Pastor
DARWIN ETA GU

Tom Doniphon-en alarguna

2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Londresen ezagutu nuen lekeitiar batek modu bitxian agurtzen ninduen Golders Green aldean elkartzen ginen bakoitzean. «Liberty Valance-ren alarguna hil zuen gizona!», oihukatzen zuen, barrez. Liberty Valance hil zuen gizona filmaren berri izaten dudan guztietan gogoratzen dut lagunaren esamoldea. Ez dakit gaur oso politikoki zuzena izango ote litzatekeen hori esatea. Gauza batez seguru nago, ordea: Liberty Valancek ez zuen emazterik. Beraz, ez zegoen inork hilko zuen alargunik.

60 urte bete dira John Ford maisuaren lana estreinatu zenetik. Filmaren hasiera eta argumentuaren zenbait eszena: Ransom Stoddard senataria (James Stewart) Shinbone herrira itzuli da Hallie emaztearekin (Vera Miles), Tom Doniphon (John Wayne) laguna hil eta gero. Bertan, Doniphon nola ezagutu zuen azalduko die Stoddardek kazetariei; Liberty Valance gaizkilearekin (Lee Marvin) lehenengoz topo egin zuen unea; emaztea izango zena ezagutu zuenekoa... Bukaeran, Valance eta Stoddarden arteko duelua izango da. Valancek Stoddard zaurituko du, baina azkenean bera eroriko da lurrera, tiro bat jasota.

Stoddardek politikan jardun nahi du baina, Valance hil duenez, ez da gozo bizi bere larruan. Doniphonek egia aitortuko dio: berak hil zuen gaizkilea, berak egin zion tiro urrunetik, «odol hotzean», Valence eta Stoddard aurrez aurre zeudenean, elkarri tiro egiteko prest. Azkenean, Stoddard Hallie-rekin ezkonduko da. Ikusle askoren ustez, Tomek bere burua sakrifikatu du Hallie eta Ransomen artean maitasuna piztu dela ikusita edo sinetsita. Neskarekin bizitzeko konpontzen ari den etxea erreko du. Erretiratu egingo da, Hallie zoriontsua izan dadin.

Egunotan pelikulari buruzko zenbait artikulu argitaratu dira. Adituen kritikak ez ezik, ikusleenak ere jasotzen dira zenbait lekutan. Horietan bada irakurketa politikoa egiten duenik. Ikusle batek adierazi duenez, batzuetan Zuzenbide Estatua ez da nahikoa demokrazia defendatzeko. Horixe esan nahi omen digu Fordek. Zinemazale horren ustez, Tom Doniphon GAL izango litzateke, estatuak Liberty Valance gaiztoa —hau da, ETA— jotzeko erabilitako arma.

Bai, Tom Doniphon behinolako GAL izan liteke, nahi baduzu. Edo polizia torturatzaileak. Edo oraingo Pegasus, zergatik ez. Valance eskrupulurik gabeko hiltzailea da, mundu guztia betidanik ikaratzen duena. Beraz, ETA. Alta, Arzalluzek trantsizio garaiko elkarrizketa batean esan zuena datorkit gogora: «Galdetu euskaldunei gauaren erdian haien etxeko atea inork jotzen duenean zerk izutzen dituen gehiena: ETAko kideak izateak ala Polizia izateak».

Libreak gara nahi duguna pentsatzeko —esateko, beste kontu bat da—. Hortaz, Far West-eko kolonoak Nafarroa inbaditu zuten gaztelarrak izan litezke. Erreserbetan hesitutako indiarrak zer dira, barduliarrak ala erromatarrak? Indioak alkoholizatzen dituzten soldaduak edo arma trafikariak borrokan errazago garaitzeko 80ko urteetan euskal gazteria heroinaren bidez kolpatu zutenen modukoak izan litezke. Eta halatsu dira: Intxaurrondoko guardia zibil batek droga trafikoagatik atxilotu ostean zer esan zion azaldu zidan, urte batzuk geroago, mutil batek: «Barajasen agindua dago Ekialde Urrunetik Euskal Herrira datozenen maletak ez miatzeko, heroina arazo barik ekar dezaten hona. Suntsitu egingo zaituztegu». Filmetan hizkuntza dela eta barregarri agertzen diren indioak zer dira? Bada, espainiarrek eta frantsesek «habla en cristiano» edo «parlez français-soyez propes» esanez umiliatutako euskaldunak. Eta abar.

Trenean, etxerako bueltan, Doniphonen hilkutxaren gainean kaktus lore bat nork ipini duen galdetu dio Stoddardek emazteari. «Neuk», erantzun du andreak. Gizona isilik geratu da, landarea hogeitaka urte lehenago Tomek Hallieri oparitu zion kaktusa bezalakoa dela gogoratuta edo. Emakumea pentsakor dago, begirada iraganean galdurik. Eta ikusleari zalantza sortu zaio, Halliek, Ransomekin ezkondu arren, inoiz ez ote dion utzi Tom Doniphon maitatzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.