Danel Agirre.
SASKI DA!

Ledesmako amateurrak

2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Exorzizatu beharreko bat. Epaitegietan eta akziodunen batzarretan erregistratutako sikofonia pare bat salbu, Bilbo Basketen egunerokoa horrenbeste baldintzatu duen mamuak isilik eman ditu lau urte. Taldeak maila galtzea nahikoa izan da, Gorka Arrindak El Correo egunkariari elkarrizketa oportunista askoa eskaintzeko. Epelak esan dizkie bera ordezkatu zuten enpresariei: «Kluba Ledesman poteak hartuz kudeatzen duten zale amateurrak» baino ez dira zuzendaritzako kideak, akziodun nagusi ohiaren aburuz. Bilbo Basket maneiatzen eman zuen aroa zuritzeko baliatzen du Arrindak solasaldia, itzulipurdi dialektiko bat bestearekin kateatuta. Klubak bere enpresei kontratatzen zizkien —eta oraindik ordaintzen dabilen— zerbitzuak ez lirateke bere patrikak modu ezin itsusiagoan betetzeko trikimailua, baizik eta Bilbo Basketek langile gehiago soldatapean eduki beharra ekiditeko metodo burutsua. Erakunde publikoak (Eusko Alderdi Jeltzalea, «onenak») koipeztatuz bukatzen du Arrindak elkarrizketa. Batek daki zein helbururekin. Joan den ostiralean Bizkaiko Hitza-n argitaratu analisi zorrotzean, etorkizunari itxaropentsu egin zion so Beñat Zarrabeitia kazetariak, Bilbon eta eskualdean saskibaloiak badituenez sobera tradizio eta masa kritiko nabarmenduz. Bilbo Basket salbatu edo egitasmo berri bati sinesgarritasunez ekiteko, hori bai, ezinbestekoa da B serieko filma batetik ateratakoak diruditen Arrindaren moduko mamuak behingoz exorzizatzea.

Bost pezetako ideia. ACBk presidente berria aukeratu behar zuen joan den asteartean. Javier Imbroda Espainiako hautatzaile ohiaren eta Miguel Juaneren hautagaitzak baztertu egin zituzten klubek. Juan Francisco Garcia enpresariarena korrika eta presaka erretiratu zen, bozketa baino ordu batzuk lehenago atxilotu zutelako, Eduardo Zaplana Espainiako Lan ministro ohiaren aurkako operazioan. ACBk presidenterik gabe jarraitzen badu ez da aurre egin beharrekoen zerrenda ziztrina delako, preseski. Gobernu eza egundokoa da aspalditik, eta lehiaketaren osasunari eragiten dio. Konpontzekoen artean ez da akaso presazkoena, baina egutegiaren egituraketak merezi du gogoeta sakona. ACBko kanporaketak asteburuan hasi dira, behin Euroligako lauko pasatuta, eta NBAk hilabete eta erdi daramalarik kanporaketetan murgildurik. Zaleak tentsio askorik gabe iritsi ohi dira urte sasoi honetara, aisialdia eraikin itxi sargorietan igarotzeko gogo gutxirekin. Jokalariei ere oso luze egiten zaie denboraldia, eta nekeari beste eragozpen bat gehitzen zaio. Asteak dira merkatua esnatzen hasi zela.Agenteak sakelakoak astintzen hasi ahala, profesional askoren grinak eta arretak beherantz egiten dute nabarmen. Idatzitakoaren ondorio praktikoa dira igandeko Baskoniaren eta Unicajaren artekoa bezalako saskibaloi partida oso kaskarrak. Saski Da!-ren bost pezetako konponbidea:ACBren sasoi erregularra apirila erdialderako bukatu; ondoren, Euroligako final-laurdenak tartekatu; maiatzean ligako kanporaketekin jarraitu; eta, lauko finala Europako denboraldiko benetako azken festa bihurtzea.

Sudurrean pintza, berriz. Ezjakin konpletoa dela disimulatu, eta zutabe hau idatzi ahal izateko, Whatsapp-en hainbat sanedrin ditu Saski Da!-k, saskibaloiaz benetan dakiten adiskide eskuzabalekin. Horietako batek, Enekok, mezu laburra bidali zion zapatuko ordu txikitan, Boston Celtics eta Cleveland Cavaliersenen arteko Ekialdeko konferentziako finaleko seigarrena bukatu berritan: «LeFroome James». Txantxa dirudien hitzokei inprobisatuari ez zaio mamirik falta. Italiako Giroa irabazi berri duen txirrindulariaren kasuan bezala, sudurrean pintza ipini beharra dago, Cavseko izarraren erakustaldiez gozatu eta botika kiratsa uxatzeko. Ohikoa da James bezala NBAn hamabost urte daramatzaten beteranoek odol kontrolik ez pasatzea. Pasaporte biologikoa ezartzetik oso urrun da liga. 3.720 minutu jokatu ditu dagoeneko Jamesek denboraldi hasieratik, ligako bigarrenak baino 444 gehiago. 33 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.