Albistea entzun

Espainiako Kopako finala. ANALISIA

Mila bide daude irabazteko

Berenguer eta Monreal lehian, atzoko finaleko jokaldi batean. Hegal berean lan handia egin zuten biek.
Berenguer eta Monreal lehian, atzoko finaleko jokaldi batean. Hegal berean lan handia egin zuten biek. JULIOMUÑOZ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2021eko apirilak 4

Estiloa eta futbola uztarri berean daude aspaldian. Edo futbola sortu zenetik, ziurrenik. Kontua da orain ia ezinbestekoa ematen duela horretaz hitz egitea. Estiloa gora eta estiloa behera. Atzoko finalaren atarikoan ere hitzaspertu askotan izan zen, bai behintzat, jokoa bakarrik hizpide izan zuten horietan.

Realak eta Athleticek bi jantzi dituzte, bakoitzak berea, eta atzo oso garbi ikusi zen. Erasoan, txuri-urdinak baloia mamitu eta erabili ibili zaleak dira, eta atzo ere hori egin zuten markagailuan aurretik jarri zen arte. Bide horretatik saiatu zen Unai Simonen areara iristen. Lehen zatian ez zuen askotan lortu, baina lortu zuenean, horrela izan zen. Athletic, aldiz, bertikalagoa da baloiarekin: azkar joaten da aurkariaren areara. Ederki erakutsi zuen lehen zatian, eta baloiari ukitu gutxi emanda, behin baino gehiagotan iritsi zen Realaren areara.

Estiloak, ordea, ez dira ukiezinak eta aldaezinak. Bakoitzak bereari ñabardurak jartzea ohikoa izaten da. Are gehiago, finaletan. Ziurrenik, aurkariaren jokoa geratzeko bideetan gehiago sartzen direlako entrenatzaileak. Atzo ere ikusi zen hori. Realak ez zuen beti baloia atzetik jokatuta atera. Remirok behin baino gehiagotan jo zion astindua baloiari. Jakina baitzuen Imanolek zein den Athleticen indarguneetako bat: aurkariak motzean ateratzen duenean, oso goian estutzea eta sakatzea. Hori egiten aurkariari ez uzteko, luze erabili zuen baloia Realak behin baino gehigotan.

Beste ezaugarri hau ere aldatu zuten Imanolenek: abilak dira baloia zelaiaren erdiko pasillotik erabiltzen. Gustatzen zaio hortik erasotzea, eta min handia egiten die aurkariei. Baina Marcelinoren estiloak gauza on asko dauzka defentsan, eta bat da erdiko autobide hori ixtea. Realarentzat arrisku handia zatekeen esparru zabal horretan baloia galtzea. Hain justu, Athleticen indargune handienetako bat akbitatuko lukeelako: kontraerasoa. Horregatik, hegaletatik saiatu zen aurrera egiten. Horretan ere zalea da taldea hegaleko atzelariekin, baina atzo, Silva, esaterako,askotan azaldu zen Yuriren eta Muniainen tartean.

Athleticek ere jantzi zuen ohiko trajea beste oihal batzuekin. Defentsan, esate baterako, ez zen Realaren bila itsu-itsuan joan gora. Erdiko bi atzelariei utzi egin zien baloia ukitzen. Raul Garcia eta Williams zain bezala izan zituzten Zubeldiak eta Le Normandek. Hegaletan ere ohi baino uzkurrago aritu ziren presioan Berenguer eta Munian, bi hegalekoak, lehen zatian.

Lehen zatia bukatu eta tarte horretan gertatu zena aztertzerakoan, garbi ikusten zen finala haustekotan huskeria batek hautsiko zuela. Hala izan zen. Berdintasuna nagusi denean, bada arau bat bete beharrekoa: oparirik ez egitea. Erraza da esatea, egitea zailagoa. Galdetu, bestela, Yerayri. Athleticeko erdiko atzelariak baloi txarra jarri zion taldekideari, eta Merinok lapurreta egin leku txarrean. Penaltia. Hor huskeri handi bat.

Estiloena aldatu egin zuen golak. Ñabarduretan edo zerbait gehiagotan. Athletic egin zen baloiaren jabe, eta Realak lerroak atzeratu zituen, kontraerasoan jokatzeko. Gauza bera egin zuen Imanolek San Mamesen, liga honetako lehen itzuliko partidan. Horrela irabazi zion Realak orduan, eta horrela biribildu zuen atzoko lana. Azkenean, ondorioa agerikoa da: estiloak estilo, mila bide daude futbolean irabazteko. Eta guztiek balio dute. Futbolaren historian horrela eta honela irabazi eta irabaziko dira txapelketak.

Realak beste zerbait ere erakutsi zuen, uste handi askoren kontra: badaki finalak jokatzen. Gola sartu ondoren erritmoa geratu egin zuen, eta ohi baino falta gehiago ere egin zituen. Estiloak eta ñabardurak: futbola.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / @FOKU

Mokoka amaitu dute bidea

Beñat Mujika Telleria Ainara Arratibel Gascon

Iñigo Martinezek Athletic uztea erabaki du. Klubak dio jokalariak uko egin diola kontratua luzatzeko eskaintzari, baina haren komunikazio agentziak ukatu egin du eskaintza
Braulio Vazquez prentsa aretoan ©@Osasuna

Braulio Vazquez: «Elkarrekin sufritu genuen duela bi urte, eta elkarrekin gozatu dugu orain»

Beñat Mujika Telleria

Osasunaren denboraldiaren balorazioa egin du eguerdian Braulio Vazquez kirol zuzendariak. Haren esanetan, sasoia, oro har, «klubaren historiako onena» izan da, Espainiako Kopako finalerako eta Konferentzia ligarako sailkatuta.

 ©Andoni Canellada / Fotu

Erreka eta Buruzgain finalerdietara

Jon Eskudero

Ezusteen asteburua izan da Berria Txapelketan. Izan ere, faborito zirenek huts egin dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...