Alemaniako hauteskundeak

Austeritatearen ondarea

Ilunak ilun, azken urteak oparoak izan dira Alemaniako ekonomiarentzat. Baina Merkelek oroitzapen gazi-gozoa utziko du EBko hegoaldeko herrialdeetan.

Irune Lasa.
2021eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Koalizio gobernurako negoziazioak zenbat luzatzen diren, oraindik ikusteko dago ez ote duen berak emango urte amaierako telebistako hitzaldia, baina Angela Merkelen agintaldiaren adioa sinbolizatzen dute hauteskundeok. Kantziler gisa egindako hamasei urteek ikuspegi ekonomikotik zer utzi duten, Merkelen ondarea hor nolakoa den laburbiltzea ez da erraza.

Etxean, Merkel etxeko lanik gogorrenak eginda zeudela iritsi zen kantziler aulkira: SPDko Gerhard Schroederren Agenda 2010ak jada ezarriak zituen zerga jaitsierak, lan erreformak eta ongizate murrizketak. Txina erosle nagusien artean, esportazioak ziztu bizian, langabezia behera, krisiak krisi, Alemaniako barne produktu gordina %34 hazi da hamasei urteko tartean.

Urte gozoak izango ziren Alemaniarentzat, baina alemaniar askorentzat egoerak okerrera egin du Merkelen agintaldian. Soldata txikiak dituzte hainbat sektorek, hala nola osasungintzak. Hortik dator, esaterako, Olaf Scholz hautagai sozialdemokrataren proposamen izarretako bat: orduko hamabi euroko gutxieneko soldata.

Desberdintasun sozialak ere hor daude; bost beharginetik batek behin-behineko enpleguak ditu, eta hamahiru milioi alemaniar bizi dira pobrezian, tartean hiru milioi haur.

Oraindik hor dago ere Mendebaldeko eta Ekialdeko Alemaniaren arteko arrakala. Ekialdeko Alemania zenaren BPG per capita mendebaldekoaren hiru laurdena da oraindik.

Europako Batasunean, berriz, eurobonuak sekula ez zituela onartuko esan zuen Angela Merkelek azkenean iritzi aldatu zuen, eta pandemiaren shock-ak behartuta zor bateratua onetsi zuen. Azken krisi honetan austeritatea ez zen irtenbidea; izatekotan, CPVID-19ari aurre egiteko gobernuen ahuleziaren sorburuetako bat izan da austeritatea.

Ondare hori hor utziko du Merkelek. 2008. urtean piztutako finantza krisian aurrena, eta hiru urte geroago euroguneko zorraren krisian ondoren, Batasuneko hegoaldeko herrialdeekin Alemaniak erakutsitako aurpegia. Zehazki bi ziren austeritatearen aurpegi alemaniarrak, Angela Merkelena bat, eta urte haietako Finantza ministro Wolfgang Schaueble-rena bestea; iparraldeko inurri langile aurrezleak lezioa ematen hegoaldeko txitxar festazale xahutzaileei.Alemaniar askoren pentsamoldea zegoen hor atzean, ahazten duena zenbat onura lortzen dituen herrialdeak Europako Batasunetik.

Krisitik krisira, Merkel iritziz aldatuz joan da pixkanaka, erreskateekin aurrena, banku batasunarekin ondoren, garai kritikoan Mario Draghi babesten, eta gero Grezia eurogunean mantentzen Schauebleren iritziaren kontra. Eta, azkenean, zor bateratu bat babestera ere iritsi da. Beste kontu bat da Merkelena adina aldatu den alemaniarren iritzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.