Iker Salgado. Santurtziko presidentea

«Zuzendaritzara iritsi ginenerako, taldearen %85 ez zegoen»

Santurtziren egoera administratibo eta ekonomikoa «zaila» zela ikusita, Salgadok klubeko gidaritza hartzea erabaki du, «zulotik ateratzeko» xedez. Argi du luze gaberako helburua: «TKEn plaza ziurtatzea».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Atzo zortzi, Santurtziko presidente kargua hartu zuen Iker Salgadok (Erandio, Bizkaia, 1983), eta ordutik bulegoko eta taldea osatzeko lanetan dihardu buru-belarri. «Lan zaila izango dugu aurretik, baina, guztien gainetik, ilusioa eta gogoa dugu».

Errutina berrira ohitu al zara dagoeneko?

Egia esan, ez. Aurreko igandetik Santurtziko zale nahiz arraunlari ohiengandik zorion eta babes mezuak jasotzen ari naiz etengabe. Oraindik kargu honetara egokitzen ari naiz.

Nolatan aurkeztu zinen presidente izateko?

Santurtziko klubari ez nion iparrorratzik ikusten, ezta lemazain finkorik ere. Azken urteetan, presidente batek baino gehiagok eman dute dimisioa. Egoera ekonomiko eta finantzarioa zaila zen, eta bistakoa zen berehalako neurriak ez baziren hartzen, klubak modurik okerrenean amaituko zuela. Sotera-n urte askoan aritu naiz arraunean, eta, horregatik guztiagatik, elkartearen gidaritza hartzeko betebehar moralean ikusi nuen neure burua.

Nolakoak izan dira lehen egunak?

Eskuartean inongo informaziorik eduki gabe sartu ginen klubera. Elkartean zegoen errealitatea etengabe ikertu behar izan dugu, eta egunero informazioa heldu zaigu belarrira, inoiz entzun gabekoa eta gure ustearekin bat ez datorrena. Lehen egunak oso gogorrak izan dira. Edonola ere, egoerari aurre egiten ari gatzaizkio.

Zer aurkitu duzu klubeko ateak ireki dituzunean?

Batetik, erabat suntsituta zegoen arlo administratibo eta ekonomikoarekin egin dut topo, baita hobetzeko behar handia duen eta aurreko agintaldietan erabat zalantzazkoa izan den kudeaketarekin ere. Sakoneko lanketa egitea eskatzen du horrek, xehetasun guztiak kontuan hartuta.

Eta kirol arloan?

Harrobiko arraunlari gutxi batzuekin topatu naiz. Haiek izan dira egoera on eta txarretan klubean zintzoki egon direnak.

Eta zer gertatu da harrobikoak ez direnekin?

Gu zuzendaritzara iritsi ginenerako, taldearen %85 ez zegoen, %90 ez esatearren. Korrika joan behar izan dugu taldea berregitera.

Iker Zabala Santurtzitik joateak izan du taldean eraginik?

Iker Santurtzin egon den urteetan taldeari sekulako konfiantza eman dio. Langile fina da Iker, eta ontziari egonkortasun handia eman dio. Argi dago Iker Santurtzitik joan izanak taldea kolokan jarri duela, baina horrekin ez dut esan nahi zuzendaritza berriari min egin dionik. Hori bai, zalantzarik gabe, denoi gustatuko litzaiguke hemen segitzea.

Aukerarik edota bermerik bazegoen Zabala Santurtziko entrenatzaile izaten jarraitzeko?

Nik dakidanagatik, Ikerrek irail amaieran orduko zuzendaritzarekin hitz egin zuen, haren eta taldearen etorkizuna zehazteko asmoz, baina gertatu behar ez zena gertatu da. Ikerrekin gauzak beste modu batera egingo balira, ziur nago hemen jarraituko zuela.

Datorren denboraldiari begira, gaur-gaurkoz, zenbat arraunlari dituzue?

Hiruzpalau arraunlariren erantzunaren zain, ziur gaude hemeretzi arraunlari izango ditugula. Uste dut hemendik gutxira berme guztiak izango ditugula trainerua TKEn [Traineru Kluben Elkartea] lehiatu ahal izateko.

Ondo bidean, Mikel Portularrume Paorra-k hartuko du Sotera-ren aginte makila.

Hala da, bai. Mikelekin akordioa ia itxita daukagu, baina lauzpabost arraunlariren baiezkoa jasotzeko esperoan gaude. Ondo bidean, hurrengo astean egingo dugu ofizial. Gazte mailetatik, Mikel eta biok urte askoan aritu gara arraunean ontzi ezberdinetan. 2018an, batera aritu ginen Sotera-n. Gizon ona da, eta, batez ere, egitasmo berri hau aurrera eramateko sekulako ilusioa du.

Portularrumek ez du esperientziarik entrenatzaile moduan. Horrek nolabait kezkatzen zaitu?

Inolaz ere ez! Jende berriarekin osatutako proiektu batean sinesten dut. Ni inoiz ez naiz elkarte bateko presidentea izan, eta Mikel ere ez da prestatzaile gisa aritu. Aurretik ere, Iker Zabalak Santurtzin izan zuen lehendabiziko esperientzia teknikari moduan. Beraz, zergatik ez diot Mikeli entrenatzaile izateko aukera emango? Merezi du.

Hemendik aurrera, zer helburu ditu zu buru duen zuzendaritzak?

Zalantzaz jositako etorkizuna dugu aurretik. Agerikoa da ez dela posible izango azken denboraldietan egindako balentriak errepikatzea. Gure asmoa hemendik urtebetera, bira edo hirura taldea ahalik eta gorenera itzultzea izango da, baina betiere modu ordenatuan lan eginez. Luze gaberako helburua TKEn plaza ziurtatzea izango da. Hortik aurrera, haziz joango gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.