Amoniakoa, ahobiko arma

Amoniakoaren asmakuntzak goitik behera eraldatu ditu bi mundu: nekazaritzarena eta lehergailuena. Gas kimikoak elikatu dituen adina gorputz hil ditu azken mende honetan.

maddi iztueta olano
2022ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Atmosferaren %78 nitrogenoz osatuta dago, baina ezin da bere horretan erabili. Duela ehun urte inguru Fritz Haber kimikari alemaniarrak kimikoki erreaktiboa den nitrogeno forma bat, amonioa, erabilgarri nola bilakatu asmatu zuen, hots: presio eta tenperatura altuetan nahastu zituen nitrogenoa eta hidrogenoa, burdina katalizatzaile gisa erabiliz, amoniakoa (NH3) sortzeko.

Haberren asmakuntzak are garrantzi handiagoa hartu zuen Carl Bosch kimikari alemaniarrak amoniakoa sortzeko prozesua merkaturatu ostean. Haber-Bosch izendatu zuten, eta, ordutik, hamaika gauzatarako tresna bilakatu da amoniakoa: hondakinen tratamendurako, zelulosaren eta paperaren industriarako, garbiketa produktuak sortzeko eta ongarriak ekoizteko, besteak beste.

Egun ekoizten den amoniakoaren %90 nekazaritzarako ongarriak sortzeko erabiltzen da; izan ere, laborantzan gehien erabiltzen den ongarria amonio nitratoa edo NH4NO3 konposatu kimikoa da. Bi unitatez osatzen da: ioi nitratoa eta ioi amonioa. Ura lurrundu ondoren, amonio hidroxidoarekin azido nitrikoa neutralizatuz sortzen da, 200 atmosferako presioan eta 450 Celsius graduko tenperaturan, solido zuri bat lortu arte.

Nekazari askok erabiltzen dute amonio nitratoa beren landetan; batetik, landareak zuzenean xurgatu dezakeen nitrogeno kantitate altua eskaintzen duelako, eta, bestetik, lurruntzeak eragindako galerak txikiagoak direlako. Amonio nitratoa landara bota eta gutxira xurgatzen du lurzoruak nitratoa; uraren bidez sustraietara iristen da, eta berehala xurgatzen du landareak. Amonioa, berriz, astiroago xurgatzen dute sustraiek; izan ere, lurreko mikroorganismoek denbora behar izaten dute gas kimikoa nitrato bihurtzeko.

Kalkuluen arabera, asmakuntza horri esker milioika lagun elikatzeko prozesu azkarra eta merkea eskaini zuten Haberrek eta Boschek, eta, horregatik, Bakearen Nobel Saria eman zieten: 1918an batari eta 1931n besteari. Txanponaren beste aldea, ordea, ilunagoa da. Nekazaritzarako ez ezik, lehergailuak sortzeko ere erabiltzen da amonio nitratoa. Berebiziko garrantzia izan zuen Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan, baita horien ostean borrokatu diren bataila guztietan ere. Amoniakoak elikatu dituen adina gorputz hil ditu azken mende honetan.

Lehergailuek eragindako heriotzez gain, amonio nitratoa erabiltzen duen nekazaritza ereduak ere eragin ditu hainbat kalte. Prozesuan sortutako nitrogeno guztiaren %80 erabiltzen da ongarri gisa, eta gainerako nitrogeno soberakinek ingurumen biltegietara egiten dute ihes. Horietan, nitrogeno erreaktibo fosil gisa gelditzen da gordeta. Horrek ondorio larriak eragin ditzake ingurumenean; izan ere, nitrogeno erreaktiboak berotegi efektuko gas kopuru handiak isurtzen ditu, ozono troposferikoa indartzen du, ozono estratosferikoa suntsitzen du, eta lurzorua azidotzea areagotzen du.

Horiek hala, begi bistakoa da amoniakoak eta horren erabilerak eragin handia izan dutela XX. eta XXI. mendeetako segurtasun militarrean, elikagaien ekoizpenean eta bioerregaietan. Erabilera horrek, baina, ondorio kaltegarriak izan ditu ingurumenean, eta, gainera, nazioarteko desoreka are gehiago sustatu du. Izan ere, egungo gizartea nitrogenoan oinarritutako ekonomiaren mende dago, baina Haber-Bosch prozesuaren onurak ez daude munduko herrialde guztien eskura. Muga ekonomiko, geografiko eta politikoen ondorioz, esportatzaile handi gutxi batzuen mende daude munduko herrialde asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.