Josette Erramun. Ostalerra

«Baionako zikin garbitzaileak ezagutu ditut behi eta orgekin»

Erramun «denek» ezagutzen dute Baionan: hiriko arima da. Bestek har lezakete haren izena. Bar Du Marcheko ostalerrak «azkar» aldatzen ikusi du hiria, bai Banka sorterria ere.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Josette Erramun (Banka, Nafarroa Beherea, 1941) «zerutik lehen etxekoa» bide da. Lurrari betidanik atxikia, Baionan lur hartu zuen aspaldi, hiriko enblema bilakatzeraino. Badu ehun urte Bar Du Marche ostatuak zola eta barra bera dituela. Sanferminetako afixek apaintzen dute oraino ere.

Goratik eroria zara Baionarat.

Bai, ni Banka Espilarrekoa naiz. Hamalau haurrideetarik laugarrena. Beti oinez kurri ginen: eskolarat joateko, bederatzi kilometroko bidea genuen. Heldu, eta heziketa fisikoa bagenuen.

Aski egin ez bazenute bezala...

Pentsa ezazu; entrenatuak ginela! Lau kusiek Akitaniako lasterketa badugu irabazirik! 70 urte badira. Baigorrinhasi, gero Garazin...

Ez da oraingo moda, beraz.

Baziren anitz lasterketa orduan, eta bereziki onak ziren bankarrak. Korda igaitea ere irabazi genuen. Errientsak fier ziren gutaz.

Baina hori ez zuten eguneroko bederatzi kilometroek kausitu.

Ez! Barrukian baikenuen soka bat dilindan, eta hor aritzen ginen!

Eskolarat joateaz gain, aritzen zinena etxeko lanetan?

Eskola aitzin, sua piztu; oilo, xerri eta behiak bazkatu behar genituen. Eta karrikaratzeko bidean esnea banatu behar genuen, komunzki, egunero, gure Putxu astoarekilan. Esnea banatu, eta bera etxera sartzen zen; gu, aldiz, eskolan egoiten. Arratsetan, lan berak egitekoak genituen; eskolako lanen egiteko ez genuen aizinarik: ohointzan egiten genituen, oherat joatean. Zazpirekin hasi eta hamalau urtetan utzi nuen, etxean laguntzeko. Baina bagenituen etxeko lanen kurtsoak.

Zer duzu hori?

Serorek erakutsi digute josten, trikotatzen, kozinan, menaiua egiten, brodatzen... Hiru neguren buruko, CAP titulua eskuratu nuen. Azterketaren egunean, botoi zulo berezi bat jostea eskatu zidaten; ez nekike gehiago egiten. Gazteek ere ez dakite.

Tropa ederra zineten etxean; goserik pasa duzuea?

Ez, sekula ez. Biziki gaztetasun urosa ukan genuen. Denak berdin ginen. Eguberriz oinez jausten ginen gauerdikomezarat, berdin euripean, denok orroaz kantuz. Ez da gehiago ikusten. Ederra zen. Mezatik landa, supazterrean biltzen ginen, eta amak egin bixkotxa zati bat eta gaztainak jaten genituen.

Oparirik ez, bai?

Mandarina bat eta txokolate puska bat ukaiten genuen. Behin, izugarriko aro txarra izan zen batez, zapatak utzi genituen beti bezala supazterrean, baina biharamunean hutsik atzeman genituen. Amak erran zidan: «Gaixo haurra! Ez duna ikusten zer denbora txarra den? Ez da nehondik jiten ahal izan». Horrela zen.

Ohea partekatzen zenuena?

Bai, ahal bezala. Ez zen bainu gelarik. Pertza ur beroz betetzen zen, eta denok han ikuzten gintuzten, gerlan bagina bezala. Oroit naiz alemanak jiten zirela.

Baina arras gazte zinen, ez?

Bai, baina oroit naiz. Etxola bazuten mugan, eta biziki maite nituen, gastatzen baikintuzten: esne xerka heldu ziren, eta txokolatea eta lursagarrak ematen zizkiguten.

Auto gabeko Bankan bizi zinen.

Hogei urtetan, Baionarat jin nintzen, eta 4L bat erosi nuen. Bankarrek zioten aberatsa nintzela!

Mediku beharretan zinetelarik, nola moldatzen zineten?

Ez naiz medikuarenean izan egundaino! Alta, gure aitatxi zaharrarentzat behar genuen usu. Halakoetan, zaldia eramaten genuen eskolarat. Banka zolatik deitzen zioten medikuari, Baigorritik jin zedin. Heltzen zelarik, errientsak bazekien utzi behar gintuela. Dufilho medikua zen. Zaldi gainera igaiten zen, eta guk kabestrutik segitzen genuen. Gure aita zena eritu zelarik, lau gizonek jautsi zuten branketan, Bankaraino. Handik, autoz eraman zuten. Egun horretan xuxen-xuxena, bidea egiten hasi ziren.

Ama alarguna maita.

Ahizpa zaharrena kabalez okupatzen zen, eta bigarrenak ama laguntzen zuen. Gu troxatuak izanak gara denak; hanka ez mugitzeko. Eskuz trikotatu izan ditut txoxa sokak.

Banka kanbiatu baita.

Biziki. Bideek eta tresnek ekarri dute kanbioa. Hala ere, atxiki ditu bere bizia eta gazteak. Ahurtraka bat lur baizik ez badute ere, atxikitzen dute. Plazer hartzen dut.

Argindarrak ez zuen argitzen.

Biziki berant jin zen, 15 urte nituelarik. Salda beti supazterrean egiten genuen, bai amak egiten zituen talo biziki on horiek ere, arto xuriarekin.

Arto xuria?

Bai, etxekoa. Mendian baikinen, amerikanoa ez zen ontsa joaten. Jendeak trukatzen zigun, maite baitzuen.

Ezin baratze gabe baratu.

Besteek baino berantago ereiten genuen, gainean baikinen. Tomateak ez ziren ontzen, eta piperrak ez jiten. Gerlan bezala ginen, baina ez genuen sekula sufritu. Gurina etxekoa genuen, eta amak etxeko xaboi ona egiten zuen. Bokata errautsarekin egiten zen: zurezko barrika handi batean sartzen genuen arropa, eta ura beroaraziz gainetik isurtzen, etengabe, egun osoan. Bi hilabetetarik egiten zen, dorpea zen; lehengo mihiseak lodiak ziren, azkarrak. Bestela, errekan garbitzen genituen eguneroko puskak. Baina ez zen usu arropaz kanbiatzen.

Arropak arraro ziren orduan, ez?

Batetik, igandekoa genuen; bestetik, eskolako mandarra, eta etxekoa. Nahiago izaten genuen mandarrak aitak erosten zizkigularik, kolore biziagoak hautatzen baitzituen. Amak, aldiz, ez zikintzeko gisan; ilunagoak! Bestela, larru arrasekoa zen aldatzen egun guziez, eta galtzoinak.

Zapata zaparradarik ere ez.

Zurezko eskalapoi apalak janzten genituen: kloskak; gainean oihalez zerratuak. Igandekoak armairu gainean atxikitzen zizkigun amak, beste gisaz ez baliatzeko.

Bestak nolakoak ziren?

Bi ostatu ziren garai hartan; orain bakar bat ere ez da. Haietako batean egiten nuen lan. Biziki besta politak ziren. Arratsetan dantzaldia genuen, akordeoilari batekin.

Nor zenuten? Galtxetaburu?

Bai. Eta bera aitzin, Donaixtiko [Nafarroa Beherea] Frantxoa Arrabit. Izugarri maite zuen jitea, gustatzen zen. Dantzan ari ginen.

Ez zena debekatua neskentzat?

Bai, neskak ez ginen libro dantzan aritzea, baina hitzartu ginen, eta denak batean hasi. Apeza gaitzitu zen, eta hilabete batez ez zigun komuniorik eman, eta ez gintuen mezan kantatzen utzi.

Kantaria baitzara?

Koruan ari ginen, bai. Seroretan bazen itsu bat kurtsoak ematen baitzizkigun. Alta, Baigorriko apezak gureari erran zion zer zituen manera horiek, kantaririk gabe ez zela fitsik egiten, eta aldaretik dei gintzan manatu zion. Geroztik ari izan ginen dantzan. Apez hura gogorra zen, moda zaharrekoa, eta guk obeditzen...

Bankatik Baionarat, nolaz?

Uso ehizarakoz jiten zen gure etxerat Marmouyet Baionako ostalerra. Langile bat falta zuela erran zuen, eta joan behar nintzela lanera. Desa auto batean jin zitzaidan xerka. Aisa jarri nintzen, nahikeria aski zen.

Herriminik ukan zenuena?

Bai, eta barne horietan hatsa eskas nuen: beti kanpoan usatua bainintzen! Etxekoak eta libertatea falta nituen. Kantua ere bai: amarekin kantuz aritzen ginen, izugarriko kantuak baitzekizkien. Udan: afal, eta etxe saihetsean jartzen ginen, eta, lehen kopla bota orduko, lehen auzoak, Musketenetik, arrapostua ematen zigun.

Cazenave txokolate lantegian ere ibili zinen.

Ostatuko langilea sendatu zen, eta hamar urtez aritu nintzen Cazenave etxean. Gustatu zait. Han ere etxeko anderea euskalduna baitzen. Anitz zen hori, gu euskaran haziak baikara. Frantsesez hitzik ez nekien eskolarat joatean.

Zigorrik pairatu duzua euskaraz aritzeagatik?

Puni ginen: lerroak idatzi behar genituen: «Je ne parlerai pas en basque» [ez naiz euskaraz mintzatuko]. Eta kanpoko tenorea kentzen ziguten euskaraz entzunez gero. Gutitan bazen ere, erietan erregelaz jotzen gintuzten. Sufritu genuen. Euskara sortzeko lengoaia dugu; ez da sekula ahanzten. Eta kontent naiz arra haur ttipi horiek baitakite. Orain euskara arra partitu da.

Denboraren martxak Bar Du Marchera igorri zintuen.

Kanbiatu nahi nuen, eta ene xerka jin ziren. Lehenik hamar urte egin ditut Xan Batita Bernatene nagusiarendako. Gero, eritu zenez, galdetu zidan nahi nuenetz erosi. Baietz erran nion, baina ez nuela ahalik, senarra langabezian nuenez ezin genuela mailegurik galdatu. Arranjatuko ginela erran zidan. Bordeles bat jin zen interesaturik, baina ez zion saldu. Hala, nagusiak berak mailegatu zidan! Xantza eta konfiantza ukan dut. Denak ontsa pasatu dira: errana baino lehen pagatu nion.

Aisa kudeatu duzu nagusi eta guraso izatea?

Ez naiz egundaino izan medikuarenean. Lanean ari izan naiz esperantzetan nintzelarik, azken egunera arte. Ez dut ukan sufrikariorik batere. Eta, bi egunen buruko, lanean nintzen berriz ere. Bi haurrendako berdin izan da. Ttipitik bortizki haziak izan gara: zola ontsa egina dugu!

Zertan aldatu da ostatua urte hauetan guzietan?

Orduan ez zen orain bezainbat jende. Eguerdian hogei bat apairu zerbitzatzen genituen. Arratsetan beti zerratu izan dugu, beti usaia bera xerkatu dugu guk ere.Goizean goizik irekitzen genuen, lauretan, merkatuko langileendako. Goizean jateko gehiago egiten genuen eguerdian baino.

Goiz guziez bazena merkaturik?

Handizkako saltzaileena zen, bai. Baina supermerkatuak irekitzearekin galdu zen; auzoa kanbiatu zen azkar. Gu ere egokitu ginen, eta berantago hasi ginen zabaltzen. Baina nik dut irekitzen beti, 06:30ean.

Nola kanbiatu da Baiona?

Azkar kanbiatu da. Lehen, familia bat zen Baiona. Zikin garbitzaileak ezagutu ditut behi eta orgekin!Lehen, nonahi ibiltzen ahal zinen autoz; orain, dena zerratua da, ezin da bizi.

Hiriko bestak, zertan dira aldatu?

Bi urtez gabe, hori zerbait da, izugarria. Nik betidanik maite izan ditut biziki. Disputa bat baldin bada, ni naute apelatzen oraino, errespetatzen bainaute. Badut larderia. Aski dut eri bat altxatzea. Lehen ez zen heste orenik: bestak bost egunez ez ziren gelditzen. Eta jendea ez zen zuri-gorriz beztitzen, baizik eta laneko arropa urdinez, xahakoa bizkarrean. Guk betetzen genien. Bestak Baiona Handian ziren bakarrik; Ttipian ez zen deusik. Poliki poliki, gure auzorat ere jin ziren.

Jendeak bere mozkinak ekarri eta zuk prestatzen zenituen, ez?

Bai, beren puskak ekartzen zituzten eta errearazten genizkien: arrautzak, piperrak... etxean zituztenak.

Baina zuen apairuak ere proposatzen zenituztena?

Bestalde gurea bagenuen: arrautza omeleta xingarrarekin eta patata frijituak, betidanik. Anitz horren bila heldu dira. Asetzen baitu!

Duela bi urteko bestetan buruhandia egin dizute.

Kontent naiz: bai eta ez. Bada erran-molde bat frantsesez: uros bizitzeko gorderik bizi behar dela... Denek ezagutzen naute...

Iheslari politikoak ezagutu zenituen, ez dea hala?

Biziki gisakoak ziren. Arrats guziez ostatu ingurua egiten zuten. Oroit naiz Monbarreko lau hilak lurrean... 18:30ean. Terriblea. Bistaz ezagutzen nituen. Giroa ez zen goxoa; beldur zen jendea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.