Txinak urte hasieratik muga zergak murriztuko dizkie hainbat inportaziori

Herrialdeak hazkundea bultzatu nahi du, prezioak merkatuz. 850etik gora produktuk izango dituzte zerga txikiagoak, tartean txerriki izoztua

Irune Lasa.
2019ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Elikagaiak, kontsumo gaiak, smartphone-entzako osagaiak... Guztira 859 produktuk muga zerga txikiagoak ordainduko dituzte urte hasieratik Txinako merkatuan sartzeko. 2018ko Txinaren inportazioen datuei begira, neurriak 350.000 milioi euroren ondasunei eragingo die.

Txerriki izoztua da Txinako merkatura merkeago iritsiko den elikagaietako bat. Txerrikia oinarrizko jakia da txinatarren dietan, baina azken hilabeteetan txerri izurri afrikarrak milioika txerri hil ditu herrialdean, eta txerriki eskasia nozitzen ari dira. Oinarrizko elikagai garestiagoek inflazioa handitu dute Asiako herrialdean. Ahuakate izoztuari eta laranja zuku izoztuari ere muga zergak apaldu dizkiete.

Txinako Finantza Ministerioak gaur plazaratu du zerrenda, eta, haren inguruko analisten arabera, erabakiaren xedea herrialdeko ekonomia are gehiago «zabaltzea» da, merkataritza askearen alde egiten jarraitzen dutela erakustea. AEBekin gerra komertzialean dago oraindik Txina, nahiz eta orain bi aste nolabaiteko su-eten bat lortu zuen.

Barne kontsumoa

Barne kontsumoa suspertzeko modu bat ere izan daiteke hainbat inportaziori muga zerga txikitzea. Besteak beste, Donald Trumpen AEBek bultzatutako zigorrak asko igarri ditu Txinako ekonomiak. Hazkunde erritmoa datorren urtean %6ra edo beherago apalduko dela aurreikusten da, eta hazkunde hori pizteko era bat izan daiteke kontsumogaiak merkatzea.

Erdieroaleak, memoria txipak eta smartphone-entzako osagaiak ere badaude zerga txikiagokoen zerrendan. Asmarentzako sendagaiei eta diabetesarentzako botikak egiteko lehengaiei, berriz, hutseko tasa ezarriko diete.

Beste produktuei muga zerga zenbat apalduko zaien ez du argitu Txinako Gobernuak, baina hori bai, zehaztu du haien jatorriak izango duela eragina; izan ere, funtsean, atzo aurkeztutako zerrendaren atzean arrazoi politikoak eta diplomatikoak ere badaude. Munduko Merkataritza Erakundeko herrialde guztietatik inportatutako ondasunek izango dituzte muga zerga txikiagoak, baina abantaila handiagoa izango dute Txinarekin merkataritza libreko itunak dituzten herrialdeetako gaiek. Taiwanekin harreman diplomatikoak aldatu dituzten Erdialdeko Amerikako eta Ozeaniako zenbait herrialde sarituko ditu horrela Txinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.