MARIJAIAREN ESAMESAK

Jaia sare sozialetatik aparte egon da

Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Sare sozialei esker munduko edozein txokotan gertatzen dena azkar zabaltzen da gaur egun. Hala gertatu da Aste Nagusian ere. Interneteko bilatzailean «Aste Nagusia» idatzita, azken egunotako dozenaka txio eta mezu irakur daitezke. Halaber, Marijaia Arriagako balkoira irten orduko hasi ziren Bilboko jaiak zeresana ematen. Pregoilariaren aukeraketaren aurkako kritikak izan ziren lehenengo, eta abeslari espainiar baten kontzertua bertan behera uzteak berotu zuen giroa. Lehen gaua pasatuta, Areatzako konpartsagunean ikusitako janari banatzaileen argazkiak azaldu ziren igandean. Horiek eta jaigunean goizetan azaldutako plastiko kopuruak gazteen kontsumo ereduaren inguruko eztabaida piztu dute. Txosnen dekorazioak ere eman du tiratzeko haria, eta, astearen erdian, kale saltzaileen eta ertzainen arteko istiluen bideoak ikusi dira gehien.

Oro har, sare sozialetan argitaratutakoek argitik baino ilunetik gehiago izan dutela esan daiteke. Bilboko kaleetan, baina, pozteko ekintzak ere gertatu dira. Bederatzi egunez mundutik deskonektatu du Bilbok; denbora gelditu egin da, eta herritar asko ez dira ohartu ere egin Twitterren gertatzen ari zenaz. Kaleetan jai giroa nagusitu da, konpartsen eredua egonkor dago, ekitaldi asko bete egin dira, eta zaila da Bilbon elkartzen den jendearen pluraltasuna beste nonbait aurkitzea.

Duela bederatzi egun jaurti zuen aurtengo txupinerak lehen suziria Arriagako balkoitik. Eta, gaur gauean, Marijaia erretzearekin batera botako du azkena. Balantzea egiteko egunak izango dira datozenak. Sare sozialek eman dute epaia, Marijaiak bota ditu bere esamesak. Benetako festa, baina, kalean egon da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.