Erasorik gabeko jaiak izateko protokoloak landu dituzte lekeitiarrek

Udalak eta txosnek eraso sexisten aurkako protokolo bana osatu dute Lekeition. Udalak bideo bat ere egin du kontzientziaziorako

Sexu eraso baten osteko manifestazioa, Lekeition. MONICA DEL VALLE / FOKU.
ane insausti barandiaran
2019ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Ez da eraso sexista, homofobo, klasista, ez arrazistarik onartuko», dio txosna batzordearen kartelak. Jaietan ere, aske bizi eta gozatu da udalak kontzientziazio karteletarako hautatutako leloa. Nork bere aldetik, baina biek sortu dute jaietarako erasoen aurkako protokoloa.

Udalak Berdintasun batzordearen bidez sortu du jaietako protokoloa, beste hainbat eragilerekin batera. Eztizen Telletxea udaleko Berdintasun teknikariaren arabera, «pertsona bakoitzak erasoen aurrean erantzukizun pertsonala eta kolektiboa daukala azaltzea da helburua». Esan du guztiek daukatela erantzuteko ardura, herritar gisa, eta erantzun bat ematea beharrezkoa dela.

Sentsibilizazioa lantzeko bideo bat sortu dute aurten, iaz bezala. Herritar batzuk agertzen dira bertan, eta «aniztasuna» islatzen saiatu direla dio Telletxeak. Jaien aurretik, tabernetara gutun bat bidali dute, prebentzio lana egiteko: erasorik gertatuz gero eman beharreko pausoak zehaztu dituzte bertan, eta, horrez gain, tabernetako musika eta irudiak sexistak izan ez daitezen eskatu diete, Beldur Barik-ek osatutako musika zerrenda igorriz, kasurako. Telefono baliagarrien zerrenda bat ere osatu dute, anbulatorioarena, udaltzaingoarena eta 24 orduko zerbitzuarena, adibidez.

Txosna batzordeko protokoloa bestela osatu dute, Lekeitioko Mugimendu Feministarekin batera. Potxuak Martxan izeneko neska gazteen taldea arduratzen da urtero horretaz, Zaloa Badiola txosna batzordeko kidearen arabera: «Urtero, inguru horretan mugitzen garen emakumeak deialdi bat egin ondoren biltzen gara, protokoloa errepasatu eta behar diren aldaketak egiteko».

Bi zatitan banatzen da protokoloa: alde batetik, eraso «larri» bat gertatzen bada, txosnetako musika gelditu eta zerbitzatzeari uzten diote. Modu horretan, hurrengo eguneko mobilizaziora begira jartzen dira. Eraso «ez hain larria» gertatzen bada, ordea, erasotzailea identifikatzen saiatzen dira, kanporatzeko. «Txosnetatik kanporatzen saiatzen gara, azalduta zergatik ez den ongi etorria gune horretan», dio Badiolak.

Protokoloan, gainera, Satebi Elkartearen telefonoa jartzen dute. Bertan, biktimari doako arreta psikologiko zerbitzua eskaintzeaz gain, elkarteko kideek nola jokatu azaltzen diote lagundu nahi duen baina zer egin ez dakien orori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.