Ignacio Orradre. ANETeko idazkari nagusia

«Garraiolari nafarrei egingo zaie kalterik handiena»

ANET.
joxerra senar
Iruñea
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Azken hiru hilabeteak «kaosa» izan dira Ignacio Orradre Nafarroako Garraio Enpresen Elkarteko idazkari nagusiaren arabera (Iruñea, 1983). Orain, gobernuaren proposamena dute mahai gainean.

Nola hartu duzue?

Parlamentuak ez du bere lana egin. Bitxia da. Martxoan bildu ziren gurekin, eta esan ziguten N-121eko tunelean jarri behar zutela bidesaria. Zenbatekoaren arabera, Belateko portutik joan zaitezke edo A-15etik. Hara non, bat-batean, beste bilera batean, ezer aurreratu gabe, aurkeztu ziguten sozietate publiko bat eratzeko asmoa, kilometro bakoitzeko 0,2 euroko sariak kudea ditzan.

Zer ondorio lituzke bidesariak?
 
Nafarroara mugatuz gero, %20ko igoera, erraz.

Bilera bakarra egin duzue?

Bai. Prentsa oharra atera zuen bileratik atera aurretik. Esan ziguten beharrezko irtenbidea dela. Guk helarazi diegu benetan ordainduko duena kontsumitzailea dela. Autoei ez diete jartzen bidesaririk, baina azkenean herritarrek ordainduko dute.

Gobernuak argudiatu du erabiltzen duenak eta kutsatzen duenak ordaindu behar duela.

Kamioiek baino gehiago erabiltzen dute autoek errepidea. Auto kopurua kamioiena halako hiru da. Ez du zentzurik hori esateak, ezta kutsatzen duenak ordaintzen duela esateak ere. Kutsaduraren araberako tarifa mailakaturik ez dute jarri.

Dena den, errepideen mantentzearekin arazo bat dago, behar baino gutxiago inbertitu baita.

Diru arazo bat dago eta egoeraz baliatzen ari dira. Aurretik, aholkularitza etxe batekin aztertu zuten aukera, eta proposamen hau baino gogorragoa zen, gainera. A-15ean, Tuteratik Iruñera arteko tartean, ibilgailu astunek bonifikazioa dute tarifa orokorrean, baina proposatzen zuten hori ere kentzea. COVID-19ak eta aurrekonturik ezak eraman ditu proposamen hori egitera.

Defizit hori aurrekontu bidez estaltzea nahiago duzue?

2010etik 2018ra arteko errepide plan bat zegoen, eta dena aurrekontu bidez finantzatzea jaso zuen, baina, ez denez lan ona egin, orain kamioiak zigortu nahi dira. Inbertsiorik ez egiteak gainkarga eragiten du. Errepidea urtero geruza txiki batekin asfaltatzea merkeagoa da hamar urte barru errepide hori konpontzea baino. Hortaz, irentsi beharko ditugu gainkarga horiek guztiak

Gipuzkoan bezala amai daiteke?

Gipuzkoan ikusi da ezin dakiokeela tokiko garraioari onurarik jarri. Batetik, ez dago bonifikazioak jartzeko aukerarik; bestetik, kalterik handiena garraiolari nafarrei egingo zaie. Industrian, distantzia motzean lan egiten dutenek errepide horiek erabiltzen dituzte, egunean hainbat aldiz. Ez dute neurri aringarririk jartzeko modurik, eta kea saltzen ari dira.

Bideratu daitekeela uste duzu?

Bileran esan ziguten ez dagoela beste alternatibarik. Ez dute uste itzalpeko bidesariak errentagarriak izan daitezkeenik, epe luzerako finantzaketa ematen dizutelako. Zuzenean bidesarietara jo dute. Beste gai bat dago: ez dute esaten ibilgailu guztiei ez dizkietela jarriko urte batzuk barru. Europan eztabaidan ari dira bidesarien inguruko zuzentarauetan ibilgailu astunei soilik egitea erreferentzia «guztientzako» dela zehaztea. Kamioientzat dela diote orain, baina etorkizunean denentzat izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.