Atentatua Katalunian

Erasotzaile taldea deseginda dagoela ukatu dute mossoek, Zoido zuzenduz

Erasoak gaitzesteko, manifestazio handia egingo dute hilaren 26an Bartzelonan bAlerta maila, berriz, 4. mailan uztea erabaki dute Madrilen bMossoek uste dute jihadista bakarra dagoela ihesi

Bartzelonako Ramblan dagoen Miroren mosaikoaren gainean, osteguneko erasoko furgoneta gelditu zen tokian, lore eskaintza egin zuten atzo agintariek eta herritarrek. QUIQUE GARCIA / EFE.
Irune Lasa.
2017ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
No tinc por (Ez dut beldurrik) leloa, aste honetako erasoak salatzeko hainbat ekitalditan herritarrek bere egindako leloa, hartuko dute Bartzelonan datorren larunbatean, hilaren 26an, erasoak gaitzesteko Kataluniako Gobernuak eta Bartzelonako Udalak deitutako manifestazioan. Graciako lorategietatik abiatzekoa da, eta Katalunia plazan amaituko da.

Ez da hori atzo hartu zen erabaki bakarra. Madrilen, Mehatxu Terrorista Baloratzeko Mahaiak erabaki zuen terrorismoa kontrako alerta maila 4. mailan uztea, eta ez igotzea maila gorenera (5.era). Hori bai, segurtasun neurri batzuk gehituko dira, batez ere jendetzak biltzen diren toki eta ekitaldietan. Toki egokietan hesi eta trabagarriak jartzeko ere eskatu diete udalei.

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak bileraren ondoren egindako adierazpenek eman zuten atzo zeresanik. Aste honetako erasoen atzean zegoen taldea «desegintzat» eman zuen Zoidok, baina Kataluniako Gobernuak eta Mossos d'Esquadrak ministroaren bertsioa ezeztatu eta adierazi zuten «ekintzaile taldeko kide guztien nondik norakoak jakin arte» ezin dela taldea deseginda dagoela esan.

Hain zuzen, mossoak buru-belarri dabiltza Younes Abouyaaqouben bila. 22 urteko gaztea litzateke non dagoen zehazteko gelditzen den kide bakarra, hamabi laguneko taldetik. Beste 11 lagunetatik bost Poliziak Cambrilsen hildakoak lirateke: Moussa Oukabir, Said Aallaa, Mohamed Hychami eta beste bi lagun, oraindik ofizialki identifikatu gabe daudenak.

Taldeko beste lau kide lirateke atxilotutakoak —horietako bat bizirik ateratakoa Alcanarreko (Tarragona) leherketatik—. Eta taldeko gainerako bi jihadistak, hain zuzen, Alcanarreko eztanda horretan hil zirela uste dute mossoek.

Azken horietako bat Abdelbaki Es Satty izan daitekeela uste dute ikertzaileek eta DNA frogak egiten ari dira, atzo haren etxetik hartutako laginekin. Azken bi urteetan Ripollen imam gisa aritutakoa zen Es Satty, eta poliziaren ustez, salafismoaren hurbilekoa litzateke. Bera izango zen, antza, taldearen burua. Orain hiru hilabete utzi zuen meskitako lana, Marokora oporretan zihoala esanda.

Mossoek susmatzen dute taldeak hilabeteak zeramatzala erasoa prestatzen. Gogoratu behar da, ikertzaileen arabera, asteazkeneko Tarragonako leherketak zapuztu ziela hasierako plana: asmoa hiru ibilgailu lehergailuz bete eta leherraraztea zuten; beharbada hirurak Bartzelonan lehertuz edota leherketak eginez Bartzelonan, Cambrilsen eta Vicen. Baina ustekabeko leherketak furgoneten erasoak abiaraziko zituen, Bartzelonan aurrena, eta Cambrilsen hurrengoa. Vicen taldeak alokairuan hartutako hirugarren furgoneta errepide bazterrean agertu zen.

Hiru furgonetak alokatzekoak izateak erraztu egin die mossoei ekintzaileak identifikatzea, ez ziren agertzen eta inongo poliziaren datu basetan. Ikerketapean dauden hamabi lagunetatik 11 Marokon jaioak dira, eta bat Espainian, Melillan. Guztiak bizi ziren Ripollen.

Bien bitartean, EI Estatu Islamikoak bere gain hartu du erasoen ardura, Telegram bidez. Datu okerrak ematen dituen mezuaren arabera, «mujahidinen» helburua «juduak eta gurutzatuak» ziren: «Jainkoaren laguntzaz»,ibilgailu batek «gurutzatu samalda» bat harrapatu zuen «baita bi polizia ere kontrol batean». Horrez gain, «taberna batean sartu ziren, arma arinekin». Eta, Cambrilsen kamioi batek gurutzatuak harrapatu zituela ere esan du EIk.

Edonola ere, izan da gertakariak Al Qaedarekin eta New Yorkeko Irailaren 11ko erasoekin lotu dituenik. Lorenzo Vidino George Washington Unibertsitateko adituak gogoratu du Dorre Bikien kontra jo zuen lehen hegazkinaren gidariak, Mohamed Atta, Cambrilstik oso hurbil, Saloun egon zela, bilera egiteko Al Qaedako norbaitekin. Vidino eta hainbat adituren ustez, Bartzelonatik Tarragonarako tartea, salafismoaren gune beroa da.

54 zauritu ospitalean

Eta bitartean, Bartzelonan, hildakoak identifikatzen jarraitzen dute. Orotara, 14 dira erasoetan hildakoak eta 126 zaurituak; azken horietatik 54 daude ospitalean, 13 egoera kritikoan eta 22 larri. Oraingoz, biktimen artean ez dute kontatzen Pau Perez, San Just Desverneko kontrolean geldiarazitako autoan agertutako hildakoa. Bestalde, atzo jakinarazi zen zenbait hedabidek desagertutzat emandako zazpi urteko haur australiarra ospitalean dagoela zaurituta. Mossoen arabera, beti egon da han, beti jakin izan dute haren nortasuna, hasieratik jakinarazi zioten guztiak haurraren aitari. Haurraren ama ere ospitalean dago, larri zaurituta.

Biktimekiko elkartasuna adierazteko ekinaldiak bata bestearen atzetik datoz Bartzelonan. Atzo, ilara luzeek behartuta, udaletxeko Saló de Cent aretoa aurreikusi baino beranduago itxi zuten. Hantxe zeuden bost liburu, herritarrek euren doluminak erakutsi ahal izateko jarriak. Arratsaldean, berriz, lore eskaintza egin zen Ramblan, Miroren mosaikoan.

Ada Colau Bartzelonako alkateak agiria irakurri zuen goizean: «Ez gaituzte garaituko. Atentatu doilor hauek ez dituzte hiri ausart baten balioak aldatuko. Gure baitan ez diogu tokirik utziko gorrotoari eta arrazakeriari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.