizitzeko ordu eskas batzuk baino ez zituen Carmen izeneko gaixoarekin. Emakumea sufrikario latza pairatzen ari zela, heriotza aurreratu zion kloruro potasiko txerto baten bidez. Horrelako ekintzari ez zaio esaten sedazio aringarria ematea, baizik eta eutanasia, eta, horregatik, hain zuzen,—eta 2005ko martxoaren 28ko gaueko zaintzaren txostenean egindakoa sinatuta utzi zuelako— ospitaleak Hourmann salatu, eta homizidioa egotzi zioten. Familia, berriz, sendagilearen aldera lerratu zen, testigantza emateko garaian, eta gizartean eztabaida biziki piztu zitzaigun komunikabideek kasua ezagutarazi zigutenean.

Oholtza biluzik dago, baina bi aldeetan hainbat ikusle daude eserita. Erdian, barrenean, pantaila handi bat, non sendagile argentinarraren bizitzako hainbat irudi ikusiko ditugun. Nagusi den beltza kolorean atentzio fokua aulki gorri batek markatzen dio ikusleari. Tresna hori du protagonistak laguntza bakarra bere istorio propioa aletzeko, hori eta ur botilatxo bat. Eta agertokian bertan Hourmann bera, benetako Hourmann, pertsonaiarik ez, Hourmann Hourmannena kontatzen. Batzuetan zutik, beste batzuetan eserita mintzo zaigu: bere kontakizuna, bere egia kementsua eskainiko digu aipatu irudiekin zein musikarekin eta umore pittin batek lagunduta. Eta ez da ezer ere falta.

Madrilgo Lavapieseko Teatro del Barrioren ekoizpenetan ohikoa den konpromiso politiko gordinetik ondu dute Celebraré mi muerte izenekoa, Dokumentu teatrotik, verbatim teatrotik zein foro-teatrotik formula batzuk hartuta. Antzerkitasuna eta errealitatea batzen dituen lan honetan, lehenbizikoak ahalbidetzen du audientzia erne bat lortzea eta ikusleak epaimahaikide bihurtzea. Horrela, amaieran benetako boza hartu zuten agertokian eserita zeudenek. Gure emanaldian, aho batez errugabe atera zen Hourmann; errealitatean, berriz, hamar urteko kartzela zigorra ez betetzearren, erruduntzat jo zuen bere burua, baina bizitza garratz baino garratzagoa egokitu zitzaion hortik aurrera.

Antzezlanaren ondorengo solasaldiko galdera zaparradak eutanasiari buruzko legea zuen hizpide eta kezka. Amaierako txaloek jomuga bikoitza zuten: lehenbizikoa, teatroak, gizarte-pedagogiarako duen gaitasunaz,heriotza duinaren gaia oholtzara ekarri izana; bigarrena, hiritar baten gordekeriarik gabeko testigantza, balentria hori, Hourmann bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.