SASKI DA!

Ia hobe ez joatea, alai gaitezen

Danel Agirre -

2019ko apirilak 16
Aukeratu zure aldartea. Hobe ia ez joatea, CSKAk hamarkada osoa darama final-laurdenetako lehiarik etxean galdu gabe. Egin kontu, ez du sekula gisa horretako kanporaketa batean kale egin. Marka da, gero: 2005ko Lauko Finaletik, Baskonia ez zaio Moskun gailendu. Eta hori gutxi balitz bezala, ordutik Gasteizen jokatu dituzten norgehiagoken erdiak baino gehiago irabazi dituzte errusiarrek. Dimitris Itudisek, hori bai, hilabete darama kopetilun samar. Haren taldeari trinkotasun falta antzeman zaio. Azken bost garaipenetan, ez du lortu zortzi puntu baino alde handiagorik eskuratzerik, eta Panathinaikosek mendean hartu zuen Megasport Arenan duela hilabete eskas. Ezer jokoan ez zuen erdipurdiko CSKA, hala eta guztiz ere, motibazioz gainezka zegoen Baskoniari nagusitu zitzaion duela hamar egun. Alai gaitezen, baina, laurden bakarra irabazi zuten-eta errusiarrek. Zein, eta azkenekoa izan zen ordea, deskalabrurik handienetik ere mila amarrurekin onik irteteko beti erabili ohi duten horixe. Inoiz gertatu gabekoaren bila doa Baskonia, ez da fede handirik nabari giroan. Edo bai: saskibaloi talde txukun askoa eraiki du beste behin Velimir Perasovicek, eta ez luke ezeren beldurrik izan beharrik. Has dadila behingoz, ze ariketa honek ez du ez amaierarik ez inongo zentzurik.

Azken laurdenean, Hines. Azken zortzi denboralditatik seietan, CSKAk inor baino puntu gehiago sartu ditu Euroligan. Aurten, bigarren batezbestekorik onenarekin amaitu du sasoi erregularra, 86,87 hain zuzen ere (Baskoniarena 81,87 da). Historikoki, partidei erasoko erritmoarekin eustea lortu izan duen talde bakarra izan da Europako elitean (Pablo Lasoren Real Madrilek ere lortu zuenetik, ohikoagoa bilakatu da). Saskiratze trukeak pozarren onartu, eta defentsa gradualki estutuz joan ohi da CSKA; bidenabar, epaileen irizpidea zuhur irakurriz. Konturatzen denerako, baloia lehengo moduan mugitu ezinik aurkitu ohi da aurkaria, zer gertatu den asmatu ezinik. Ohikoa da errusiarren aurka galdu, eta irabazteko aukera aparta harrika bota izanaren susmoarekin geratzea (Baskoniari usu gertatu zaio, azkenekoz duela aste eta erdi). Itudisek taldeko piezarik garrantzitsuena -Kyle Hines- txanpa erabakagarri horretarako fresko mantendu nahi izaten du. Euroligaren historiako defendatzailerik onena da akaso oinetakorik gabe 1,95 metro ez den pibota. Bat-batekoan edozein jokalari itotzeko gai da, izan antolatzailea edo hogei zentimetro kentzen dizkion dorrea. Jabetzen bukaerako blokeoetan bikoteak automatikoki aldatzea ahalbidetzen dio horrek CSKAri, eta, arerioaren beste jokalariren baten abantaila eskuratu badu, beti gorde ohi du estra bat Hinesek azken laguntza eskaintzeko. 33. urtera bidean, duela hiru urte baino sei minutu gutxiago jokatzen ari da. Baina lehen eta bigarren laurdenekoak dira aurreztu ohi dituen esfortzu horiek, ez laugarrengokoak.

Iritsiko da betiko une hori. Gasteizko Lauko Finala jokatzeko, CSKAren oldarraldiak behar den moduan kudeatzen ikasi beharko du behingoz Baskoniak. Itudisek arbitroei markaketa onartezina egingo die, Hackett, Kurbanov eta Vorontsevitxek eskuak barra-barra erabiliko dituzte zaintzan, eta bere onetik irten gabe erantzun beharko dute gasteiztarrek. Are zailagoa: azken laurdenera irabazteko aukerarekin ailegatuz gero, benetako ausardiarekin eraso egiten jarraitu ere bai. Amarruekin uzkurtu gabe, liga erregularreko azkenekoan ez bezala.

Arina eta labainkorra. Azken sasoietako CSKAren bi izarrak, Nando de Colo eta Sergio Rodriguez, hasi dira apurka ekarpena murrizten, adina dela medio. Aurtengo errusiarren saskiratzaile nagusiak bi hegaleko estatubatuar dira: Cory Higgins eta Will Clyburn. Jokalari sailkaezina da Clyburn, hegaleko batek zaintzeko atletikoegia eta pibot batekin parekatzeko biziegia. Duela bi aste Voigtmann martirizatzea lortu zuen azken laurdenean. Alemaniarra zoragarri ari da, eta Velimir Perasovici zoratzen antzematen zaio bere jardunarekin, baina Clyburnek eragindako desorekak nola kudeatu asmatu beharko du Baskoniak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna