Manuel Fragaren marka helburu

PPGko Alberto Nuñez Feijook hiru legealdi egin ditu Galiziako agintean, eta gaur laugarren gehiengoa lortu nahi du. Oposizioak gero eta kritika gehiago egin dizkio haren kudeaketari.

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Alderdi Popularraren (PPG) presidentegaia, kanpainako ekitaldi batean, Lugon. CABALAR / EFE.
ander perez zala
Santiago
2020ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Gaurko hauteskundeen kanpaina abiatzean, Alberto Nuñez Feijoori berriz galdetu zioten ea Galiziako Parlamentuan gehiengo osoa laugarrenez jarraian lortzeak zerikusirik izango duen Espainiako politikagintzara salto egitearekin. Hau da, PPren buruzagitzan Pablo Casadoren tokia hartzeko asmoa ote duen: «2016an gauza bera galdetu zidaten, eta ez zen halakorik gertatu», erantzun zuen Galiziako Alderdi Popularraren (PPG) presidentegaiak. Duela bi urte, Mariano Rajoy erortzearekin batera—hura ere galiziarra da—, Feijook aukera ezin hobea izan zuen mugimendu hori egiteko, baina azken unean ez zuen argi ikusi jokaldi politikoa, besteak beste Rajoyren osteko PP hartzeak zituen arriskuengatik.

Erabaki hori azaltzeko, PPGren presidentegaiak Galiziarekiko konpromisoa argudiatu zuen: «Galiziako presidente izatea da nire anbizio politikorik handiena». Agian, adierazpen horrek azaltzen du hauteskundeetako afixetan soilik bere izena eta Galicia hitza agertzea, eta PPren siglen arrastorik ez egotea; finean, Feijoo ezagun egin da alderdian ahots propioa duelako, eskuindarren artean autonomia erkidegoetan gehiengo osoa duen agintari bakarra izateak indartuta.

Gainera, marka propio bat bilakatu da —galiziarrek gehien balioesten duten hautagaia da, CIS Espainiako Ikerketa Soziologikoen Institutuaren arabera—, eta, hain justu, Manuel Fraga Galiziako presidente ohiaren marka lortzea du helburu gaurkoan: gehiengo osoa laugarren aldiz jarraian eskuratzea.

Baina ezer ez da betiko, eta Feijook dagoeneko jakinarazia du bere «anbizio politikorik handienak» gehienez beste lau urte iraungo duela, ez baitu 2024ko hauteskundeetara aurkezteko asmorik; aldiz, ez du zehaztu zer egingo lukeen gehiengo osoa lortuko ez balu, testuinguru horretan Bloke Nazionalista Galiziarrak, Galiziako Alderdi Sozialistak eta Galicia en Comun-Anova Mareas aliantzak ezkerreko koalizio gobernu bat osatzeko aukera baliatuko bailukete.

Aurreko urteetako errealitateak aztertuta, PPGren presidentegaia edozein testuingurutanbizirik irauten jakin duen politikaritzat ere jo daiteke: M-15 mugimenduak, Podemosen, Ciudadanosen eta Voxen gorakadek, PPren ustelkeria kasuek eta Rajoyren erortzeak: ezerk ez dio babesik kendu orain arte. Hori bai, gaurko bozetan izan lezake lehen eragina, botoak Ciudadanosera edota Voxera joan daitezkeen mehatxuak bere horretan jarraitzen baitu; eserleku gutxiko kontua litzateke, baina horrek eragotz liezaioke parlamentuan berriz gehiengo osoa eskuratzea. Baliteke A Mariñan koronabirusarekin gertaturikoak ere zerikusia izatea horretan.

Kontrara, egungo babesei eutsiko balie, Casadoren aurrean duen jarrera are gehiago sendotuko luke alderdi barruan, eta, hortaz, Feijoo marka indartu.

Izan ere, PPGren presidentegaiaren iritziz, «gobernatuz ikasten da gobernatzen»; hori da urteotan defendatu duen mezua, batez ere 2009an Galiziako presidentetzara iritsi zenetik. Finean, alderdi berrien aldean kudeaketaren eta esperientziaren aldeko botoa dela «fidagarriena».

Galizian, ordea, alderdi politiko eta herritar askok ez dute ahaztu Feijooren agintaldiak murrizketenak eta austeritatearenak izan direla —batez ere lehena, 2009 eta 2012 artekoa—, eta osasungintzan, beste hainbat arlotan bezala, atzera egin dutela, ospitaleen itxierak tarteko. PPGren presidentegaiaren neurriek oposizioa haren aurka batzeko balio izan dute, are gehiago koronabirusaren harira dekretaturiko berrogeialdian: Xuntaren asmoa izan zen, besteak beste, kutsaturiko osasun langileei kontratuak ez berritzea, gaixoaldian egonda ere. Azkenean, Galiziako Gobernuak atzera egin behar izan zuen, baina, oposizioko alderdien iritziz, politika egiteko modu baten seinale da hori gertatu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.