DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

Plaza bete ikusle dantzei so

Gero Axular dantza taldeak Donostiako Konstituzio plaza bete du 'Agorrila' ikuskizunarekin. 1813ko Donostia gogoan hartuta egin dute euskal dantzen sorta hori.

Haurren jokoak adierazten dituen dantza. ANDONI CANELLADA / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Kanpaiek aditzera eman dute: 19:00ak dira. Donostiako Konstituzio plazan bi pisutan banatutako oholtza bat dago, goiko zatia musikarientzat prestatuta, eta, aurrean, plastikozko ehunka aulki, jadanik erdiak baino gehiago beteta. Hasteko ordubete falta bada ere, jendeak lekua gorde nahi du. «Eseriko gara? Gero, bestela, ez dugu eta lekurik izango», esan du emakume batek, aulkian azkar eseriz. Izan ere, Donostiako Aste Nagusian hainbat dantza emanaldi egoten dira, eta herenegun izan zen Gero Axular taldearen txanda.

Eserita dauden gehienak zaharrak dira; baina badira gazte gutxi batzuk, baita haurrak ere. Neska eta mutil bikote bat lehenengo ilaran esertzera joan da, baina libre dauden bi aulkietan kartela dago: elbarrientzako lekua da.

Lehen ilararen eta oholtzaren artean, hesia dago; bertan daude bi emakume, oholtzaren alboan dagoen egitarau erraldoiari begira. Ia egunero dago euskal folklorearekin zerikusia duen ikuskizunen bat. «Ze pena: asteazkenean ez dago ikuskizun folklorikorik», esan du, penatuta, emakumeetako batek. Bosgarren ilaran, berriz, Ramon Aznar dago eserita, beste bi lagunekin: «Orain esan digute ia ordubete falta dela hasteko, eta dena beteta dago? Hala ere, gu geroago etorriko gara», Aznarrek, harrituta. Aurrera doa denbora, eta, handik ordu laurdenera, emakume bat jarri da teknikarien mahaiaren ondoan, aulkietara begira eta marmarka: «Nola mugitzen den jendea! Orain batzuek lekua topatzeko arazoak izango ditugu!».

Dantzekin historiara

Bitartean, oholtzaren atzean, arkupeetan, iskanbila entzuten da. Alboak errezel erraldoi beltzekin tapatuta daude, eta han dabiltza, alde batetik bestera, Gero Axular dantza taldeko dantzariak. Batzuk mototsak egiten ari dira; beste batzuk pololotan daude txikienei laguntzen; eta beste talde bat oholtzan, azken entseguak egiten. Dantzarietako bat da Aitana Agirre: 21 urte ditu, eta 5 urtetatik da dantzaria. Haren esanetan, Aste Nagusiko ikuskizuna oso garrantzitsua da taldearentzat: «Urteko ikuskizuna da guretzat: doan denez eta Aste Nagusian, jende gehiagok ikusten gaitu, eta ate gehiago irekitzen dizkigu».

Agorrila ikuskizuna egingo dute. Donostian bizitako gudarostean girotuta dago, 1810. eta 1813. urteen artean, eta amodio istorio bat kontatzen du. Horrelako ikuskizun bat antolatzeko bi urte behar dituztela azaldu du dantzariak: «Guk sei hilabete behar ditugu dantzak ikasteko, baina, ideia lantzen hasten direnetik arropak prestatu eta guk ikasi arte, bi urte pasatzen dira».

Dantzari txikienek zaharrenen laguntza jasotzen dute, arropa kapa bakoitza ondo jartzeko, edota ilea ondo lotzeko. «Niri dantzak gehien eman didana laguntasuna izan da: batzuk lehenago ezagutzen nituen, baina asko taldean ezagutu ditut», esan du Agirrek. Gainera, Gero Axular taldeak bidaia asko egiten ditu beste herrialdeetan euskal kultura zabaltzeko. «Egiten ditugun bidaiak aberasgarriak dira, eta oso gustuko ditut. Haurrei hezteko balio die, asko ikasten baitute», azaldu du. Dantza taldeak duen eskolan 5 urterekin hasten badira ere, horrelako ikuskizunetan parte hartzen Lehen Hezkuntzako bosgarren mailan hasten dira, 10-11 urterekin. «Nahiz eta batzuk gazteak izan, serio egiten dugu lan, eta jendea animatu nahi dut etortzera, euskal dantzak egiteko oraingo abestiak erabiltzen ditugu eta», azaldu du dantzariak.

Ez dago lekurik eserlekuetan 19:30erako; iristen den jendea inguruan jartzen ari da, eta beste batzuk tabernetako terrazetan daude. Garagardoa aurrean dutela daude Zelda Pueyo gaztea eta haren laguna: frantsesez ari dira, eta bigarren aldiz daude Donostian. «Ez dugu inoiz euskal dantzarik ikusi, baina ikuskizuna laster hasiko dela esan digute, eta hemen geratzea erabaki dugu, zati bat ikusteko», esan du Pueyok.

Leire Muñoz, berriz, amonarekin eta ahizparekin joan da. «Txikia nintzela, amonak ia urtero ekartzen ninduen; beraz, gaur ere etorri gara, ohiturak ez galtzeko», esan du Muñozek. Harengandik gertu dago Maialen Arrillaga, Donostiako neska bat: esan du ez duela ia loturarik euskal dantzekin, eta lagun bat ikustera etorri dela. Muñozek, berriz, azaldu du: «Nik dantzatu izan dut; asko gustatzen zait dantza, eta gomendatuko nizkioke horrelako ikuskizunak jendeari».

Azken minutuetan soinu eta argi probak egin dituzte teknikariek, eta prest daudela dirudi. Ordu-orduan hasi da musika, eta jaitsi da plazan dagoen iskanbilaren bolumena. Oholtzan, bi neska daude eserita, eta Argitxo iratxoa bezala jantzitako mutil bat iturri ondoan. Benito Lertxundiren Itsasoari begira abestiarekin batera, beste bi neska agertu dira. Emakumeak ur bila nola joaten ziren azaltzen duen dantzarekin hasi dute ikuskizuna.

Istorioak aurrera jarraitu du, bikote baten maitasuna eta herriaren alaitasuna adierazi dute dantzaren eta zuzeneko musikaren bidez. Geroago, gizonezkoek gerrara joatean gertatzen zena azaldu dute: gerratik itzultzean, bikote maiteminduaren ezkontza ospatu dute. 1813ko abuztuaren 31n Donostian gertatutako sutea antzeztuz amaitu dute. Argi zuri txikiz bete dute oholtza, eta fandangoarekin eta arin-arinarekin bukatu dute. Txalo zaparrada baten erdian agurtu dituzte ikusleak, eta pare batek negarrez utzi dute oholtza, emozioz beterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.