MARIJAIAREN ESAMESAK

Konpartsen jai eredua kutsatzen

Ibai Maruri Bilbao.
2019ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Gezurrezko argazki batek sortu zuen zer esana, Aste Nagusia hasi berritan, baina egiazkoa ere izan zitekeen. Arriaga plaza ageri zen, bezpera gaueko parrandaren arrasto handiegiarekin: zorua plastikozko botilaz, edalontziz eta poltsaz beteta; erdian, udal garbitzaile bat, dena garbitu ezinik. Areatza ez ezik, jaietako kontzertu nagusiak egiten diren lekuak edo Albia eta Mazarredo inguruak ere halatsu egoten dira goizero. Plastikoaren gehiegizko erabileraren aurkako mundu osoko kanpainek eragin gutxi izan dute oraingoz Bilboko jaietan. Horri aurre egiteko, udalak indartu egin du garbiketa zerbitzua: seiehun behargin dabiltza hiriburua jairik ez dagoenean baino garbiago uzteko ahaleginetan. Eta lortzen dute! Gainera, itsasontzi bik egunero jasotzen dituzte bezperan itsasadarrera botatako hondakinak.

Plastiko pila horrek ez die soilik ingurumenari eta garbitasunari kalte egiten, baita konpartsei ere: supermerkatuetan erositako edaria ez da txosnetan kontsumitzen. Hau da, nabarmen mehartzen zaie San Tomas azokako egitaraua, inauterietakoa eta Aste Nagusikoa antolatzeko duten finantzaketa iturri bakarra.

Konpartsen federazioak baditu mehatxu gehiago; esaterako, aurten gogor salatu dituzte Aste Nagusian udalak egin dituen aldaketa nagusietako bi. Plaza Biribilera eroan ditu gauetako berbenak; han egoten ziren txosnak, berriz, Erripako kaira, ia Areatzako jaigunera bertara, dena bat balitz bezala. Baina txosna horiek ez dira konpartsenak. Hau da, lortutako etekina ez diete bilbotarrei itzultzen egitarau eta jaietako ekintza gisa. Konpartsak hobeto babestu ezean, arriskuan egon liteke haien jai eredua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.