Irentsi ahala oka egitea

Azterketa garaian murgiltzera doaz unibertsitateko ikasleak datozen egunotan, eta horren erakusgarri dira liburutegiak: leporaino beteta daude. Irakasleek esan arren azterketetarako memorizatzen ziren garaiak urruti daudela, ikasleen ustez, ebaluazio metodologia zaharkituek indarrean jarraitzen dute.

Atseden hartzeko beharra. Apunte aurreko ordu luzeetan kaferako eta eguzkia hartzeko debora hartzen dute ikasleek. ISABELLE MIQUELESTORENA / IPARLA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Goizeko zortziak jotzeke daude oraindik. Bilboko Azkuna zentroaren kanpoaldean dozenaka gazte, hotzari aurre eginez, ilara egiten ari dira. «Beranduago etorriz gero, ez dago tokirik liburutegian», esan du Amaia Goitiak, orri mordo bat eskuetan duela. Urteko garai hauetan ohikoak bihurtu dira herri eta hiri askotako liburutegien ateetan eguna esnatu aurretik sortzen diren ilarak. Eguna sortu aurretik sartzen dira barrura ikasleak, eta eguzkia sartu ostean ateratzen dira: azterketa garaian murgilduta daude unibertsitateko ikasleak. Hori horrela, datozen aste eta hilabeteetan irakasgaiak gainditu edo ez gainditzearen mehatxua izango dute gainean. Eta horri aurre egiteko, liburu edota apunteetan dagoena irenstea besterik ez dute izango askok egunotan, liburutegian zein etxean. Are gehiago, askok uste dute ikasitako hori handik bi astera ezerezean geldituko dela irakasleak pilatutako orri zurien artean.

Azken azterketak egin aurreko sentsazioa lehen aldiz izaten ari da Elix Etxandi izpurarrak. Izan ere, Historia graduko lehen maila bukatzen ari da EHUko Letra Fakultatean, Gasteizen. «Azterketa garaia iritsi ahala nire kezka handituz joan dela nabaritu dut: ikasleak presiopean mantentzeko soilik balio dute azterketek, eta presiopean derrigortua ez da deus ikasten», azaldu du. Azken urteetan, unibertsitateko ebaluaziorako metodoak aldatuz joan dira: duela zenbait urte teoria eskolek zuten tokia praktikek hartu arren, oraindik ere ikasleak azterketa bidez ebaluatzen dituzte irakasleek, eta, sarritan, azken emaitzan erabateko pisua izaten dute azterketek.


Azterketak. Urduritasuna nabaria da ikasleen aurpegietan azterketa garaian. IÑIGO URIZ / FOKU

Ikasleria lan mundurako prestatzeko helburuarekin sortu zen Bologna plana, eta, horretarako, beharrezkoa da ebaluazioa bat etortzea: sistema berriak talde lanak eta ariketa praktikoak gehiago lantzeko bide eman bazuen ere, tradizioaren mamuak ikasgeletan jarraitzen du. Etxandik esan duenez, historia graduko azterketak memorizazio hutsa dira: «Memorizatze ariketa horri zentzu minimo bat ematen diogu, eta apunteetan irentsitakoa botatzen dugu azterketetan, azken emaitzaren zain». Talde lanetara eta proiektuetara bideratutako metodoak ezartzea egoki ikusten du metodologia hori aldatzeko modu gisa.

Arantza Ozaeta Huheziko zuzendari akademikoak memoria beharrezkoa dela uste du, gizakiengan gaitasun garrantzitsua dela. Baina ikasleek, memorizatzeaz gain, lanak aurrera ateratzen, hasi eta bukatzen, antolatzen eta sorkuntza prozesuen parte izaten ere jakin behar dutela dio. «Gauza horien guztien falta sumatuko du ikasle batek azterketak soilik egiten baditu, eta formakuntzan eskas geldituko da». Are gehiago, azterketek jakintza modu bat akreditatzen duten heinean, ebaluazioaren arazo zentrala direla argi du Ozaetak.


Campusa. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren campusa. IDOIA ZABALETA / FOKU

Metodologiak aldatzen

Denbora da Mondragon Unibertsitateak azterketarik gabeko metodologia erabiltzen duela. Hain zuzen ere, Ozaetak azaldu duenez, azterketak bainoago, prozesua baloratzen dute, eta horretarako, ikaslearen autoebaluazioa, koebaluazioa eta heteroebaluazioa hartzen dituzte kontuan. «Ebaluazioa irakaslearen ardura izateaz gain, ikaslearena ere badela kontuan hartu behar dugu», azaldu du. Aldiz, ebaluazioa azterketa eta noten bidez soilik egiten bada, soilik irakasleak transmititutako jakintzak ziurtatzen direla dio. «Azterketarekin jakintzaren erreprodukzio bat lortu nahi da, baina ez gara iristen prozesu kolektiboetara, sorkuntza prozesuetara, eta gizartearekin harremanetan jartzen gaituen prozesuetara», gaineratu du. Ozaetaren ustez, gaur egun jakintzaren ziurtapena azterketen eta nota zehatzen bidez iristea ez da nahikoa. «Ikaskuntzak esperientziala izan behar du, esperientzian oinarritutakoa, gizartearekin lotua eta harremanetan dagoena».

Eredu horretatik urruti dabiltza Medikuntza ikasten duten ikasleak. Sei urtean, irakasgai gehienetan izan dituzte azterketak, eta askotan jokatzen dute lauhilabeteko nota guztia egun bakarreko proban. «Azterketak izan dira gure notak», dio Miren Padillak, Medikuntza graduko azken mailan dagoen ikasle donostiarrak. Onartzen du iritzi kontrajarriak dituela metodologiaren inguruan: edukiak menperatzeko azterketak ezinbesteko ikusten ditu, baina bestela antola daitezkeela ere esan du: «Azterketak sarriago egin, eta bakoitzean eduki gutxiago eskatzea izan daiteke modu bat». Bestalde, eduki asko memorizatu behar dira Medikuntzako graduan, eta, Padillak dioenez, ikasle askok edukiak ikasi bainoago azterketa motak —test azterketak egiten dituzte— egiten ikasten dute: «Mediku izaten bainoago, badirudi azterketa mota jakin bat egiten irakasten digutela unibertsitatean».

Graduetako salbuespenak salbuespen, Euskal Herriko Unibertsitatean duela zenbait urte hasi ziren ikas eredurik egokiena sortzeko lanean. «Gure eredua IKD eredua da», azaldu du Itziar Rekalde EHUko irakasle eta pedagogian adituak. Ikaskuntza kooperatibo eta dinamikoaren alde ari dira, hain zuzen. «Ikasleak izan behar du ardatza, eta rol aktiboa izan behar du». Rekalderen iritziz, bat etorri behar dute eskoletan erabiltzen den metodologiak eta ebaluazio sistemak. «Azterketak egitea ona izan daiteke, baina argi izan behar da ezagutza teoriko batzuetara mugatutako probak direla». Rekalde bat dator Ozaetarekin: «Ezagutza ez da nahikoa, prozedurak ezinbestekoak dira». Ikasleak prozedura horiek barneratu dituen azken azterketa baten bidez jakitea «ia ezinezkoa» da, haren esanetan. Ezagutzak pisua duen irakasgaietan azken azterketak neurri batean justifikatuak egon daitezkeela defendatzen du Rekaldek, baina argi utzi nahi du pertsona konpetenteak egitea dela unibertsitatearen helburua, eta azterketen bidez konpetentzia horiek neurtzea alderdi txiki bat baino ez dela nabarmendu du.


Atseden hartzeko beharra. Apunte aurreko ordu luzeetan kaferako eta eguzkia hartzeko denbora hartzen dute ikasleek. ISABELLE MIQUELESTORENA

Kanpoko ereduak

Kazetaritza graduko hirugarren mailako ikaslea da Igor Galarza abadiñarra. Dioenez, Kazetaritza ikastean, praktika teoria baino beharrezkoagoa da, baina hala ere, «ehuneko handi bat» azterketa bidez neurtzen dute bere fakultatean ere. Onartzen du memorizatzeko eduki gutxi izan dituztela hiru urtean, baina gutxi horren barruan «gehiegizkoa» izan dela iruditzen zaio: %100 praktikoa ez den irakasgai bat praktiko izatea zaila dela aitortu du, baina eskertua dago derrigorrean teoriara bideratutako irakasgaiak ahalik eta praktikoen egiten dituzten irakasleekin. «Irakasleek esaten digute praktikak egiten dituela kazetariak kazetari». Kontentu dago ikasleak motibatzeko prest dauden irakasleekin topo egin duelako fakultatean: «Badakite ezinezkoa dela gradu batean dohain guztiak jasotzea, baina ahalik eta plaza gehien izatera laguntzen digute».

Mexikon Erasmus egiteko aukera izan du Galarzak, eta han ikusi du gradua beste era batera antola daitekeela. «Hiru urteren ondoren, Mexikon eraman ahal izan dut teoria praktikara». Mexikon sei hilabetean EHUn bi urtetan baino gehiago ikasi duela gaineratu du. EHUn teoria asko bai, baina praxia ez dela batere lantzen dio: «Badugu zer ikasi beste herrialdeetako sistemetatik, eta horrek zer pentsatua ematen du». Erasmusen izan da Padilla ere, eta aukera izan du Medikuntzako edukiak ikasketa eredu desberdin batean jasotzeko. «Bigarren mailatik ospitalean aritzen dira han, eta urtero azterketa praktikoak egiten dituzte». EHUn halakoak egiteko aukera seigarren mailan soilik izaten dutela argitu du: iruditzen zaio posible dela, denborarekin, Euskal Herriko ereduak aldatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.