Katalunia

Puigdemont, hautagai izateko prest: «Kanpaina mundu osotik egin daiteke»

Zerrenda batuaren alde egin du PDECat alderdiak. ERCk eta CUPek gaur aurkeztuko dituzte aukerak. ANCk «ekintza batua» eskatu du

Marta Pascal PDECateko koordinatzaile nagusia, atzo. QUIQUE GARCIA/EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2017ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Denbora gutxi dago, eta erabakia konplexua da, baina egoeraren larriak eginahal berezia eskatzen du, zer esanik ez herenegun Oriol Junqueras presidenteordea eta zazpi kontseilari espetxean sartu zituztenetik. 155.etik eratorritako hauteskundeetarako zerrenda batua aztertzen ari zirela erabaki zuen Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak kartzelara bidaltzea, eta are premiazkoagoa gertatu da atzotik aterki zabal baten azpian denak batera joatea. Ez dira-eta hauteskunde autonomiko batzuk. Alderdiak bi formula ari dira aztertzen nagusiki, eta horretan ari direla iritsi da Carles Puigdemont presidentearen iragarpena: prest dago hautagai izateko, atzerritik bada ere. «Kanpaina mundu osotik egin daiteke, mundu globalizatu batean bizi garelako».

RTBF Belgikako telebista kateari emandako elkarrizketan egin zuen atzo iragarpena, hain justu PDECatek alderdiarentzat formula egokiena zein den azaldu eta gutxira: «Herri zerrenda handi bat egiteko unea da», Marta Pascal alderdiaren koordinatzaile nagusiaren hitzetan. Puigdemontek Bruselan eman zuen prentsaurrekoan iragarri zuen gobernu legitimoari jarraipena «askatasunean eta segurtasunez» emango ziola, berarekin batera joandako kontseilariekin. Pascalek ere zabalik utzi zuen atzerrian edota kartzelan dauden gobernukideek zerrenda osatzeko aukera, «eurek nahi badute».

Lehenik eta behin, zerrenda batua egin edo ez erabaki beharko dute, irailaren 7a baino lehen, eta hasi dira alderdiak beren jarrerak azaltzen. PDECatek egin ditu orain arte zehaztapen gehien. Fronte bakarra egin behar da, eta gutxieneko hauek izan behar ditu: Rajoyren politikaren kontra egitea, preso politikoen askatasuna eskatzea, eta instituzioak defendatzea.

ERCk, berriz, gaur dauka bilera erabakitzeko, baina aurretik emandako mezuetan estrategia partekatzearen alde agertu dira, zerrenda beharrean. Junquerasen iritzi bat argitaratu zuen atzo Ara egunkariak, eta han azaldu ditu bere gogoetak. «Nork bere formula aukera dezala. Alderdi bakoitza saia dadila emaitza ahalik eta onena lortzen; ekintza batasuna eta estrategia batua izan daitezela batzen gaituena». Joan Tarda diputatuak ere bide beretik jo du, baina zerrenda batuarena ere aukeren artean dagoela esan du.

CUPek ere gaur aztertuko du egoera, nahiz eta azaroaren 11ko asteburuan batzarrean erabakiko duen nola jokatu. Gaurko asmoa da koalizioak aurkezteko data amaitu aurretik, izena emateko aukera jartzea mahai gainean. Modu horretara, militanteek erabakitzerako bi aukerak lituzkete: parte hartu edo ez. Bestela, nekez izango lukete aurkezteko aukera.

Podem, eskuak lotuta

Podemeko hainbat buruk ere nahi lukete zerrenda batuaz eztabaidatu, Albano Dante-Fachin idazkari nagusiak esan duenez, baina Madrildik ez diote uzten. Dante Fachinek nahi du Podemosek erretira dezala barne galdeketa —bere gainetik jarri da—, izan ere, asteartera arte dute kideek epea erabakitzeko Catalunya en Comurekin joan edo ez. Ada Colau eta Xavier Domenechek gidaturik, ICV, Barcelona en Comu eta Equo eta EUiA daude, eta Podemos zentralak nahi du haiekin joatea Kataluniako adarra —duela hilabete batzuk baztertu zuen Podemek aukera—. Dante Fachinek uste du asteartera bitarteko bozketa horrek eskuak lotzen dizkiola gainerako alderdiekin negoziatzeko. Dante Fachinek fronte zabal baten alde egin du egunotan. Iglesiasek, berriz, Katalunian batzarra egingo dutela iragarri zuen atzo, zuzendaritza aldatzeko, baldin eta Dante Fachinen aldeko hautua ateratzen ez bazen.

Catalunya en Comuk, berriz, aukera aztertuko du, baina «oso zaila» iruditzen zaio independentistekin bat egitea, Joan Josep Nuet (EUia) Legebiltzarreko Mahaiko kideak azaldu duenez: «Ez gara 155ekoekin egongo, baina ezin dira errepikatu iraganeko akats larriak». Azken hitza afiliatuek dutela gogoratu du. Domenechek atxiloketen aurreko egunean eskatu zuen bi puntu eraman ditzatela alderdi subiranistek beren programetan: Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezentzat amnistia, eta 155a bertan behera uztea.

ANC eta Omniumek, berriz, «ekintza batua» eskatu diete alderdiei. Orain arte zerrenda batua eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.