Tabakalerako oihana

Carlos Casas zinemagilearen 'Mutia' soinu instalazioak oihaneko landa grabazioak eraman ditu Donostiara

Carlos Casas, atzo, Tabakalerako eskailera nagusiaren ondoan. TABAKALERA.
mikel lizarralde
Donostia
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Tabakalerako eskailera nagusira iritsi, eta oihan imajinario batean entzun litezkeen soinuek inguratzen dute bisitaria: intsektuek sortutakoek, ur jauzi batek eragindakoek, atzeman ezin direnek... Sri Lankako oihan batean barneratzeko aukera ematen du Carlos Casas zinemagile eta artistak (Bartzelona, 1974) Donostiako kultura garaikideko zentroaren Scala proiekturako beren-beregi prestatutako Mutia soinu instalazioak. Urriaren 23ra arte egongo da entzungai.

Ikus-entzunezko proiektu zabalago baten parte da Mutia. Hain zuzen ere, Casases Cemetery (2019) filmaren prestaketa fasean jasotako soinu artxiboen bilduma da, eta hamahiru ordu irauten du orotara. Artistak landa grabazioak egin zituen Sri Lankako hainbat eremutan, Cemetery-ren oinarrian dagoen elefanteen hilerriaren mitoa pantailara eramateko orduan. Hala, soinu instalazioan biltzen dira sentikortasun handiko mikrofonoekin eta urpean erabilitako hidrofonoekin grabatutako soinuak, baina baita oihanaren, eta, zehazki, elefanteen hilerriaren iruditeriari lotutako filmen soinu zatiak ere —Tarzan, Simbad...—. Cemetery eman zuten aurrez Tabakaleran, eta, orain, Mutia-rekin, «zikloa» amaitu du Casasek: «Proiektuak garatu egiten dira, eta bizitza berriak dituzte».

Oihana Tabakalerara eramateko ahalegin horretan, hamahiru orduko soinu instalazioa prestatu du Casasek, hain zuzen ere, Donostiako zentroa publikoarentzat irekita egoten den ordu kopurua. Izan ere, grabazioak egin ziren ordu berean emango dituzte Donostian, nolabaiteko transposizio zuzen bat eginez oihanetik arte zentrora.

Mutia oihanaren oihartzunak zeharkatzen zituen alegiazko irratsaio bat bezala sortu zuen lehendabizi, eta orain gunera egokitutako bertsio bat ekarri du Tabakalerara. Horrela, arte zentroko bisitarien datuak ere hartu ditu kontuan, une jakin bakoitzeko erabiltzaileen fluxura egokitzeko bere lana. Horrez gain, solairu bakoitzean entzuten dituen soinuak ere bereizi ditu.

Hori modu grafikoan ere erakutsi nahi izan du beheko solairuko horma batean eskegitako partitura baten bitartez. Bertan azaltzen dira, orduz ordu, instalazioak biltzen dituen soinuen irudikapen grafikoak: puntu, marra eta bestelako elementuak.

Scalaren barruan aurkeztutako bosgarren pieza da Mutia. Aurretik, Pauline Oliverosen, Niño de Elcheren, Maialen Lujanbioren eta Juan Perez Agirregoikoaren lanak izan dira entzungai Tabakaleran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.