ana galarraga aiestaran
ARGI ALDIAN

Nork bere burua, gizonek gehiago

2016ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Ez da guztiz ezohikoa norberak aurretik egin duen artikulu bat aipatzea aldizkari espezializatu bateko artikulu batean. Hori bai, jokabide hori askoz ere ohikoagoa da egilea gizonezkoa denean, emakumezkoa denean baino. Ondorio horretara iritsi dira Standford Unibertsitateko soziologoak, 1979 eta 2011 artean JSTOR liburutegi digitalean gordetako 1,5 milioi artikulu aztertu ondoren. Artikulu guztietatik%10 ingurutan aipatzen du egileak aurretik egindako beste lanen bat. Arloei erreparatuta, ehunekoa handiagoa da Ekologian eta Eboluzioan, Soziologian eta Biologia molekularrean. Aldiz, arraroagoa da Historian eta Ikasketa Klasikoetan.

Azterketa egin dutenen arabera, zenbait kasutan normala da norberak bere lana aipatzea, esaterako, artikulua beste inork landu ez duen gai bati buruzkoa denean. Baina deigarria iruditu zaie gizonezkoen eta emakumezkoen artean dagoen aldea: norberaren lana aipatzen zuten lautik hiru gizonezkoak ziren. Gainera, azken urteotan tartea handitzen ari da, egileen artean emakumezkoen ehunekoa gero eta handiagoa den arren.

Ikerketa egin duten soziologoek hainbat hipotesi eman dituzte diferentzia hori azaltzeko. Ekoizpenean dagoen aldea izan daiteke arrazoietako bat: ezinezkoa da egin ez den lan bat aipatzea. Alabaina, badira bestelako arrazoiak ere: gizonezkoek beren burua emakumezkoek baino hobeto baloratzen dutela, adibidez; edo ingurukoek hobeto hartzea gizon batek bere lana aipatzea, eta ez, ordea, andre batek. Erantzun garbia ez badute ere, behintzat datuak mahai gainean jarri dituzte, eta eztabaida abiatu dute. Agian,beste ikerketa bat egin beharko da kontua argitzeko, eta litekeena da aurretik egindako hau aipatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.