Miren Etxebeste. Irungo Berdintasun ordezkaria

«Gazteen erantzunak ikusita, arazoa kronifikatzeko arriskua dago»

GORKA RUBIO / FOKU.
jone arruabarrena
<i>Irun</i>
2022ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Irungo Berdintasun ordezkaria da Miren Etxebeste (Irun, Gipuzkoa, 1982). Ahal Duguk herrian daukan zinegotzietako bat da, eta adierazi du ikerketak izan dituen emaitzak «kontuan» hartu behar direla Irungo V. berdintasun plana sortzeko orduan.

Inkestak alardearen inguruan izan dituen emaitzak harritu egin zaituzte?

Bagenekien; ez da sorpresarik izan. Argi dago zein den gure hiriko errealitatea, eta denok ikusi ditugu indarkeria adierazpenak alardea dela eta. Azken urteetan giroa baretu den arren, oraindik existitzen da indarkeria hori.

Eta udalak aurretik egin izan du alardeetan gertatzen diren erasoen inguruko ikerketarik?

Ez. Emakundek egin zuen galdeketa bat Irungo hiriko festetan emakumeen parte hartzea nolakoa zen ikusteko, baina udalak ez. Oraingo inkesta hau ere ez da izan alardeari buruz, baina alardea agertu da hainbat emakumek indarkeria psikologikoa jasaten dutelako horren inguruan, baita beren familietan ere; ikerketak hori erakutsi du. Susmoa bazegoen, baina orain frogak ere badauzkagu. Balioa eman behar diogu inkestan parte hartu duten emakumeek beren esperientziak kontatzeko egin duten ahaleginari ere. Testuinguru honetan, ez da erraza.

Gazteen datuak bereziki kezkagarriak dira. Arazoa belaunaldi batetik bestera igarotzen ari da?

Hori da harritu gaituena, eta alarma gehien sortu diguna. Sentsazio orokorra da Irunen behintzat giroa asko lasaitu dela kalean, tentsioak asko jaitsi direla, baina ez dira desagertu, eta hor dago proba. 16-19 urteko neskek oraindik adierazi dutenaren arabera, giroa ez dago lasai oraindik, eta horrek esan nahi du arazoa kronifikatzeko arriskua dagoela.

Txostenak argitara ekarri ditu orain arte udalak azaleratu ez dituen bizipen batzuk. Mugarri bat da Alardearen gatazkari dagokionez?

Ez dakit mugarri bat izango den ala ez; berdintasunaren aldetik behintzat, argi daukagu landuko dugula. Nik uste mugarria gizarteak jarri behar duela, eta, azken batean, gizarteak egiten duenaren isla bat jasoko du gero udalak. Aldi berean izan behar da. Gainera, ezin dugu ahaztu hau berdintasun sailak egin duela, eta oraindik udaleko gainontzeko alderdiei aurkeztu behar diegula. Bertan plazaratu eta aztertuko dugu, eta, denok bat egiten badugu, hobe herriarentzat. Ez dugu iraganeko tentsiorik berpiztu nahi; nahiago dugu berdintasun arloan denok batera lan egin, lasaitasunez eta gauzak ondo hausnartuta.

Ikerketaren emaitzak ikusita, udalak neurriren bat hartuko du?

Hausnartu beharko da; sentsibilizazio kanpainaren bat egin beharko da horren inguruan. Jaiak ondo pasatzeko dira, eta ezin dugu indarkeria onartu; batzuek ezin dute beren pentsamoldea besteengan ezarri, eta hori mozteko kanpainak egin beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.