Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea. Ana Irene del Valle. Dekanoa

«Ikasleen orientazioa oso garrantzitsua da: ez dute argi ikusten etorkizuna»

Pandemia betean, baina, halere, hobekuntza bolada baten ondoren bete ditu fakultateak 40 urte. Orain, ikasleen orientazioari, etengabeko formakuntzari eta jaiotzen beherakadaren ondorioei erne daude.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko azaroak 23 - Bilbo

EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko aurreko dekanotzako kide izan zen Ana Irene del Valle (Bilbo, 1965) dekano berria, eta ezagunak zaizkio fakultatearen erronkak: etengabeko formakuntza behar bat da egun, eta aldaketa demografikoa kezka izango da laster.

Nola dago fakultatea?

Salbuespen egoeran bezala bizi izan ditugu ia bi urte. Ezartzeko genituen gauzak atzeratu behar izan ditugu. Beti egon dira erronkak, baina batez ere azkeneko hamarkadan egin dira hobekuntza eta hedatzerik handienak: bost gradu ditugu, ikerketa taldeak handitu egin dira, ikasle kopurua mantendu egin da aldaketa demografikoa gorabehera... Kudeaketa gero eta konplexuagoa da, baina erronka hori ere gainditu da. Badaude hobetzeko gauzak, baina, gutxienez, muskulua badugu erronkei aurre egiteko.

Fakultate handia da. Onuragarria da hori kudeaketarako?

Oreka behar da: gehiegi haztea arriskutsua izan daiteke. Aurreko dekanotza taldeek buruan izan dute ikasleen kopurua mantendu behar dela, gizarteari begira betiere. Unibertsitatearen funtzioa ez da jendea lanean jartzea; baditu, eta gehiago publikoa izanda, beste helburu batzuk, gogoetarekin eta ikerkuntzarekin zerikusia dutenak, adibidez. Baina enplegagarritasunean ere pentsatu behar dugu. Bestalde, jaiotzak gutxitu egin dira; gazte gutxiago egongo dira etorkizunean: hori da erronketako bat. Beste bat: etengabeko formakuntza; adi egon behar dugu lan merkatuko eskari berriei erantzun ahal izateko.

Eskaera horiek presioa eragin diezaiekete ikasleei?

Gaur egun, graduan oinarrizko formakuntza ematen, da eta, graduondokoan, espezializazioa. Lan merkatuan, eginkizunak gero eta ugariagoak dira, eta espezializazio gehiago eskatzen dituzte, gauza berriak agertzen direlako: big data edo komunikabideetako trantsizio digitala, adibidez. Ez nuke esango presio handiagoa denik; ikasleek pentsatu behar dute egungo profesional askok pentsatzen duten bezala: ikasketa ez dela hasi eta bukatzen den prozesua, baizik eta bizitza osoan laguntzen dizula.

Nola egokitu da fakultatea trantsizio digitalera?

Trantsizio digitala oso azkar doa, eta urtero inbertitzen dugu azpiegiturak gaurkotzeko; azken urteetan, inbertsio handia egin da. Makinak garrantzitsuak dira, baina metodologia ere bai, trantsizio pedagogikoa egiteko. Horri ere garrantzi handia ematen diogu.

Zein da euskararen egoera?

Eskaintza eta erabilera bereiziko nituzke. Kazetaritzako, Ikus-entzuneko Komunikazioko eta Publizitateko ikasleek euskaraz egin dezakete gradu osoa. Soziologian eta Politikan, hautazko batzuk ez daude bikoiztuta, ikasle gutxiago ere badirelako. Aspalditik, gure fakultateari ezin zaio ezer leporatu alde horretatik.

Eta erabilerari dagokionez?

Beste gauza bat da fakultatean bizi den euskara. Segun eta nondik datozen, ikasle batzuek hezkuntza sistematik dakarten euskara ez da hain sendoa, eta ez dute erabiltzen. Ekintza bat abiatu dugu sartzen direnen euskara hobetzeko, ikaskideen bitartez, eta keinuak egiten ahalegintzen gara dekanotzako eta campuseko errektoretzako kideok, baina gizartearen isla gara.

Aipatu duzu abiatzekoak ziren gauza batzuk atzeratu behar izan dituzuela. Zer, zehazki?

Pandemiaren eraginez, psikologiako arreta zerbitzua handitu da unibertsitatean. Ikasleen orientazioa oso garrantzitsua bihurtzen ari da: ez dute argi ikusten etorkizuna. Eskolan berezkoa eta naturala izan den tutoretza hori, unibertsitatean ez da horrenbeste egin. Gradu bakoitzean pentsatutako tutoretza plan bat geratu zitzaigun lantzeko. Bestalde, formakuntza duala abiatu berri dugu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Netflix Euskaraz herri mugimenduaren agerraldia, Durangon, apirilaren 17an. ©Endika Portilo / Foku

Hizkuntzen berdintasunaren alde lan egiten dutenek salatu dute legean ez dagoela urratsik

Paulo Ostolaza - Urtzi Urkizu

Euskalgintzaren Kontseiluak eta katalanaren eta galegoaren eskubideen alde lan egiten duten erakundeek adierazi dute ikus-entzunezkoen lege berrian hizkuntza aniztasuna aitortu, defendatu, bermatu eta sustatu behar dela printzipio gisa.

 ©JON URBE / FOKU

«Egin kontu: ez daukat gonarik, ez mototsik, baina liburuzaina naiz»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Topikoen kontrako borrokaz eta liburutegien egiteko berriez ari da Juarez. Muskizko liburuzaina da, eta haien elkarteko burua. 30 urte bete ditu elkarteak berriki. 'Antolatzearen diziplina' liburua itzuli dute.
'Leonard' kometa, azaroaren 19an, Mungiatik ateratako argazkian. / ©Alex Escartin

'Leonard' kometa ez da hautsi, eta datorren astean begi hutsez ikusi ahal izango da

Jon Ordoñez Garmendia

Espero zen bidea egiten ari da Leonard kometa, eta datorren astean begi hutsez ikusi ahal izango da Euskal Herrian. 80.000 urtean behin hurbiltzen da Lurrera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.