Tximista bat oreka lortzeko

Ohiko fenomeno meteorologiko bat diren arren, tximistek harridura sortzen dute, eta hainbat ezusteko eragiten dituzte. Askok dituzte horiekin lotutako esperientziak. Joan den astekoak, adibidez, denen ahotan ibili ziren, eta gutxienez bi andre zauritu zituzten.

Gasteizko Zabalgana auzoan eroritako tximista bat, 2011ko udan. RAUL BOGAJO / FOKU.
ane insausti barandiaran
2021eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Istant bat irauten du argiak, eta atzetik doakio burrunba. Jotzen dituzte zuhaitzak, jotzen dituzte mendi edo eliza tontorrak, etxeak, eta, batzuetan, pertsonak. Ezagunak dira tximistak, baina ohiko fenomeno meteorologiko bat izanagatik, haiekin lotutako bideo eta argazkiek berehala txunditzen dute jendea.

Mito eta kontakizun ugari daude tximistekin lotuta. Baina zer da, funtsean, tximista bat? Deskarga elektriko bat, Onintze Salazar Euskalmeteko meteorologoaren arabera: «Ekaitz hodeiak, cumunoningo deritzegunak, kargatu egiten dira. Karga positiboa alde batean kokatzen da; karga negatiboa beste alde batean, eta hor sortzen den karga banaketa horren ondorioz, deskarga elektriko bat sortzen da: tximista».

Deskarga horiek guztiak ez dira, ordea, lurrera iristen; aitzitik, deskargak hodeiaren barruan, bi hodeiren artean, hodei baten eta airearen artean edo hodeiaren eta lurraren artean gerta daitezke. «Gehienak ez dira lurrera iristen, eta azken horiek bakarrik dira arriskutsuak: lurra jotzen dutenak». Dioenez, hodeien artekoak edo hodei baten barrukoak izan ohi dira ikusgarrienak, eta ez dute lurra jotzen.

Dena den, «oso arriskutsuak» izan daitezke, Salazarren arabera, karga elektriko horrek daukan indarragatik: «Ikusten dugun argia deskargak hartzen duen bidea da, eta, zentimetro gutxi horietan, bat-batean, airearen tenperatura 20 mila gradutik gorakoa izatera iristen da».

Aire hori hedatu egiten da orduan, berotzean zabaldu egiten delako. Orduan sortzen da trumoia, airea hedatzearen ondorioz eztanda bat sortzen denean: «Airea izugarri zabaltzen da, eta horrek eztanda bat eragiten du. Guk entzuten duguna eztanda horren soinua da, trumoia».

Deskarga elektrikoak sortutako argiak, hots, tximistargiak, argiaren abiaduran bidaiatzen du, oso azkar. Horregatik ikusten dugu ia-ia sortutako istant berean. Trumoi hotsa, ordea, beranduago iristen zaigu, soinua argia baino askoz ere mantsoago hedatzen delako.

Horregatik, tximistargia ikusten denetik trumoia entzutera dagoen denbora tartea zenbat eta handiagoa izan, ekaitza orduan eta urrunago dagoen seinale izango da: «Batetik bestera igaro diren segundoak kontatu, eta zati hiru eginda, gutxi gorabehera, tximista sortu duen ekaitza zenbat kilometrora dagoen kalkula daiteke». Eta hurrengo tximistekin ariketa bera eginda, ekaitza gerturatzen edo urruntzen ari den jakin daiteke: segundo gutxiago pasatzen badira batetik bestera, gerturatzen ariko da, eta gehiago pasatzen badira, berriz, urruntzen.

Desoreka orekatzeko

Salazarrek dio hodeien barruan gertatzen diren karga banaketa horiek «desoreka bat» sortzen dutela, eta, naturak beti oreka bilatzen duenez, deskarga elektrikoaren bidez oreka berreskuratzen duela.

Oreka berreskuratzeko, ordea, tximistek leku puntadunak bilatzen dituzte, gogorarazi duenez: «Deskarga elektriko batek nahi duena zera da, leku puntadunetara joan, horietan karga dentsitate handiagoa pilatzen delako». Horregatik daude tximistorratzak hainbat eraikinen puntetan, tximistak hara joan daitezen.

Hala eta guztiz ere, Euskal Herriko ekaitzak «nahiko arruntak» direla dio meteorologoak, «ez bortitzenetarikoak». Gutxitan sortzen dira superzelulak, arrisku handiko tximistak: «Superzelulak oso ondo antolaturiko ekaitz multzoak dira, nolabait esateko, eta beren buruaren bueltan bira egiten dute. Tornadoak sortzen dituztenak dira, baina gurean ez dira ohikoak izaten».

Joan den asteko ekaitzak «ohikoak»izan zirela dio. Aire masa hotza izan zen goi geruzetan, eta horrek eragindako ezegonkortasunaren ondorioz sortu ziren, Salazarren arabera. Ekaitz lerro batek Euskal Herria zeharkatu zuen, eta horregatik izan ziren hainbeste: «Askotan izan ditugu joan den astekoak bezalako ekaitzak; ez dugu esango oso arrunta denik, baina ez zen arraroa izan». Asko zabaldu zirelako izan zuten halako oihartzuna, haren ustez.

Gorputzean barrena

Pablo Uranga tolosarra tximista batek jo zuen 2013an, Belaguan (Nafarroa) udalekutan zegoela. Mendi irteera bat egin zuten, Petretxema mendira. Sei laguneko taldea iritsi zen lehenik, bera barne, eta Urangaren azken oroitzapena da tontorrean zeudela: «Tximista erori zenean, lurrera erori nintzen, eta kolpea hartu nuen buruan, mendi puntan dena harria zelako. Kolpearekin, konortea galdu nuen, eta Zaragozako ospitalean esnatu nintzen. Beraz, gogoratzen dudana kontatu didatena da».

Gogoan du ospitalean esnatu zenean harrituta geratu zela, eta telebista piztu, eta horri buruz ari zirela hizketan. Erredura batzuk eta puntuak eragin zizkion tximistak: «Gorputzean erredurak nituen, justu tximistak egin zuen ibilbidea markatzen zutenak. Buruan puntuak izan nituen, erortzean harria jo nuelako». Dena den, esan du gerta zitekeenerako oso zauri gutxi izan zituela: «Erredurei pixka bat kosta zitzaien sendatzea; gero sendaketak egin nituen, eta kopetan orbain txiki bat daukat, baina beste ezer ere ez».

Hortaz, lagunek pasatu zuten hark baino okerrago, dioenez: «Nik beti esaten dut lagunek okerrago pasatu zutela nik baino. Haiek hor zeuden; ondo gogoratzen dute gertatutakoa: odoletan ikusi ninduten; gogoratzen dira tontorretik nola jaitsi ninduten, helikopteroa etorri zela...».

Ordutik, baina, ez die aparteko beldurrik tximistei: «Ez diet beldurrik; anekdota moduan gogoratzen dut». Mendira joaten jarraitu du, eta Pirinioetara ere itzuli izan da gerora. Hori bai, ekaitza denean, beti entzun ohi ditu txantxak eta komentarioak.

Etxe alboan

Joan den asteko ekaitzek sortutako tximistetako batek Zumarragan (Gipuzkoa) jo zuen, Idoia Agirreren etxetik oso hurbil. Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu da eztandaren bideoa.

Kozinatzen ari zen Agirre, gaueko hamarrak aldera: «Bat-batean, eztanda handi-handi bat sumatu genuen, zerbait puskatu izan balitz bezala. Ni indukzioaren parean nengoen, eta txinpartak atera ziren hiru alboetatik». Oihu egin zuten, baina «zerbait puntuala» izan zela nabarmendu du: «Konturatu ginen oso gertu jo zuela, baina besterik gabe. Beldur handiagoa sentitu genuen gero, irudiak ikusi genituenean». Oraindik ez dakite ziur non jo zuen tximistak.

Indukzioa, hozkailua eta plafoi batzuk matxuratu dizkie haiei, eta bizilagunei, ur hoditegia etagarbigailua, baina denak kalte materialak izan dira: «Oihartzun handia izan du gure kasuak, baina ondo gaude guztiok; ondorio materialak soilik izan ditugu».

Kasualitatea ala ez, jakin dute duela hamazazpi urte beste tximista bat erori zela beren etxe inguruan. Bitxia dela dio, Zumarragako Ospitalean eta elizetan tximistorratzak badaudelako, eta ohikoena horietan erortzea litzatekeelako.

Esan du etxean kanpinean bezala daudela, hondatutako gailuak konpontzen eta aseguru etxeekin hitz egiten ari direlako. «Hozkailu txiki bat daukagu, kanpineko mahai bat erdian, sukalde batekin, bonbona hor jarrita... Ea noiz arte!», dio umorez. Agirrek, ordea, nabaritu du ez dela lehen bezain lasai egoten ekaitza datorrela entzuten duenean: «Trumoiak entzuten ditudanean, sentsazio arraro bat sentitzen dut, beldur moduko bat». Dena den, azkar pasako zaiola uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.