RIO16. GIMNASTIKA 

BIZITZAREN OREKAN

Munduko Txapelketetan hamalau domina irabazi ostean, Olinpiar Jokoetan dominak irabaziz gimnastika modernoaren ikurra dela berretsi nahi du Simone Bilesek. Erronkak ez du kikiltzen, eta ez dio ohikoa duen irribarrea ezpainetatik kentzen.

ainara arratibel gascon
2016ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Ez zuen haurtzaro erraza izan Simone Biles gimnastak (Columbus, AEB, 1997). Amak arazoak izan zituen drogarekin eta alkoholarekin, eta, Bilesek 3 urte zituela, gizarte zerbitzuen esku utzi zituen bera eta bere zazpi neba-arrebak. Haurtzaro hark, ordea, ez dio irribarrea kendu, eta gimnastikako ariketak egitean erakutsi ohi duen ausardiarekin, orekarekin eta naturaltasunarekin heldu dio bizitzari.

Adopzioan hartu zuten aitona-amonak eta Aimee Borman entrenatzailea izan ditu babes eta akuilu bide horretan, baina baita irabazteko grina eta ilusioa ere. Gimnastika izan da haren bizitzaren erdigunea, aurrera egiteko motibazioa eta arrazoia: «Egun batean punta-puntako gimnasta izango zela erabaki zuen, eta, ordutik, dena egin eta eman du horretarako», nabarmendu du Bormanek. Nadia Comanecik duela 40 urte Montrealgo Olinpiar Jokoetan egindako balentria gainditu, eta gimnastika artistiko modernoaren ikur izateko moduan da, 19 urte besterik ez duela. 1984ko Los Angelesko Olinpiar Jokoetan urrezko domina irabazi zuen Lou Rettonek honela definitu du Biles: «Sekula ez dut ikusi hainbeste talentu duen gimnasta bat. Gainera, egin dezakeenaren zatitxo bat baino ez du erakutsi orain arte. Uste dut garaiezina dela».

Azken urteetako emaitzak kontuan hartuta, ez zaio arrazoirik falta Rettoni. 2013tik hamalau domina irabazi ditu Munduko Txapelketetan: hamar urrezko, bi zilarrezko eta bi brontzezko. Bakarka, taldeka, oreka barran, lurrean eta zaldi jauzian apenas izan duen aurkaririk.

Baina domina horiek baino gehiago, beste bi une izan dira mugarriak Bilesen kirol ibilbidean. Hala aitortu du berak, behintzat. Batetik, sei urterekin Houstongo Bannon's gimnasiora joan zenean bisitan, ikaskideekin. Ahozabalik geratu zen hango gimnastak egiten ari ziren ariketekin. Haiek imitatzen hasi zen, eta entrenatzaile bat neskatila haren mailaz ohartu zen. Berehala, aitona-amonei eskutitz bat igorri zien, gimnasioan izena emateko eskatuz. Hala egin zuten. Handik bi urtera, Bormanekin hasi zen entrenatzen. Ordutik, banaezinak izan dira.

Bestetik, 2012. urteko Londresko Olinpiar Jokoak daude. Pantailari begirik kendu gabe ikusi zuen Joko haietan Gabby Douglas, McKayla Maroney, Aly Raisman, Kyla Ross eta Jordyn Wieber herrikideen jarduna, eta bere buruari esan zion: «Ni Kyla eta Jordynekin lehiatu eta entrenatu naiz». Berehala, erronka bota zion bere buruari: «Egunen batean, Olinpiar Joko batzuetan parte hartuko dut, haiek bezala». Esan eta egin. Areago, egun, bera da AEBetako gimnastika artistikoko izarrik distiratsuena, bakarka zein taldeka.

Orain, Olinpiar Jokoetan utzi nahi du arrastoa. Askok diote Olinpiar Jokoetako izar nagusia izango dela. Time aldizkariak haren argazki bat jarri zuen azalean, Olinpiar Jokoei eskainitako alean. Lehen aldiz lehiatzen ari da Olinpiar Jokoetan, baina horrek ez du kikiltzen. Hala erakutsi du taldekako lehian. Bikain aritu da, eta urrezko domina lortzeko bidean zen, Gaby Douglas, Laurie Hernandez, Madison Kocian, eta Aly Raismanekin batera.

Bihar bakarkakoari heldu beharko dio. Hor, lehiatuko diren beste gimnastetatik harago, munduko txapeldunaren inguruan dagoen madarikazioa izango du arerio nagusietakoa. Horren arabera, munduko txapeldunak ez du urrezko domina eskuratzen Olinpiar Jokoetan. Historian hiru gimnastak baino ez dute lortu bietan urrezko domina kolkoratzeko balentria. Horren inguruan hitz egiten diotenean, ohikoa duen irribarrearekin erantzuten du.

Berritasuna eta ausardia dira haren ariketen ikurra, originaltasunaren eta arriskuaren arteko nahasketa perfektua. Txikia eta pisu gutxikoa izan arren, haren giharrak indarrez beteta daude. Hala, aditu askok diote huts txiki bat eginda ere Biles erraz nagusituko dela, haren ariketek muturreko zailtasuna dutelako. Arrisku eta zailtasun horren seinale, Bilesek badu bere izena daraman ariketa bat. Gimnasta batek izan dezakeen ohore handiena da, eta ikusteko dago Rion egingo duen.

Izateko moduagatik ere lortzen du ikusleen babesa eta aitorpena Bilesek. Beti du keinuren bat haiekin. Jokoetarako prestatzeko txapelketa batean, Rio filmeko soinu banda erabili zuen, eta ziur datozen egunetan ere egingo duela halako keinuren bat.

Datorren astean aparatuen txanda izango da. Paraleloetan salbu —Txinako eta Errusiako gimnastak dira nagusi hor—, beste aparatu guztietan Biles da urrea irabazteko hautagai nagusi. Hor ere ikuskizuna ematen jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.